ETB2ko Héroes telesailaren estreinaldia gehien ikusi zen saioa izan zen bere ordutegian igandean (22:00). 187.000 ikus-entzulek jarraitu zuten aurreneko atala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%20,3ko kuota). Bigarren atalak 174.000 ikus-entzule izan zituen (%23) eta hirugarrenak 161.000 (%27,4). ETB1en, berriz, Pilotari telesailaren bigarren atalak 31.000 ikus-entzule izan zituen (%3,4), aurreneko astean baino 6.000 ikus-entzule gehiago (%2,9). Eguneko emankizun ikusiena Tele5ko Escenas de matrimonio izan zen: 223.000 ikus-entzule (%24,7).
Iraila osoko datuei dagokienez, ETB1ek %3,9ko batez bestekoa izan du, eta ETB2k %14,1ekoa. Iazko irailean, euskarazko kateak %3,8ko audientzia izan zuen, eta gaztelaniazkoak %15ekoa. Abuztuan asko hazi ziren bi kateak, eta hilabete horietako datuekin alderatuz, zortzi hamarreko galdu ditu ETB1ek, eta puntu bat eta zazpi hamarreko ETB2k.
Tele5k hiru puntu irabazi ditu EAEn azken hilean (%25,4). Bigarrenari, Antena3i, 11 puntu eta hamarreko bat ateratzen dizkio.
ANTENA3 BEHERA, LA SEXTA GORA. Espainian Tele5 ikusi da gehien irailean, 19. hilabetez jarraian. Gainera, 2006ko azarotik izandako batez besteko onena lortu du: %21,1. Antena3 kateak, aldiz, 1992ko abuztutik hona lortutako kuotarik txikiena eskuratu du irailean: %16,18. Haren aurretik gelditu da TVE1 katea, %16,2rekin. Cuatrok behera egin du (%7,2). Eta La Sextak bere marka onena lortu du: %5,5.
Telebista kontsumoak gora egin du abuztutik irailera, egunean 31 minutu. Batez beste, ikusle bakoitzak hiru ordu eta 35 minutu pasatu ditu egunean pantaila txikiaren aurrean, iazko irailean baino 8 minutu gehiago.
'Héroes' liderra izan zen bere ordutegian eta 'Pilotari'-k gora egin zuen igandean
ETB1 kateak %3,8ko batez bestekoa izan du irailean, abuztuan baino zortzi hamarreko gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu