Ez zen bera bakarrik izan, baina berak ere egin zuen ekarpenik. Ernest Hemingway idazle estatubatuarra izan zen Iruñeko sanferminak munduan ezagun egin zituen pertsona horietariko bat. Festa haiek hartu zituen bere nobela ezagunenetariko baten ardatz gisa. Nafarroa da, izan ere, The Sun Also Rises (Berriz ere aterako da eguzkia) liburuaren kokalekua: sanfermin giroa, hain zuzen ere. 1954an Nobel saria irabazi zuen idazlearen alderik «ezezagunena» ezagutarazi nahi du orain Iruñeko Udalak, eta hainbat ekitaldi prestatu ditu horretarako. Hemingway hil zela 50 urte bete direla da aitzakia.
Maiz izan zen Hemingway Iruñean, eta ez da nobela bere ibilaldiek utzitako arrasto bakarra. Bera ere ibili zen hiriko kaleetan. Txoko horiek hartuko dituen bisita gidatua antolatu ditu udalak ostiralean. 19:30ean hasiko da txangoa, Udaletxe plazako informazio gunean. Mercaderes, Estafeta, zezen plaza eta Gazteluko plaza bisitatuko dituzte, besteak beste, Hemingwayren urratsen aztarnen atzetik. Hilaren 10ean, 17an eta 24an ere egingo dituzte ibilaldiak.
Iruñearekin harremana
Idazlearen eta Nafarroako hiriburuaren arteko harremanari buruzko hitzaldia ere emango du Fernando Hualde artikulugileak hilaren 10ean. Idazle amerikarraren Nafarroako pasadizoak ikertu ditu Hualdek, eta haiei buruzko liburu bat ere badu kaleratua. Gazteluko plazako Iruña izeneko kafetegiko Hemingwayren txokoan mintzatuko da, tertulia giroan. Hemingwayren Iruñea izango da jardunaldiaren izenburua, eta edaria ere izango dute bertaratzen direnek, izen emateko ordaindu beharreko lau euroak ordaintzearen truke.
Hilaren 21an, berriz, Gabriel Rodriguez filologoa arituko da Hemingwayren literatur lanari buruz hizketan. 19:30ean izango da hitzaldia, Konestable jauregian, eta doakoa izango da sarrera. Idazleak bere eleberrietan egindako Iruñearen argazkia da Rodriguezek aztertuko duena.
Hemingwayk Iruñeko kaleetan egindako urratsen atzetik ibiltzeko aukera
Idazle ezagunaren alde ezezagunari buruzko hitzaldi, solasaldi eta bisita gidatuak antolatu ditu Iruñeko Udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu