Joan den ostegunean hasi ziren Zubietako (Gipuzkoa) bestak, eta etzi arte iraunen dute oraindik. Santiago eguna, jubilatuen eguna, eta oilasko bilatzaileen eguna gozatu eta gero, gaur, bihar eta etzi, umeen eguna, gaupasa eguna eta San Inazio eguna ospatuko dituzte. Urtarriletik goiti hasten dira herriko jaiak prestatzen jai batzordeko kideak. Urte hasieran hogei laguneko talde bat elkartzen da, lehenik eta behin egitaraua erabakitzeko eta finkatzeko. Urtean zehar hogei bat baldin badira ere, besten garaian kopurua emendatzen dela adierazi du Elur Zaldua jai batzordeko kideak.
Zalduak esplikatu duenez, helburua dute gazteei edo festazaleei besta egitarau bat proposatzea, baina baita beste adin tarte batzuetako herritarrei ere; horregatik, besteak beste, umeen eguna antolatzen dute. Besten lehen larunbatean jubilatuen eguna ospatu ondotik, gaur hasiko da haurrena. 10:00etan hasiko dira lehen ekintzak: jolasak, hain zuzen —arratsalde osoan ere izanen dira—. 14:00etan, bazkaria izanen da; haur bakoitzak bere bazkaria ekarri beharko du, eta deserta eta sorpresa antolatzaileen esku izanen dira. 18:00etan erraldoi eta buruhandi erakustaldia izanen da, Usurbilgo (Gipuzkoa) erraldoi konpartsaren eskutik. «Batzordekoak parranderoak gara, baina badaude beste adinetako herritarrak ere; orduan, dena uztartzen saiatzen gara. Zaila da, baina egiten dugu». Oroitu ditu bere haurtzaroko egun horretako oroitzapenak: «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu egun hori antolatzea; izan ere, guk ere umetan asko disfrutatzen genuen, eta hori proposatu nahi diegu oraingo haurrei».
Bihar, asteazkena, gaupasa eguna ospatuko dute zubietarrek. 08:45ean abiatuko da mendi itzuli herrikoia. Andatzara igoko dira: «Gaupasa eguna osasuntsu hasi nahi genuen», azaldu du jai batzordeko kideak. 14:00etan bertso bazkaria izanen da, Yoko Garbi elkartean. Ondotik, herriko gazteen Yoko Garbi emanaldia iraganen da Errebote plazan. 18:00etan, Ondoezik Elektrotxarangak plaza alaituko du, eta 22:00etan Plan B taldearen kontzertua izanen da. Gauerdian, kontzertu gehiago izanen dira: Ezpalak, Herenegun, eta bukatzeko, DJ Bull.
Azken eguna
Ostegunean, hots, jaien azken egunean, meza izanen da 10:30ean. 11:00etan, zubietarren arteko errebote partida antolatu dute. 14:00etan herri bazkaria eginen da, eta 18:30ean, herri kirolak. Jaiak 23:00 aldera bukatuko dira, traka eta suziriekin.
Aste bateko jaiak ez dira jai soilak, antolatzaileen helburu bakarra ez da besta baizik ez egitea. Zalduak azaldu duen bezala, Zubietako jaiak «ezinbestekoak» iruditzen zaizkio. Haren arabera, Zubieta herri txikia da, eta horrek bertako biztanleak inguruko herrietara besta egitera behartzen ditu. «Normalean, ondoko herrietara egiten dugu alde lagunekin egoteko, edo beste edozer gauza egiteko: Usurbil, Lasarte, Donostia... Herrian oso gutxi egoten gara». Besten garaiak aukera ematen die herritarrei zazpi egunez herrikoekin ibiltzeko. «Zazpi egunez herritarrak gure artean egoten gara. Zazpi egunez dena batera egiten dugu. Eta jende asko dago urtean zehar ikusten ez duguna. Oso ondo pasatzen dugu denok batera».
Nahiz eta urtez urte bestek antzeko formula izan, jai batzordeko kideak esplikatu du zenbait berrikuntza gehitzen saiatzen direla, beste ekitaldi eta aktibitate batzuk proposatzeko. Haurren egunean adibidez, Usurbilgo erraldoi konpartsak urririk den ekitaldi bat emanen dute.