Zeharo hunkituta eta ikusleen txalo zaparrada eta animo oihuen artean jaso zuen atzo Ordiziako (Gipuzkoa) ardi latxen gazta lehiaketaren lehen saria Joseba Insausti Mujika artzain ordiziarrak. Irabazlearen izena berea ote zen oraindik ere zalantzan igo zen oholtzara Insausti; «sinistu ezinik». 1.700 euro, Kutxaren garaikurra, Ordiziako Udalaren diploma eta aurrerantzean ekoiztuko dituen gaztetan jartzeko 12.000 etiketa eskuratu zituen Insaustik, gazta onenaren truke.
Maiatzean Aralarren duen Esnaurretako txabolan egindako mendiko gaztarekin eskuratu zuen ordiziarrak lehiaketako lehen saria. Epaimahaikideen arabera, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa gaztandegiko gazta izan zen lehiaketara aurkeztu ziren 54 gaztetatik onenetan bigarrena, eta Olaberriko (Gipuzkoa) Aizpearena, berriz, hirugarrena.
Burua oraindik ere laino artean eta albistea barneratu nahian hasi zen kazetarien galdera sorta erantzun nahian, patxadaz, hunkituta. Denek nahi zituzten artzain irabazlearen adierazpenak jaso, eta denek nahi zuten eguneko irudia lapurtu, ordiziarra baitzen Euskal Jaietako egun nagusiko protagonistetako bat.
Gazta irabazle erdia eskuan, eta kameraz, argazkilariz eta kazetariz inguraturik geratu zen laster artzaina, ia-ia ikusten ere ez zela. Gaztaren beste erdia enkantean jarri zutela nekez ohartuko zen.
Eta Insaustik gurasoak, artzainak eta beste gogoan hartzen zituen bitartean, hark egindako gaztari salneurria jartzen hasi ziren enkantean. Juan Mari Arzak sukaldariak egin zuen lehen eskaintza: 5.000 euro gazta erdiaren truke. Berehala, baina, ezerezean geratu zen sukaldariaren proposamena. 5.600, 5.800, 6.400, 7.000... Aparra bezala goraka zihoan gazta erdiaren balioa.
Gaztarengatik lehian ari zirenen artean ziren Okeletxe harategi kateko Zigor Lasa, Jon Gorostiaga eta Ibon Artano, eta Hilario Arbelaitz eta Martin Berasategi sukaldariak. Ideia argiarekin joan ziren Okeletxe harategi kateko kideak, ordea: gazta irabazlea erostera. Kosta ahala kosta, eurentzat nahi zuten gazta irabazlea. Eta, azkenean, haiek lortu zuten saria, 8.000 euro ordainduta.
«Aspalditik buruan bueltaka genuen ideia hori», aitortu zuen Lasak, eta bururaino eramatea erabaki zuten. «Kalitateak ez du preziorik guretzat, eta, beraz, ordaindu behar zena ordaintzeko prest ginen», gaineratu zuen.
Izan ere, «tradizioaren, kalitatearen eta bertako produktuen aldeko apustua egiten dugu guk. Eta gazta hau, hain zuzen, horren isla eta erreferentzia da. Oso argi genuen, beraz, gazta erdia guk erosiko genuela», gaineratu zuen Gorostiagak.
Patrikak hustuta, baina urrezko gazta erdia eskuetan eta helburuak beteta, pozik etxeratu ziren Okeletxeko lagunak.
Euskal jaiak. Ordizian
Herrian bertan geratu da saria
Joseba Insausti artzain ordiziarrak irabazi du Euskal Jaietan egiten den Ordiziako ardi latxen gazta lehiaketa. Okeletxe harategi kateak erosi du gazta irabazlearen erdia enkantean, 8.000 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu