Euskararen inguruko «diskurso berri eta erakargarriak» eraikitzeko ilusioz heldu dio kargu berriari Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954).
Tokikom ofizialki egituratu berri da. Zer helbururekin sortu da Tokikom?
Martxoan egin genuen eratze pribatua, eta oraintsu egituratze publikoa notariotzan. Hiru egiteko jarri dizkiogu enpresa berriari: esparru komunak kudeatzea (publizitate bateratua, garapen teknologikoa, trebakuntza…), solaskidetza sendoa eraikitzea sektorearekin eta erakundeekin, eta integrazio posiblea lantzea eta adostea. Toki hedabideak sakabanatuta jaio ziren, eta horrela iraun dute orain arte, baina, egungo egoeratik indartuta irtetekotan, elkarlana behar da.
Zer aukera emango ditu Tokikomek euskarazko hedabideen arteko elkarlanerako?
Alde batetik, nahi genuke Tokikomen inguruan antolatzea toki hedabideen azpisektore osoa, eta hor biltzea euskara elkarteenak diren hedabideak eta beste guztiak, plataforma bateratu baten gainean. Norabide horretan, udazkenean espero dugu bazkide multzo berri bat sartzea. Gure azpisektorea litzateke beheko solairua euskal hedabideen etxe komunean, eta goian leudeke orokorragoak: BERRIA, Argia, Gaztezulo… Eta bi solairuen artean igogailuak, edukiak gora eta behera garraiatzen, osagarritasuna eta erakarmena helburu.
Nola doa euskarazko herri ekimeneko hedabideen arteko egituraketa?
Uda aurretik espero dugu sektore osoaren elkartea sortzea eta lehen urrats zehatzak abiatzea. Oso azkar lortu dugu elkarrenganako konfiantza eraikitzea eta oinarrizko ikuspegia adostea.
Nafarroako diru laguntzak desagertu dira, eta Eusko Jaurlaritzarenak gutxitzen ari dira. Zer deritzozu laguntza publikoen inguruan?
Laguntza publikoak gure lanaren funtzio sozialari zor zaizkio, eta hori erakundeek aitortu egin behar dute. Informazioa euskaraz jasotzea eskubidea ere bada, hezkuntza bezala, eta herri ekimeneko hedabideok lehen betebeharrari erantzuten diogu, ikastolek bigarrenari bezala. Uste dugu bidezkoa dela, ikastolekin egin zen moduan, sektorearen eta erakundeen artean ikuspegiak adostea eta ituntze sistemara joatea, gure egoera egonkortu dadin.
Zer harrera izan duzue erakundeetako ordezkariekin egindako bileretan?
Diruarena kenduta, ona. Sektorean egindako bidea txalotu egin digute, eta elkarlanerako prest agertu. Baina erakundeak uzkurtuta daude krisiaren aurrean, diru faltaren beldur. Eta guk planteatu diegu zikloaren kontra jokatzea hedabideen kasuan, diru gehiagorekin erantzutea egoerari, sekulako aukera dagoelako elkarlanaren pertikarekin jauzi dezente bat egin eta erdal hedabideek ateratzen diguten koska murrizteko.
Ekainaren 15erakon jardunaldi berezia antolatu duzue Arrasaten. Zer helburu ditu jardunaldiak?
Toki hedabideak hausnarketan gabiltza etorkizunari buruz. Komunikabide guztiak gabiltza nora ezean, handienak ere bai, eta nahi dugu antzeman nola datorren etorkizuna aurretik abiatzeko. Hausnarketa horren erdian kokatzen da jardunaldia, eztabaida elikatzeko helburuarekin.
Etorkizunari begira, zer aukera dago euskal komunikabideentzat?
Gure historian lehen aldiz, aukera dago egitura oso bat adosteko eta bakoitzak etxe komun horretan dagokion tokia hartzeko. Euskal komunikabideetan baditugu 600 langile inguru, eta horri gehitzen badiogu EITBren euskal adarra, mila profesional ingurura irits gaitezke. Gure baliabideak antolatzen asmatzen badugu, hegemoniko izateko moduan gaude.
Komunikazio enpresa askotan lantaldeak murrizten ari dira. Euskarazkoetan ere, kazetari asko lanik gabe geratzeko arriskua dago. Zer iruditzen zaizu hori?
Bai, inbertsioen premia argi dago gure diagnostikoan eta erakundeekiko harremanean. Eta ez bakarrik euskararen edo kulturaren ikuspegitik. Oso handia ez bada ere, gurea sektore industrial bat da, bere etxeko lanak egiten ari dena: antolatzen, hausnartzen, etorkizunerako prestatzen... Eta hori berrikuntza da, ikerketa eta garapena. Hortik etorri beharko luke gure bilakaerarako finantzabideak.
Zer garrantzi du hezkuntza ereduak aurrera begira? Euskaldun gehiago izango dira hartzaile?
Bai, euskal hedabideentzat garrantzitsua da merkatu potentziala haztea, eta horretan hezkuntza ereduek eragin handia dute. Eta hedabideentzat hiztun pasiboa ere hartzaile posiblea da, produktuak erakartzen badu. Toki hedabideek duten gertutasunak irismen izugarria eman die, hizkuntzaren mugaz gaindi. Adibide bat: Goienak 20.000 aleko aldizkari bat banatzen du 65.000 biztanle dituen eskualde batean.Hezkuntza, gertutasuna, lankidetza, aurreratzea... horiek dira etorkizuneko giltzarriak.
Komunikazioa. Mikel Irizar. Topaguneko lehendakaria
«Hegemoniko izateko moduan gaude, baliabideak ondo antolatuta»
Topagunea euskara elkarteen federazioak martxoaren amaieran izendatu zuen presidente Mikel Irizar, Durangon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu