Haziak lasaigarri

BERRIAk gari eta izpiliku haziz egindako zakuak jarriko ditu salgai asteartetik aurrera. Hotza eta beroa emateko balio dute, eta erabilera terapeutikoa dute.

BERRIA.
ane insausti barandiaran
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Tripako mina, hanturak, buruko mina, kolpeak, hilekoaren mina, bihurrituak... min horiek eta beste zenbait leuntzeko balio dezakete haziz beteriko zaku termikoek. Naturalak dira, eta jende askok erabiltzen ditu gaur egun. Datorren astetik aurrera, izpiliku eta gari haziz Euskal Herrian bertan sortutakoak egongo dira Berria Dendan salgai. Lau diseinu koloretsu izango dira aukeran.


Bi modutara erabil daitezke BERRIAren zaku termikoak: batetik, mikrouhin labean bi minutuz berotuta, beroa jartzeko balio dute, eta, bestetik, izozkailuan bi orduz hozten eduki ondoren, hotza jartzeko. Izan ere, erabilera terapeutikoa eta lasaigarria izan dezaten pentsatuta daude.

Baina zergatik dira zakuak lasaigarriak? «Berotu egiten duzulako. Goputzari berotasuna ukendu batekin eman beharrean, zaku batekin ematen diozu. Zaku horiek ez dute izaten belar antiinflamatoriorik, baina, halere, lasaitu egiten dute», azaldu du Jone Etxeberria Andoaingo (Gipuzkoa) Xixori belar dendako langileak.

Horregatik ditu zakuak, hain zuzen ere, izpiliku haziak: hazi lasaigarria delako. «Izpilikua lasaigarria da berez. Orokorrean, halako hazi zakuek, berotzen direnean, goxatu edo lasaitu egiten dute. Eta, izpilikua daukatenean, pixka bat gehiago», adierazi du.

Eta noiz komeni da hotza jartzeko erabiltzea, eta noiz beroa jartzeko? Horretarako gomendioak eman ditu belar dendako langileak: «Beroa erabiltzen da, gehienbat, lunbalgia daukazunean, gerrian jartzeko; edo artrosia, higatzeak, lepoko mina... Hotza, berriz, gehiago erabiltzen da bihurritu bat daukazunean, edo belauneko ebakuntza bat egin ondoren. Kasu horretan, izozkailuan sartu beharko da, eta hotza jarri». Hotza ere antiinflamatorioa baita.

Ekologikoak dira zakuak, naturalak, eta antzeko eragin edo onurak sortzen dituzten beste hainbat objektu baino seguruagoak: manta elektrikoak baino gehiago, esate baterako. Hori bai, Etxeberriak argitu du, lagungarriak izan daitezkeen arren, zakuek ez dutela inor guztiz sendatuko: «Sendatu-sendatu ez zaitu egingo, baina zertxobait lasaitu, bai».

Erabileraren gorakada

Belar dendan horrelako zaku ugari saltzen direla esan du Etxeberriak: «Azken urteetan, nabaritu dugu gorakada. Dezente saltzen ditugu zakuak; jendeak gustuko ditu». Minak lasaitzeko baliagarriak diren arren, jendeak hankak goxatzeko ere erabiltzen ditu, batez ere neguan, berotu eta oinetan jarriz.

BERRIA egunkariko Aritz Paredes diseinatzaileak sortu ditu diseinuen irudiak, eta horietako bakoitzak naturako elementu bati egiten dio erreferentzia: urari, suari, aireari eta lurrari, hain zuzen ere. Zakuak egiteaz, berriz, Lesakako (Nafarroa) Oninart komunikazio enpresa arduratu da: poliester sublimatuz eginak daude, eskuz, eta kilo bat pisatzen dute.

Zakuak datorren asteartetik aurrera egongo dira salgai Berria Dendan. Epemugarik gabe egongo da eskaria egiteko aukera, 22'5 euroan BERRIAlagunak direnentzat, eta 25 euroan BERRIAlagunak ez direnentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.