«Herri proiektu bat gara oraindik ere, 40 urte geroago»

Lapurdiko Gure Irratiak 40 urte beteko ditu abenduan. Ate irekiak eta zortzi orduko saio bat egingo dituzte, urteurrena ospatzeko

Gure Irratiko lantaldea. Sei kazetari profesional ditu, eta hainbat laguntzailez osatutako sarea. GURE IRRATIA.
jakes goikoetxea
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Duela 40 urte, 1981eko abenduaren 24an Milafrangako (Lapurdi) etxe batean Gure Irratia sortu zutenean, nekez pentsatuko zuten proiektu hark egungo neurria, zabalkundea eta indarra hartuko zituenik. Gure Irratiak, ordea, 40 urte beteko ditu abenduan. Albiste pozgarria da, baina, Olatz Idoate koordinatzaileak gogora ekarri duen moduan, badu ifrentzua ere: «Irratia sortu zutenean, euskarari bultzada eta arnasa ematea izan zen arrazoi nagusia; zoritxarrez, 40 urte geroago, euskarak bultzada eta arnasa horren beharra du oraindik ere».

Lapurdiko irratiak sorrera xumea izan zuen. Boluntarioek abiarazi zuten. Sortu eta gutxira izan zuen lehen langilea. Gaur egun, sei langile ditu, behar bezalako estudioak Uztaritzen, eta Euskal Irratiak federazioko kidea da, Ipar Euskal Herriko beste irrati batzuekin batera: Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia.

Proiektu sendoa da, baina egunero eutsi behar zaio. «Hedabide bat da, entzuleak baditu, hedadura ona, erreferentzia da Ipar Euskal Herrian, bereziki euskal hiztunentzat...», indarguneak aipatu ditu Idoatek. «Baina, gero, euskalgintzan ohi bezala, dena oso lotuta dago diruari, entzule kopuruari... Eguneroko borroka bat da». Gure Irratiak Euskararen Kultur Erakundetik jasotzen du hiru eurotik bat; Frantziako Kultura Ministeriotik beste bat, eta herritarren eta herriko etxeen eskutik bestea.

Laguntzaileak dira Gure Irratiaren altxorretako bat. Herritarren eta elkarteen parte hartzea. 40 urteko historia lotu duten katebegiak. Era askotako laguntzaileak dituzte: saio bat osorik egiten dutenak; astean behin edo bi astetik behin herrietako kronikak egiten dituztenak; hilero dirua ematen dietenak; futbol edo errugbi partidak komentatzen dituztenak; irratiko administrazio lanak egiten dituztenak... 50 bat laguneko taldea da, «ezinbestekoa», Idoateren arabera.

«Horiek guztiek irratia egiten dute gurekin batera», azaldu du Gure Irratiko koordinatzaileak. «Hori da irrati elkarte baten funtzioa: laguntzaileekin batera irrati bat egitea. 40 urte geroago herri proiektu bat gara oraindik ere».

Laguntzaileei eustea da Gure Irratiaren erronketako bat. Ez galtzea, gutxienez, eta, ahal bada, gehiago biltzea. Lan zaila, are gehiago gaur egungo gizartearen bilakaera eta joera ikusita, non gero eta zailagoa den jendeak bere denbora eta lana musu truk ematea.

Digitalizazioa erronka

Gure Irratia profesionalizatu egin da. Kazetari profesionalak ditu. Irrati programazio osatua du, ia egun guztian, egunero, baita asteburuetan ere. Kazetari horien esku dago irratiaren eguneroko martxaren ardura, baina, Idoatek nabarmendu duenez, «irratia ez da langileena, herriarena baizik». Horregatik, gehiago hurbildu nahi dute entzuleengana: «Nahi dugu entzuleak ulertzea irratia denona dela eta guztion artean erabaki behar dugula nolako irratia nahi dugun».

Abenduaren 11n ospatuko dute urteurrena. Uztaritzeko estudioetan izango da; ateak zabalduko dituzte. «Gure Irratiaren familia guztia bildu nahi dugu egun horretan», Idoateren arabera. Zuzeneko saio luze bat, «maratoi bat», ere egingo dute, 11:00etatik 19:00etara, era guztietako edukiekin: 40 urteotako anekdotak, musika, entzuleen parte hartzea... «Guztiak etxean bezala sentitzea nahi dugu».

Gure Irratiak aldaketa teknikoak egingo ditu datozen hilabeteetan. DAB+ (Digital Audio Broadcasting) teknologia digitalaren alde egin du. Ipar Euskal Herrian zenbait proba egingo dituzte teknologia berri horrekin, eta proba horietarako onartu egin dute Gure Irratiaren proiektua. Irrati analogikotik digitalera pasatzeko prozesua da, telebistan LTD lurreko telebista digitalarekin gertatutako aldaketaren parekoa. FM frekuentziak oraindik ez dira desagertuko; urte batzuetan eutsiko diete. Gure Irratiak programa bat eskaini nahi du modu digitalean urtebete barru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.