ATZEKOZ AURRERA. Iban Gonzalez. 'Ama, nora goaz?' lanaren zuzendaria

«Herri honek oso memoria motza du»

36ko gerran etxetik bota zituzten emakume gipuzkoarren istorioa kontatzen du Gonzalezek zuzendu duen dokumentalak. 2017an estreinatuko dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
36ko gerraren inguruko zenbait dokumental zuzendu ditu Iban Gonzalezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1973), baina emakumeak protagonista dituen lehena da Ama, nora goaz? Agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritatik kanporatu zituzten emakumeen bizipenak kontatzen ditu dokumentalak. Bilboko Azkuna zentroan proiektatu dute Zinexit zikloa amaitzeko, eta 2017ko apirilean ikusgai izango da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.

Ez da gai honi buruzko lanik egin orain arte. Zein izan da abiapuntua?

Lore Albisu, Zumaiako emakume bat, dokumentaleko protagonistetako bat da. Haren semeak amaren eta amamaren istorioa kontatzeko beharra sentitu zuen. Ikertzen hasi, eta beste historialari batekin elkartu zen, eta proiektu bat egitea proposatu zuten. Guk, duela urtebete inguru, Lore Albisu eta haren ahizpa Margari ikusi genituen elkarrizketa batzuetan. Siriako gerraren irudiak ikustean identifikatuta sentitu zirela esaten zuten, haiek ere hala ibili zirelako 36ko gerran, ihesean.

Siriako biztanleen egoerak plazaratu du gaia, orduan?

Hori da. Gure ekoiztetxean, erabaki genuen gaia aztertu eta kontatu beharra zegoela. Herriz herri ikertzen hasi ginen, emakume horiek non zeuden jakiteko, non geratzen ziren lekukoak... Eta, azkenean, hamabi emakume bildu genituen.

Gipuzkoako zein herritakoak dira?

Zumaiakoak ez ezik, Mutriku, Zarautz eta Zestoakoak ere badira, besteak beste. Horren ondorioz, hara joan gara dokumentala grabatzera.

Zergatik uste duzu isilpean egon direla orain arte gertakari horiek?

Gizartea halakoa delako. Desoreka handia dago emakume eta gizonen artean. Gerra kontuetan berdin; historia beti gizonek idatzi dute, eta beti eman zaio ikuspuntu epikoa trintxeretan egin den borrokari. Baina beste borroka asko ere badira, eta ez dut trintxeretako borroka gutxietsi nahi. Gatazka askotan, emakumeei nahita erasotzen zaie: herri bat sustraitik mozteko modu bat da. Beti esan izan da gizonei eraso eginda herri bat kolokan jartzen dela, baina, emakumeei eraso eginez gero, herri hori erori egiten da, zuzenean. Etorkizunik gabe geratzen da herria, emakumeen lanak eusten diolako familiari, etxeari... Beti egon da hipokrisia handia historia kontatzeko orduan.

Protagonista guztiak emakumeak izatea oso ezohikoa da.

Historia hain hipokrita izan denez, pentsatu genuen dokumental hau egiteko orduan hari ere kontra egin behar zitzaiola. Istorio honetan agertzen diren guzti-guztiak emakumeak dira, eta horietako %99,9 gertakarien lekuko zuzenak. Ez dago historialaririk, irakaslerik, aditurik... Emakumeen bizipenak kontatzen dira; karga emozional oso handia dauka. Tragedia bada, baina hori ez da dokumentalaren ardatza.

Zein da ardatza, orduan?

Nola izan ziren gai egunez egun parean jartzen zen oztopo bakoitzari aurre egiteko: Gipuzkoatik kanporatu zituztenean, Bizkaia erori zenean Frantziara joatean, edo Belgikara, Kataluniara... Bueltatu zirenek gerraosteko errepresio guztia jasan behar izan zuten, gainera.

Haien izaeran, ezaugarri komunen bat al dute emakume horiek?

Haien apaltasunak asko harritu nau. Ez dituzte gauzak egiten jendeak jakiteko; oso naturalak dira. Askotan esaten dute: «Egin behar genuena egin genuen, zer egingo genuen bestela...?». Ez dago epikarik haien hitzetan.

Nola jarri zarete haiekin harremanetan?

Herrietako kultur elkarte eta udaletara jo dugu, erregistroetan begiratzeko eta bizirik zeuden edo ez jakiteko. 80 urte igaro dira jada, eta jende asko hilda dago; zail samarra izan da.

Grabazioa ez duzue bestelako dokumentaletan bezala egin, ezta?

Lehenik, kafea hartzen genuen haiekin, aurkeztu, ezagutu... Eta,gero, beste egun batean joan. Jende nagusia da, eta, hemen urte askoan isiltasuna nagusi izan den gerraren ostean, kosta egiten zaie hitz egitea, beldur zein lotsagatik. Baina denak zoragarriak dira; sekulako emakume indartsuak dira, eta, aldi berean, lasaiak, oso atseginak. Emakume horiek gauza dezente erakusten dituzte: negarra eragiten dute, barrea; urduri jartzen zaituzte, deseroso...

Azkuna zentroan solasaldia egin zenuten Lore Albisurekin, protagonistetako batekin.

Bai, eta oso aberasgarria izan zen. Ez ginen bakarrik aritu dokumentalari buruz: herri honetan zer memoria motza dugun ikusarazi zuen. Emakume horiek besoak zabalik jaso zituzten Bizkaira ihes egin zutenean, baita Frantziara joan zirenean ere. Ongi etorriak izan ziren modu batean edo bestean, gerratik ihesi zebiltzan pertsonak zirelako. Gaur egun ez da horrela. Siriarrak, adibidez, ez dira inon ongi etorriak, ezta hemen ere. Hori memoria motza daukaguna, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.