Aljeriatik BERRIAko Andoaingo (Gipuzkoa) erredakziora heldu berria da Aitor Garmendia (Itsasondo, Gipuzkoa, 2000). Rolez aldatu da: kazetaria elkarrizketatu bihurtu da oraingoan. Korrika eta bizikleta gainean ibiltzen da aukera duen bakoitzean, eta egindako lasterketen zerrenda luzea osatu du jada. Euskal Herrian izan dira gehienak; oraingoan, baina, harago joan da, eta Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuan izan da astebetez. Hango maratoian parte hartu du, eta irabazi. 42 kilometro korritu ditu hiru ordu eta hogei minutuan.
Harea izango dute oraindik zure zapatilek...
Asko. Oraindik ez ditut garbitu, gainera. Agian nik ere hondar aleren bat izango dut soinean; izan ere, aireporturako bidean harea ekaitz batek harrapatu gintuen. Errepidean ez genuen ezer ikusten, eta larri ibili ginen...
Noizbait korri egin duzu hareatan?
Inoiz ez. Lokatzetan bai, baina hareatan ez.
Eta zer moduz moldatu zara?
Tarte batzuetan erdi zapalduta zegoen hondarra, autoak ibiltzen direlako; beraz, hor ondo. Lehenengo zatian esaten nuen: bueno, ondo noa, eta erritmoa ere ondo. Baina bigarrenean gero eta harea gehiago zegoen, eta kosta egiten zitzaidan aurrera egitea. Orkatiletaraino iristen zitzaidan. Pentsatu nuen ez nintzela helmugara iritsiko; nahiko sentsazio txarra izan zen. Erritmoa kontrolatzea ere zaila izan zen; izan ere, errepidean korri egiten dudanean badakit nola joan behar dudan, baina hareatan ez nekien.

Nola prestatu zinen maratoirako?
Ez nintzen prestatu [barre egin du]. Hareatarako ez, behintzat. Korrika egiteko bai, ez dakit maratoi baterako bezainbeste, baina beste edozein lasterketarako bezala.
Zenbat parte hartzaile zineten?
42 kilometroko maratoian, berrogei inguru. Guztira 330, beste hiru proba ere bazeudelako, 21, hamar eta bost kilometrokoak.

Zein da maratoiaren helburua?
Mendebaldeko Saharako auzia ezagutaraztea, eta ikusgaitasuna ematea. Beren herrialdetik kanporatu zituzten, eta basamortu batean bizi dira. Aurten, gainera, berezia izan da, Saharako errepublikak 50 urte bete baititu.
Zerekin topo egin zenuen han?
Gu Tindufeko errefuxiatuen kanpaleku batean egon gara. Maratoia Aaiungo kanpalekutik abiatu zen, eta Smaran amaitu. Gu bigarrenean egon gara aste guztian zehar, hango familia baten etxean. Iritsi ginenean, ez dut esango herri bat egotea espero nuenik, baina zerbait bai. Etxe txukunak dituzte, eta haimatan bizi dira gehienak. Kaleak, ostera, zaborrez beteta daude, eta auto zaharrak erabat txikituta. Han ez dago zabortegirik; beraz, dena bertan gelditzen da. Alde horretatik talka handia izan zen.
«Erregeak bezala egon gara. Ramadana zen, eta bukatzen zenean merienda-afari moduko bat egiten zuten. Oso pozik zeuden gu han egoteagatik»
Eta nolakoa izan da aste bat hango familia batekin igarotzea?
Erregeak bezala egon gara. Ramadana zen, eta bukatzen zenean merienda-afari moduko bat egiten zuten. Janari mordoa jartzen zuten, eta, beraz, guk jan eta lo bakarrik egiten genuen. Oso pozik zeuden gu han egoteagatik. Hegazkina galdu genuenean ere, gustura zeuden.
Nolatan bururatu zitzaizun Aljeriara joatea horrelako maratoi baterako?
Nik entzuna nuen haren inguruan, baita Asier Etxeberriak ere, nirekin batera joan denak. Irailean Teruelera [Espainia] joan ginen astebete, entrenatzera, besterik gabe. Han geundela, elkarri komentatu genion Saharako maratoiarena. Beraz, esan genuen: etxera bueltatzen garenean izena emango dugu.

Txirrindularitzan eta korrika ibiltzen zara. Zein da orain arte egin duzun proiekturik handiena?
Euskal Herriko probintzia bakoitzeko tontorrik altuenera igotzea, adibidez. Denbora askoan izan nuen buruan bueltaka, eta ilusio handia egiten zidan. Azaroan egin nuen. Bost egunetan Euskal Herriko tontor altuenetara igo nintzen, eta tarteko bidea bizikletaz egin.
Nondik nora egin zenuen?
Nire aita ibili zen laguntzen, furgonetarekin. Bizikletaz abiatu nintzen etxetik, eta Linzako aterpetxeraino joan nintzen. Hurrengo goizean, Hiru Erregeen Mahaira igo nintzen, eta, jaitsi ostean, Larraineko mendateraino joan nintzen. Han aita nuen zain, bizikleta hartzeko. Hala, Orhi mendira igo nintzen. Handik jaitsi, eta Okabera igo nintzen. Horren ostean, Artzamendira bizikletaz igo nintzen, eta Durangoraino joan nintzen.
Artzamenditik Durangora joan zinen egun berean?
Bai, bai [barre egin du]. Han autokarabana hartu zuen aitak, bertan lo egiteko; izan ere, zaila zen aterpetxeak topatzea. Iurretan lo egin genuen, eta hurrengo goizean Urkiolako bideari ekin genion. Gorbeiara igo eta jaitsi nintzen, eta handik Arantzazura joan ginen. Autokarabanan lo egin, eta hurrengo goizean Aketegira joan nintzen —Aizkorri ondoan dago—, eta handik Zegamara. Egun hartan, gainera, izugarrizko elurtea bota zuen.
Aitaren laguntzarik gabe egingo al zenukeen horixe bera?
Zaila izango zatekeen. Planteatu nuen bera gabe egitea, baina oso zaila zen bizikleta nonbait uztea, kandaduarekin lotuta utzi beharko nuke eta. Ez nuke lasaitasun berarekin egingo.
Geldi egoten ez dakiten horietako bat zarela esango zenuke?
Erabat, ez dakit geldi egoten. Begira, hemendik urte erdira arte asteburuero lasterketaren bat daukat. Eta lasterketarik ez dudanean, txirrindulari gazteak entrenatzen aritzen naiz.
Baduzu hurrengo proiekturik buruan?
Oraingoz ez. Gustura egingo nuke, adibidez, bizikletarekin hemendik abiatu eta nora iritsiko zaren ez dakizun bidaia horietako bat.
LOTSABAKO
Zegama-Aizkorri?
Noizbait gustatuko litzaidake egitea.Kazetaritza utzi eta biziko zinateke txirrindularitzatik?
Ez dut uste posible denik, baina, aukera egongo balitz, biziko nintzateke.