Herri jaiak eta herri mugimenduko eragileak protagonista izan dira Gasteizko hirugarren festa egunean. Entxosnazio Eguna ospatu zen atzo, txosnetakoek EHUko campus ondoan jarri duten gunean. Egitarauaren eskaintzatik harago, txosnek Gasteizko jaietan duten tokiaren erakusle ere bada ospakizuna. 1981. urtetik, aldarrikapen eta balio jakinetan oinarritutako jaia hauspotzeko gonbita da.
«Aurten, Entxosnazio Eguna hauspotu nahi izan dugu», azaldu du Gorka Arbulu Txosna Batzordeko kideak. Hala, eguerdi aldera hasi dute eguna, ardo ekologikoen dastatzearekin. Arabako Errioxako ardo gozoak eta Andere Arriolabengoa eta Julen Zulaika bertsolarien umoreak konbinazio bikaina osatu dute karpa nagusiaren ondoko zuhaitzen itzalpean zirenei irribarrea marrazteko. Bitartean, boluntarioak mahaia prestatzen, 150 lagun inguru hartu dituen herri bazkarirako; menu beganoa, aukeren artean. Ondoren, mahaiak erretiratu, eta dantza plazarako txanda izan da, Azido Folkloriko talde gasteiztarraren eskutik. Gauean, berriz, Eskean Kristo eta En Tol Sarmiento taldeen kontzertuak, eta, goizaldetik aurrera, Pintxa Crocrette 82k luzatu du jaia.
Hiriaren erdigunetik aparte egonagatik ere, txosnetako proposamenak eskaintza berezia duela azpimarratu du Oihane Perea Txosna Batzordeko kideak. Horietako bat janaria da. «Alde handia dago nola jaten zen txosnetan duela 20 urte eta nola jaten den orain. Baserriko ogi, barazki eta haragia; bertako produktuak, eta, txosna bakoitzean, gutxienez, produktu ekologiko bat. Gasteizko toki gehienetan baino hobeto jaten da hemen».
Egunez giro lasaia izaten dela nabarmendu dute antolatzaileek: «Jende asko etortzen da umeekin pote bat hartzera. Hirigunean baino erosoago egoten dira».
Jaien hasieran mugimendu handia izan da, Arbuluren esanetan: «Ikaragarria izan zen ostegunean La Gran Pegatinaren kontzertuan bildu zen jendetza». Musika eskaintza izan ohi da txosnen erakargarri nagusietako bat, eta hurrengo egunetarako ere badute amurik. Gaur, Gazte Eguna egingo dute, eta Lagrimas de Sangre eta Green Valley ariko dira oholtza gainean; bihar, Capsula eta Willis Drumond taldeek joko dute; eta, asteartean, Zoo eta Las Tea Party DJen doinuak izango dira.
Eraso sexistei aurre
Txosna Batzordeak hainbat neurri hartu ditu bortizkeria matxistari ahalik eta modu egokienean erantzuteko. Aurten, babes eremua sortu da, erasorik balego erasoa jasan duena artatzeko. Horrez gain, gune ilunak zainduko dira, eta Txosna Batzordeak beregain hartuko du erasotzailea jai eremutik kanporatzeko ardura.
Festak Gasteizen
Herri jaiak hauspotzeko eguna ospatu dute txosnetan
Ardo ekologikoen dastatzea, herri bazkaria, dantza plaza eta gaueko kontzertuak. Egitarautik harago, txosnen eskaintzari balioa aitortzeko ere bada Entxosnazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu