Ezarian. Eskola Txikiak

Herri txikietako biziaren euskarri

Kalitateko prestakuntza eskaintzeaz gain, berebiziko funtzioa betetzen dute eskola txikiek: herri eta auzo txikiei bizirik eusten diete. Ikasgela berean adin askotako haurrek ikasten dute, hezkuntza modu naturalean jasoz.

Angiozarren, beste eskola txikietan bezala, adin askotako ikasleek batera ikasten dute. Txikienek zaharrenengandik ikasten dute. J RUIZ/ ARP.
Adrian Garcia.
Angiozar
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Herri edo auzo batean sartu, eta baloi hotsak eta umeen zalaparta entzuteak herria bizirik dagoelako ziurtasuna ematen du. Geografikoki bakartuak dauden herri eta auzoetako giroa alaitzen dute guraso eta ikasleen eskolarako joan-etorri goizean goizekoek, eta arratsaldeko jarduera eta jolasek. Eskola txikiek indartzen dute eremu horietako komunitateizaera, eta gaztetxoei euren herrian kalitatezko hezkuntza jaso eta bizitzeko aukera ematen diete.

Hezkuntzatik harago doan proiektua da eskola txikia. «Herri proiektu bat da», azaldu du Mikel Olanok Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeko presidenteak. Eskola duen herria bizirik dago, eskola horren bueltan gorpuzten baita herriko bizitza. «Eskola itxiz gero, herria hutsik geratuko litzake, hilik».

Unibertsitateko Irakasle Eskolako irakaslea da Nagore Iñurrategi, eta ondo ezagutzen ditu eskola txikietako zein handietako metodologiaren ezberdintasunak. Horregatik egin du eskola txikien aldeko hautua, eta haurra Angiozarko eskola txikian matrikulatu du. 200 lagun inguru bizi dira Angiozarren, Bergarako auzoan. Herrigunetik bost bat kilometrora dago, mendialdean. Auzora sartu bezain pronto agurtzen du eskolak bisitaria. 17 gaztetxok ikasten dute han, «familia giroan». Edurnek bi urte ditu, eta gazteena da. Zaharrenak, berriz, Uxue eta Marine dira; bederatzi urte dituzte.

Eskola txikien berezitasuna da adin guztietakoek batera ikasten dutela, adinaren arabera sailkapenik egin gabe. Haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako haurrak soilik banatzen dituzte. «Eskola txikiak ematen du aukera handiena hezkuntza ahalik eta naturalena jasotzeko. Ume batek heldu batengandik baino errazago ikasten du beste ume batengagandik», azaldu du Iñurrategik. Umeak haien artean gertuago daude, eta elkar hobeto ulertzen dute. Hurbiltasun horrek irakaspenak hobeto barneratzeko bidea ematen die. «Txikitxoenek handiagoengandik ikasten dute, gertu dituztelako, eta zer egiten ari diren ikusten dutelako». Aldi berean, zaharrenek ere asko ikasten dute txikiengandik, ikasi duten hori azaltzeko gaia ondo menperatu behar baitute. «Adin aniztasuna oso aberasgarria da pedagogia aldetik. Anai-arreben arteko ikasketa da. Edukiak ikasteaz gain, bizitzeko modua ere ikasten dute». Bizitzan naturalki egiten dena da, dio Iñurrategik. «Bizitza ez dago antolatuta adinaren araberako geletan. Adin guztietako jendea elkarrekin mugitzen gara».

Eskola handietan ematen diren ikasgai berberak ematen dituzte eskola txikietan. Metodologia, berriz, desberdina da, ezinbestean. Ikasle guztiek ez dute liburu berdina, eta gaiak proiektuka lantzen dituzte. «Guztiek gai berbera lantzen dute batera, baina bakoitzak bere neurrian». Ikasleek parte hartze handiagoa izaten dute eskola txikietan. Gainera, irakasleko ikasle gutxiago izateak arreta pertsonalagoa eskaintzeko aukera ematen du. «Kalitateko hezkuntza emateko testuinguru hobea dute eskola handietan baino».

Joseba Abraldes Angiozarko eskola txikiko zuzendaria da. Hamar urte daramatza Angiozarko haurrak hezten. Haurrek matematikak eta ohiko ikasgaiak ikasten dituzte, eta, horrez gainera, naturarekin etengabeko kontaktuan daude. «Baratzea daukagu, haurrek animaliak ekartzen dituzte...». Horrez gain, kanpotik etorritako umeak errazago integratzen dira eskola txikietan. «Orain urte batzuk Portugaldik bi ume etorri ziren. Kuadrillatxoa osatu, eta erraz integratu ziren».

Prestatuak ateratzen dira

Eskola txikian ikasteagatik haurrek ez dute arazorik izaten ondoren ikasketetan aurrera egiteko. «Ikaslearen arabera izaten da hori. Batzuek besteek baino erraztasun handiagoa dute», dio Iñurrategik. Berdin prestatuak joateaz gain, gaitasun batzuk garatuagoak daramatzate, hala nola taldean lan egiteko, aurrea hartzeko, eta elkarrekin egoteko gaitasunak.

Angiozarko eskolan, esaterako, gaztetxoen hezkuntzan gehiago parte hartzen dute «ezinbestean» gurasoek. «Txikiak gara, eta horrek harremana sendotzen du». Iñurrategik dioenez, eskola mota hori aukeratzen dutenek proiektuan «sinesten» dute, eta hobetzeko gogoarekin daude beti.

