Hemingwayren Iruñea

Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren eta Iruñearen arteko harremana azaltzen duten ibilaldi gidatuak antolatu ditu udalak Alde Zaharreko kaleetan, ostiraletan.

Iruñeko zezen plaza aurreko Hemingway ibilbidea eta idazlearen omenezko estatua dira haren aztarnetariko bi. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ordubete pasatxoko ibilaldia da, bisita bat Iruñeko kale ezagunenetako batzuetan. Baina itxuran eguneroko Iruñea dena, eraldatuz doa pixkanaka bisitako gidariaren azalpenekin. Iruñea berezia da haren hitzen bidez ikusten dena. Ernest Hemingwayren Iruñea. Ramona Lopez da bisita gidatuen arduraduna, eta hala azaltzen du hiriak idazlearekin izan duen harremana. «Nabarmenena ezagutzen diogu Hemingwayri, muturrekoena; baina, maiz, ezezagun zaizkigu bere ezaugarririk bereizgarrienak: bere lanak eta haien garrantzia. Anekdota dugu gogoan, eta sakonekoa da falta zaiguna». Ibilaldi gidatuak antolatu ditu horretarako Iruñeko Udalak. Aurreko ostiralean egin zuten lehena, eta 17an eta 24an egingo dituzte hurrengoak.

«Kasualitatea izan liteke, baina sanferminei lotuta daude Hemingwayren bizitzako hainbat pasarte», azaltzen du Idoia Ferraz gidak. «Uztailaren 8an zauritu zuten Lehen Mundu Gerran, 1918an, eta uztailaren 7an ehortzi zuten, 1961ean». Fisikoki, baina, 1923an heldu zen lehenengoz Iruñera, Toronto Star aldizkariak bidalita. Sanferminetan. Eta Ferrazek bisita egiten dabiltzanei azaltzen dienez, denbora gutxiz izan zen bisitari festa haietan. «Erabat murgildu zen festan». Are gehiago, sanferminetan oinarritu zituen bere lan literarioetako batzuk. The Sun Also Rises da horren adibide nagusia, beste lan guztien gainetik.

Hala, bisitan gurutzatuz doaz etengabe idazlearen fikziozko Iruñea eta Hemingwayren bisiten benetako Iruñea. Idazleari buruzkoak dira Ferrazek kontatzen dituenetariko asko, baina baita idazleak sortutako pertsonaiei buruzkoak ere beste asko. Ezinbestean ematen da nahasketa. Hori zen, izan ere, Hemingwayren idazkerari buruzko iritzia. Ongi ezagutu behar zen kontatzen zen errealitatea, harik eta hari buruzko kontakizun sinesgarri bat egin nahiez gero.

1923an festak harrapatu, eta maiz egin zuen gerora sanferminetan buelta, bederatzitan. Eta aldatzen ikusi zuen hiria, eta baita festak ere, eta aldatzen joan zen idazlea bera ere urteekin. Berriemaile xume izatetik, Nobel sariaz saritutako idazle kontsakratu izatera pasa zen denborarekin. Posizioaren arabera joan zen hiriaren gune batzuk eta besteak ezagutzen. Hotelik merkeenetan lo egiten hasi, eta garestienetaraino. Baina, betiere, bere lekurik kuttunenei fidel. Gazteluko plazako Txoko taberna, garai bateko Las Potxolas izenekoa, zezen plaza...

Idazlearen aztarna hirian

Urratsez urrats, idazlearen eta hiriaren arteko harremanean zer esana duten guneak bisitatzen dituzte ibilaldian. Gazteluko plazako taberna eta hotelak, entzierroaren kaleak, egun idazlearen izena duen zezen plaza ondoko kalea... Hemingwayrengan aztarna utzi zuen Iruñea, finean, baina baita Hemingwayren aztarna ageri duen Iruñea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.