Euskal Herriko txokoak. Ezpeleta

Hauts gorriaren uhinean

Lapurdi garaian kokaturik, ezpela zuen jatorri, baina, azken urteotan, piper gorriaren uztak hats berria eman dio tokiko ekonomiari.

Ezaguna da Ezpeletako piperra. Udan, nonahi jartzen dituzte piper sortak zintzilik, lehortzeko. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Ezpeleta
2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bi mila biztanle inguru dituen herria da Ezpeleta, baina haren ospea anitzez hedatuagoa da. Frantziako sukaldari handiek goraipatzen dute Ezpeletako piperra, eta nahiz eta Frantziar gehienek Ezpeleta non dagoen jakin ez, ez da izen arrotza frantses belarrietan. Ospe horrek tokia hartzen du herrian, eta baita kolorea eman ezker-eskuin salmentarako zintzilik dauden piper sorten bidez. Uda aldean nagusiki, piper sortak murruetan ezartzen baitituzte idortzera, etxeen kolore zuriari bizia emanez.

Eremuan ez da herri handia, doi-doi heltzen baita 27 kilometro koadrora. Baina historiak aztarna luzea erakusten du: Ezpeletako baroien jauregia, horren lekuko. Historia zaharren gurpilean altxatu zituzten murruen artean dago herriko etxea. Tontor batean eraiki zuten, eta, oraindik ere, bertatik zaintzen ditu inguruko mendi eta zelaiak, baita euskal estiloan eraikiak dauden etxeak ere. Gibelean dago plaza, ostiralero herritar ugari eta baita turista anitz erakartzen dituen bilgunea, tarteka hainbat ekimen sustatzeko eta kontzertuak egiteko baliatzen den gela.

Merkatutik herriaren muinera daraman bidearen alde batera dago Dospi ostatua. Errugbilari ospetsuak irekitako ostatu horretan biltzen dira kirolzale ugari; baita euskaltzale ugari ere. Andde Darraidou auzapez izan zelarik, euskararen eta euskal nortasunaren aldeko defentsa sutsua hartu zuen Ezpeletak, eta oldar hori nabarmena da herrian, seinaleetatik hasita. Euskararen aldeko hizkuntza politikak tokia du egunero bizian.

Herri barnean, etxeek pasabide hertsia uzten diote errepideari. Saihesbidea egin zenetik, autoek ez dute herria itotzen, eta oinezkoak dira egiazko protagonistak. Eta horien ondoan, turistak. Haien etengabeko joan-jinek suspertzen dute herria. Haiek hartzeko ostatuak, saltegiak eta izen handia duten jatetxeak ere bai.

Sor-markak eta euskal labelak ez dira azaleko zerbait Ezpeletan. Euskal izaerari atxikimendu handia diote. Etxeen koloreetan uztartzen diren zuri, berde eta gorria batetik. Eta saltegietan, askotariko euskal ekoizpenak: piperra, eztia, gasna, erreximenta eta etxeko ogia. Laborantza eremuan dago kokaturik; Uztaritze eta Larresoro iparraldera; Itsasu ekialdera; Ainhoa eta Zuraide mendebaldera; eta Pirinioak hegoaldera, Nafarroari buruz.

Piper gorriak eman dion ospeak eragina du herriko eta inguruetako jardun ekonomikoan. Irudi hori begi bistakoa da herriko karriketan murgildu nahi duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA