Hemengoak eta hangoak, bat

Hebentik kultur elkarteak antolatuta, Hebenko Ta Hanko jaialdia egingo dute gaur Gamere-Zihigan. Nafarroako eta Zuberoako dantzariak eta musikariak eskuz esku izango dira.

Iazko Hebenko Ta Hanko jaialdia, Larrainen. J. LOUIS BAFFALIO
Iazko Hebenko Ta Hanko jaialdia, Larrainen. J. LOUIS BAFFALIO
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zer da hemengoa izatea? Eta hangoa, zein da? Zubiek deseraiki ditzakete galdera horiek, eta denak batu. Horixe da, hain zuzen ere, Hebentik kultur elkarteak gaur egingo duen Hebenko Ta Hanko jaialdiaren xedea. «Aski egoten gara bizkarrez Hegoaldea eta Iparraldea, eta Zuberoa eta Nafarroa ere bai. Bistan da, hain hurbil eta hain urrun. Xantza izan dugu, beti okasio guziez baliatzen garelako zubiak egiteko», adierazi du Mixel Etxekopar musikari ezagun eta Hebentik elkarteko arduradunak.

Nafarroako eta Zuberoako artistak elkartuko dira gaur Gamere-Zihigan (Zuberoa), azken bi hamarkadetako joerari segituta. «Hebentik arte elkartekook urte guziz egin ditugu hainbat ekitaldi xume edo handixeago. Xumeak Mauleko Matalaz karrikan dugun lokal txikian egin ditugu; arte herrikoi eta sorkuntza gunea da. Elkarte xumea gara, eta urte oroz egiten dugu Hebenko Ta Hanko: hemengo artistak eta kanpokoak. Aurten, Nafarroakoak; iaz, adibidez, Marokoko musika tradizionalarekin egin genuen topo. Erabaki dugu Nafarroarekin egitea, auzo lehena baitugu, eta naturalki badugu aspaldiko harremana. Hango lagun batzuk eta hemengo lagun batzuk, Gamere-Zihigan, euskara ardatz», azaldu du Etxekoparrek.

Herri horretan bertan egin zuten pastorala iaz, eta hango dantzariek egin zuten ezpata dantza prestatzen lagundu zien Aritz Ibañez dantzari nafarrak. Aurten berriro izango da Gamere-Zihigan, eta Iruñeko eta Gamereko dantzariek soka dantza egingo dute. «Eskuak loturik ematen dugu dantza hori. Sinbolismo ederra izanen du: Gamereko dantzari gaztetxoak eta helduak, eta Iruñekoak. Zentzua duenean, soka horrek plazera egiten du», nabarmendu du Etxekoparrek.

Dantzak musika behar izaten du, eta ez da faltako gaur ere. «Mintxo Garaikoetxea aspaldiko laguna da, eta ez du plaza bakoitzik ere arrotz Euskal Herri honetan. Ez du zarata handirik egiten, baina musika ederra. Bera isil-isila bezain musikaria da, eta bakarrik ariko da. Bistan da, baliatuko gara haren tutuaz, soka dantzako musikaz ere bai zubi dantza izateko Zuberoaren eta Nafarroaren artean», erantsi du musikariak. Sacha Standen arrabita jotzaile ingelesa ere izango da oholtzan —Lakarrin (Zuberoa) bizi da, eta laborari gisa egiten du lan—.

Arratsaldetik iluntzera

Soka dantza horrekin ekingo diote jaialdiari, 18:00etan. Beste hainbat dantza ere egingo dituzte: batzuk ikusteko, eta beste batzuk parte hartzeko; jauziak eta mutxikoak, esaterako. Gero, herriko ostatuan jatekoa eta edatekoa izango da 19:30etik aurrera. 21:00etan biribilduko dute «hemengoen eta hangoen» jaia, Gamereko elizan —«katedral txiki-txiki-txikian», Etxekoparren esanetan— egingo duten kontzertuan.

Hango oholtzara igoko dira berriz Garaikoetxea eta Standen, eta baita Amaren Alabak taldeko abeslariak ere. «Aspalditik Zuberoako emazteek utzi zuten arrastoa kantuan, eta lan oso ederra egin zuten. Amaren Alabak ehunka plazetan izan dira Euskal Herrian eta kanpoan. Bistan da, harreman naturala baitute haiek ere Nafarroarekin, eta eginen dute hemengo boza, Zuberoatik datorren boza. Oihartzuna eginen dute, bistan da».

Talde horretako kideetako bat Ihitz Iriart zuberotarra da, eta ez hori bakarrik. «Iruñean bizi da, eta hamaika proiektu eramaten ditu han. Jota gisako errepertorio oso ederra euskaraz muntatzen ari dira Oier Zuñigarekin. Biek emanen dituzte halako jota batzuk», azaldu du Etxekoparrek. Bera ere izango da katedral txiki-txikiko oholtzan: «Txirula, ttunttun zein kantu, beti bezala». 

Kantua, dantza, euskara, euskal kultura, Zuberoa, Nafarroa, hangoak eta hemengoak. Denak bat izango dira gaur Gamere-Zihigan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.