Hegaluzearen gatzuna, eta brokoliaren edertasuna

Arrantzaren eta akuikulturaren industriek sortutako hondakinak nekazaritzarako ongarri biologiko bihurtzea: hori izan du helburu Sea2tland proiektuak. Europako 11 herrialdek parte hartu dute, eta Neikerrek koordinatu du. Brokoliarekin egin dituzte probak.

Hegaluzea freskotan, gatzunetan egosita, eta brokolia. BERRIA
Hegaluzea freskotan, gatzunetan egosita, eta brokolia. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oliotan jarritako kristalezko potoetan datoz ordenatuta. Hegaluze trontzoak, eta antxoa xerrak. Izotzetan jarrita daude dotore lupiak eta urraburuak. Itxura ederra dute Norvegian hazitako izokin horiek. Bide baten azken emaitzak baino ez dira, ordea. Erraiak eta odolak kenduta, salmuera edo gatzunetan murgilduta egon dira aurrenekoak, eta akuikulturako putzu handietan elkarrekin sartuta bigarrenak. Ur gaziak eta zikinak, eta hondakin lohitsu eta ustez baliorik gabeak. Hori ere bada bide horren parte, inor gutxik erreparatzen dion arren. Eta arazo bihurtu da aspaldian horien tratamendua. Europako Batasunean, arrantza eta akuikultura industriak 5,2 milioi tona hondakin sortzen ditu urtean. 

Eta horien parte bat ongarri biologiko bihurtzeko aukerarik balego? Bi korapilo askatuko lirateke: hondakinei beste erabilera bat ematea, eta inportatutako ongarri biologikoen menpekotasunari ihes egitea. «Europako nekazaritzan dagoen nutrienteen falta konpondu nahi dugu. Une honetan, defizitarioak gara: nekazaritzan erabiltzen diren ongarrien %80 inportatu egiten ditugu. Nondik? Errusiatik eta Marokotik, gehienbat. Eta horrek, nekazaritza sektorearen kostuak garestitzeaz gain, areagotu egiten du nazioarteko tentsio eta gorabehera horiekiko zaurgarritasuna, eta ekoizpena baliabide fosiletara eta mineraletara lotzen du; horrek energia asko kontsumitu beharra dakar, eta inpaktu nabarmena ingurumenean», azaldu du Miriam Pintok, Neiker ikerketa zentroko ikerlariak.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko teknologia zentroa da Neiker, eta Sea2land izeneko Europako proiektua koordinatu du. 11 herrialdetako 27 bazkidek parte hartu dute. «Laburbilduz, helburu batekin: arrantzaren industriak eta akuikulturak sortzen dituen hondakinetatik abiatuta nutrienteak lortzea», nabarmendu du Pintok. Zer hondakin? Arrain haztegiek sortzen dituzten lohiak, arrantza bazterkinak, eta kontserba industriak sortzen dituen gatzunak. Zer egin izan da horiekin orain arte? «Itsasora bota izan dituzte, zabortegietan erre... Horien tratamenduan ere hobekuntzak izan dira, baina hondakin horietan presente dauden nutrienteak ez dira berreskuratzen. Kasu batzuetan, oso-oso zaila delako hondakin horietatik ezer berreskuratzea: adibidez, arrainen erraietatik. Beste batzuetan, planteatu ere ez duelako inork egin hortik ezer berreskura daitekeenik. Proiektu honen bidez, ustez inolako baliorik ez zuen zerbaiti balioa ematea lortu dugu».

«Ongi tratatuz gero baliagarriak izan daitezkeen hondakin asko eta asko bota egiten ditugu. Sekulako erraztasunarekin egiten dugu hori, eta helburua da halakorik ez gertatzea»

MIRIAM PINTONeikerreko ikerlaria

Sea2land proiektuak hori guztia lortzeko teknologia garatzea izan du helburu, hondakin horietatik ahalik eta nutriente gehien berreskuratzea. Ondoren, landaketetan probatzen dituzte: «Eta ikusten dugu ongarri arrunten moduan funtzionatzen ote duten, edo lurra pobretzen duten, lurraren mikrobiomari eragiten ote dioten, lurraren aktibitate mikrobiologikoari eragiten ote dioten, edo berotegi efekturik eragiten ote duten».

Proiektu kide bakoitzak bere herrialdeko problematikari erreparatu dio. Neikerren garatu duten teknologia zein izan den esplikatu du Pintok, eta noraino iritsi diren ere bai: «Hegaluzearen kontserba industriak sortutako gatzuna erabili dugu. Diluitu egiten dugu gatzunaren parte bat, eta mikroalgak hazten ditugu gatzun horretan. Mikroalgek gatzun horretan dauden nutrienteak xurgatzen dituzte, hazi ahal izateko. Guk mikroalga horiek erauzten ditugu. Erauzten ditugu, eta horrekin egiten duguna bioestimulatzaile bat da. Hidrolisi bat egiten dugu landareak ahalik eta errazen antzeman ditzakeen aminoazidoak eta bestelako printzipioak sortzeko. Eta hori guztiak entseguetan aplikatzen dugu». 

Brokolia Derion

Kasu honetan, brokoli landareetan eta Derion (Bizkaia) egin dituzte entseguak. Baina zergatik brokoliak? «Landare estandar bat delako. Eta proiektuan hainbat herrialdek parte hartu dutelako. Iparraldekoena Estonia zen, eta hegoaldekoenak gu geu. Eta guztietan landatzen da brokolia». Balekoak izan dira emaitzak? «Helburua izan da lortutako ongarriek lurzoruaren emankortasunean eta osasunean zer eragin zuten aztertzea. Emaitzek erakusten dute Sea2land proiektuaren eskutik lortutako ongarri biologikoak onuragarriak direla lurzoruaren osasunarentzat. Izan ere, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatzen dituzte, mikrobioen jarduera areagotuz eta, bide batez, lurzoruen emankortasuna eta laboreen erresilientzia sustatuz».

Hegaluzearen gatzuna tratatuz Derion landatutako brokoliak. NEIKERA
Hegaluzearen gatzuna tratatuz Derion landatutako brokoliak. NEIKER

Pintok argi dauka itsas industriak urtero 5,2 milioi hondakin sortzea «asko» dela, baina  ez dela hondakin gehien sortzen duen industria: «Ongi tratatuz gero baliagarriak izan daitezkeen hondakin asko eta asko bota egiten ditugu. Sekulako erraztasunarekin egiten dugu hori, eta helburua da halakorik ez gertatzea. Batez ere, nutriente horiek behar ditugulako gure nekazaritzarentzat. Eta, bestela, asko eta asko itsasora doazelako».

Eta Sea2land proiektuko beste kideek lortutakoak ere nabarmendu ditu. «Ur zikin horietan diluituta dagoena arrainen gantza baita, odola, hezurrak... Baina proiektuko kide batek hidrolisi termodinamikoa aplikatzen du arrain hondakin horietan. Eta arrain buruak erabili ditu, erraiak... Eta, hala ere, ongarri biologikoa lortu du. Fosforo asko daukan ongarria da, gainera». Eta hori «lorpen handia» dela dio: «Izan ere, fosforoa elementu mugatua da; amaikorra. Gaur egun, meategietatik ateratzen dena erabiltzen da. Eta meategiek iraungitze data bat dute. Kate ezberdinetan sartuz joan garen fosforo hori berreskuratuz joatea oso interesgarria da. Datozen urteetan, fosforoak erakarriko du arreta nekazaritzan. Orain arte, nitrogenoa izan da. Baina nitrogenoa ez da horren mugatua».

Resaltun proiektua

Uraren gehiegizko kontsumoa eta gatzunaren tratamendua buruhauste bihurtu dira kontserba industriarentzat. Eta Neikerrek koordinatutako hori ez da azken boladan gatzunari irtenbide bat emateko abian jarritako proiektu bakarra. Bermeoko (Bizkaia) Serrats kontserba enpresak eta Azti zientzia eta teknologia zentroak ekonomia zirkularrari emandako Tuna Awards saria irabazi zuten irailean, Resaltun izeneko proiektuarengatik. Funtsean: prozesu bat diseinatu eta balioztatu dute, hegaluzearen gatzuna berriro erabiltzeko; beste bizitza bat emateko. «Kontserba industrian daukagun arazorik handiena ekoizpenean erabiltzen dugun ur kantitatea da. Ur asko erabiltzen da, eta ohiko saneamendu sareak ezin du kudeatu hondakin mota hori. Gantz asko baitu, eta gazitasun handia. Halakoak prozesatzea buruhauste bihurtzen da, bereiz egin beharreko zerbait delako, geure araztegian ezin delako araztu, kanpora atera behar dugulako, horrek kostu ekonomiko handia duelako, eta ingurumenean eragina ere bai», azaldu du Miriam Bergarak, Serrats enpresako ingurumen arduradunak.

«Ohiko saneamendu sareak ezin du kudeatu hondakin mota hori. Gatzunak gantz asko baitu, eta gazitasun handia. Halakoak prozesatzea buruhauste bihurtzen da guretzat»

MIRIAM BERGARASerrats kontserba enpresako ingurumen arduraduna

Nanoiragazketan oinarritutako teknologia da garatu dutena. «Erabilitako gatzun hori, lehen, hondakin gisa tratatzen zen. Orain, nanoiragazketa teknologia hori baliatuta, gatzuna bi zatitan banatzen da. Batetik, materia organikoa, gantza, gatza eta beste ioi batzuk. Bestetik, gatzun garbia». Gatzun garbi hori berriro erabiltzen dute hegaluzea egosteko. «Beste guztia, aldiz, balioa duen subproduktu bat da orain. Bioerregai gisa erabiltzeko saltzen dugu. Baina badaude beste ikerketa batzuk ere abian, elikagai industrian erabiltzeko, ongarri gisa erabiltzeko, pentsuak egiteko... Azti ari da horretan lanean».

Tradizio handiko kontserba enpresa bat da Serrats. Jarduera horretan duten eskarmentua jarri dute haiek, eta zientzia eta teknologia jarri ditu Aztik. «130 urteko historia daukagu. Agerian utzi dugu berritasuna eta tradizioa ez daudela lehian. Prozesu erabat zirkularra da, eta berriro erabiltzen den gatzun hori erabat esterilizatuta eta garbi dago. Horri esker, gure produktuak ez du kalitaterik galtzen. Ur gutxiago kontsumitzen dugu, eta hondakin gutxiago sortzen dugu. Prozesua eraginkor bihurtu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.