ATZEKOZ AURRERA. Antonio Aretxabala. Geologoa

«Herria eta zientzia gailentzen ari zaizkie 'fracking' proiektuei»

Aretxabalak dio ez dela «bidezkoa» egungo energia sistema, eta, hori dela eta, trantsizio energetiko bat egitearen alde azaldu da.

ainara arratibel gascon
2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Jendea ez da tontoa, eta konturatu da fracking-a ez dela saldu nahi izan ziguten panazea; ez dela energia lortzeko iturri bat, isurbide bat baizik». Argi eta kritiko mintzo da fracking-az Antonio Aretxabala (Bilbo, 1963). Hitzaldia eman du Donostian, Kristinaenea fundazioak antolaturik.

Zeintzuk dira, energiaren ikuspegitik, gizarteak dituen erronkak?

Gero eta gehiago kostatzen da teknologiaren gizarte honetara ekarri gaituzten energia iturriak eskuratzea. Arazo horri denen artean heldu behar diogu. Hori da erronka. Izan ere, egun eratu dugun energia sistemak ez dauka zentzurik. Sistema horrek eragindako kalte eta albo ondorioengatik, 600 euro ordaintzen ditugu urtero munduan bizi garen herritar bakoitzak. Kopuru horrek, gainera, ez dio utziko gora egiteari, hidrokarburoetan oinarritutako sistema ekonomiko batekin segitzen dugulako.

Horri aurre egiteko, zer egin?

Trantsizio energetiko bat egin behar dugu, pixkanaka-pixkanaka, eta sistemaren egonkortasuna lortu. Egonkortasuna oso lotuta dago jasangarritasunarekin, eta alderantziz. Baina ez da egin behar soilik energia baliabideekin, baita beste baliabideekin ere: adibidez, arrantzakoekin. Baliabide natural guztiak agortzen eta suntsitzen ari da Mendebaldeko gizarte salo hau, eta ez da konturatzen zoriontsu izan gaitezkeela beharrezkoak ditugun baliabideen laurden batekin. Baina zoriontasuna BPGaren menpe dagoen bitartean...

Trantsizio energetiko hori egiteko, garai batean energia berriztagarrien aldeko apustua egin zen. Bide horrek ez du porrot egin?

Bai. Hor ere bide okerra hartu dugu. Aitzindariak izan ginen esparru horretan. Baina elektrizitate enpresa nagusiek lehiakidetzat hartu zituzten energia berriztagarriak ekoizten zituztenak. Mehatxu baten gisa hartu zituzten. Hala, presio egin zuten Espainiako Gobernuak haien aurka egin zezan. Orain, autoekoizpen eta autokontsumo energetikoa zigortzen ari dira. Horren truke, hor daude hainbat politikarik energiaren sektorean dituzten interesak. Beste herrialde askotan, Alemanian, esaterako, bidea kontrakoa da. Autokontsumo eta autoekoizpen energetikoa bultzatzen ari dira. Horri esker, iragan astean, adibidez, bi egunez doan izan zuten eguzki energia. Argi dago horrek izan behar duela bidea.

Ez dirudi, ordea, izango denik. Erakunde asko haustura hidraulikoaren aldeko apustua egiten ari dira. Zer diozu horren inguruan?

Fracking-aren aldeko apustu hori indarra galtzen ari da. Jendea konturatzen ari da ez dela saldu ziguten panazea. Fracking-a babestu zuen finantza burbuila lehertu da, eta argi geratu da ez dela, esaten zuten bezala, energia lortzeko modu jasangarri eta buruaski hura, baizik eta isurbide energetiko bat. Teknika horretan aitzindari izan da Texas[AEB], eta, han ere, fracking-aren inguruan lanean ari ziren 70.000 langile kaleratu berri dituzte.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

Zientzia eta herria gailentzen ari zaizkie fracking-aren inguruan dauden interes korporatiboei. Enpresa nagusietako asko baztertzen ari dira fracking-garen inguruan hemen zituzten proiektuak.

Krisialdia garai aproposa da aldaketa horri ekiteko?

Bai. Krisiak agerian utzi ditu pobrezia energetikoa eta gisako egoerak. Jendea jabetzen ari da gero eta gehiago ordaintzen dugula energiagatik, eta familia asko oso gaizki pasatzen ari direla horren erruz. Krisiaren ondorioz, %30 jaitsi da energia kontsumoa, baina energia enpresek gero eta etekin gehiago dituzte. Aldaketa horren abiapuntua, berriz, aberastasunaren banaketa orekatu batek ekarriko du. Zientzialariak lan handia egiten ari gara aldaketa hori gerta dadin, eta, horregatik, presio egin digute energia alorreko hainbat enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.