Eskola txikietara joatea egokitzen zaienean, zenbaitetan harritu egiten dira irakasleak. Lan egiteko era desberdina da, izaera berezia baitu eskolak. Irakasteko bokazioa duenak, baina, ez du inongo arazorik izaten. «Eskola handiko irakaslea txikira ekarri beharrean, txikikoa handira eraman beharko litzateke».

Administrazio aldetik babes falta sumatzen du Iñurrategik. Irakasleak egonkortzea eskatzen dute, urtero irakasle berriak izaten dituzte eta. «Ez dute apustu garbirik egiten». Iñurrategiren iritziz, erakundeek eskola txikien prestigioa zabaltzen lagundu beharko lukete. «Ikasteko aukera ona ematen dute, eta herri txikietako gurasoei helarazi behar diegu altxor bat daukagula».

Eskola txikiak betidanik izan dira herri txikietan. Andereño edo maisu batek herriko adin guztietako umeak hartzen zituen, eta denei batera irakasten zien. «Betikoa da, herri txiki guztietan gertatu da», adierazi du Mikel Olanok.

1970eko Hezkuntza legea dela tarteko, gaztetxoak herri handiagoetako eskoletara bideratzea erabaki zuten. «Eskola txiki pila bat galdu ziren». Beste batzuek, ordea, eustea lortu zuten. Eskola txiki horiek babesteko herri mugimendua sortu zuten, orain 30 urte inguru. Herrietara kanpotik joandako jendea ere konturatu zen eskola txikiei eustearen garrantziaz. «Kalitateko hezkuntza jasotzen dute, eta, gainera, herriari bizirik eusten diote». Herriarik bizirik iraunarazteko euskarritzat jotzen ditu Olanok eskola txikiak. Gipuzkoan 27 eskola txiki daude egun. «Bizirik dirauten 27 herri eta auzo».

Hastapenetan, irakasleen ekimenez sortu zen eskola txikien aldeko proiektua. 1987an, Gipuzkoako eskola txikiak elkartu, eta Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundea sortu zuten. «Orain 25 urte festa bat egitea erabaki zuten, urtero urtero 'gu hemen gaude' esateko», dio Olanok. Lehenengo festa hura Bidanian egin zuten.

Urteroko festaz arduratzeaz gain, eskola txikiei buruzko jardunaldiak ere antolatzen ditu koordinakundeak. «Mesfidantza asko dago metodologiari buruz, eta gurasoen zalantzak argitzeko adituak ekartzen ditugu».

Erakundeek bestelako errekonozimendu edo estatus bat aitortzea nahiko luke Olanok. «Eskola normal bat baino gehiago da. Funtzionatzeko era desberdin horrek nonbait idatzita egon beharko luke, eta batzorde berezi bat eduki». Erakundeek, ordea, entzungor egiten dute.

Gipuzkoako eskola txikien proiektuak ibilbide luzea darama, eta proiektua gauzatua dago. Halere, mehatxu asko daudela ohartarazi du Olanok. Krisi garaiak eta erakundeen aurrekontuak murrizteko beharrak ez die onik egiten ez hezkuntzari, ezta eskola txikiei ere. Errentagarritasun ekonomikoak beste ororen gainetik lehentasuna duen egunotan, administrazioari erosoago zaio ikasle guztiak eskola handietan pilatzea. «Behin eskola txiki bat itxiz gero, oso zaila da berriro irekitzea. Egin behar dena da kosta ahala kosta irekita daudenei eustea».

Mehatxuei aurre egiteko, Olanok ezinbestekotzat jo du hiru eragile nagusiak elkartzea: «Herri bakoitzeko gurasoak, irakasleak eta udalak bat eginez gero, edozeini aurre egiteko gai gara». Horretarako, udalak herri proiektuan parte hartzea behar-beharrezkoa da. «Gela edo eraikin berri bat behar izanez gero, udalak lagundu egin behar du. Inbertsioa da; baina, trukean, herriak bizirik iraungo du, haurrek herrian botako baitituzte sustraiak».

Harremanak sendotzea xede

Gipuzkoan dago gehien hedatuaeskola txikien mugimendua. Bizkaian hiru-lau eskola batu dira, baina ez dute Gipuzkoan duten gorpuzkera. «Haiekin harreman handia dugu, eta haziz joan daitezen nahi dugu». Araban, egoera are larriagoa da. Eskola txikiak badaude, baina elkarren artean urrun daude, eta antolatzeko zailtasun handiak dituzte. Nafarroan landa eremuko eskolak deitzen zaie eskola txikiei. «Harremana daukagu haiekin, baina beste funtzionatzeko era bat dute».Koordinakundearen helburuetako bat da harreman horiek sendotzea, jakin bai baitakite zenbat eta gehiago bildu orduan eta indar handiagoa izango dutela.

Herri txikiak nekazaritzaren eta euskararen babesleku izan dira betidanik. Umeak balio horietan hezteko eta kalitateko hezkuntza eskaintzeko aukera ematen dute eskola txikiek, lurrari lotuta eta euskaraz. Komunitateko kide garrantzitsuak dira gaztetxoak, nahiz eta, beharbada, horretaz oraindik ez ohartu: herri txikiei bizirik iraunarazten dituztenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.