«Herriarekiko maitasunagatik» fusilatu zuten apaiza

Nazionalismoa, erlijioa, euskara eta kultura zituen ardatz Aitzolek; preso hartu, eta bi egun barru fusilatu egin zuten

jon eskudero
Tolosa
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Euskal Herrian estimu handiko pertsona izan zen Jose Ariztimuño Aitzol. Are gehiago, estimu izugarria du oraindik ere, hark eginiko hainbat ekarpenek bizirik jarraitzen dutelako. Baina nor zen Aitzol?

Batez ere, euskalduna eta euskaltzalea zen. Gogor lan egin zuen hizkuntzaren alde. Bizitza galtzeraino. 117 urte dira Tolosan (Gipuzkoa) jaio zela; eta 77 urte Hernanin (Gipuzkoa) fusilatu zutela. Nazionalismoa, euskara, erlijioa eta kultura izan ziren haren bizitzaren ardatzak. Bi liburu baino ez zituen argitaratu: La muerte del euskera, 1931. urtean, eta La democracia en Euzkadi, 1935ean.

Tolosan giro abertzalean hazi zen Aitzol, eta, bere senide gehienen gisan, erlijioaren bidea hautatu zuen. 13 urte zituela, Comillasko apaiztegira (Santander) joan zen. 1922. urtean ordenatu zuten apaiz, Gasteizen. Lehenengo urteetan Bartzelonan aritu zen, eta 20ko hamarkadan katalanismoaren lehen urratsak gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan zuen. 1924an Beasaingo Garin auzoko elizara (Gipuzkoa) joan zen apaiz. Ordurako buru-belarri sarturik zegoen abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruko mugimenduan.

Besteak beste, El Día egunkariaren sorreran parte hartu zuen. Egunkari hori 1930eko ekainaren 1ean kaleratu zuten estreinakoz. Hain zuzen ere, egunkari horretan hasi zen Aitzol ezizena erabiltzen, bere lehen bi abizenen laburduratik sortutakoa. Prentsan ez ezik, hezkuntzan ere jardun zuen. Zehazki, Euskaltzaleak elkartea sortzeko lanean aritu zen; baita eskola elebidunak eraikitzeko ahaleginean ere. Olerki Egunen eta Bertsolari Egunen sorreran ere partea izan zuen.

Aitzol herri literaturatik gertuago sentitzen zen literatura jantziagotik baino. Garai hartan euskara jasoa erabiltzen zuten ia denek poesia egiteko momentuan. Hainbati ulertezina zitzaien hizkuntza hori; Aitzolek herriko euskara aldarrikatzen zuen. Esate batera, Lauaxetarekin eta Lizardirekin oso kritikoa izan zen.

Ez dute gorpurik topatu

1936ko gerra hasi zenean, Ipar Euskal Herrira joan zen bere lagun mina zen ELA sindikatuko Jose Maria Benegasekin batera. 1936ko urriaren 15ean Galerna itsasontzian Bilbora bidean abiatu zen, baina Pasaian (Gipuzkoa) itsasontzia preso hartu, eta bertan zihoazen guztiak Ondarretako kartzelara eraman zituzten. Noski, tartean zegoen Aitzol ere. Bertan, torturatu egin zuten, eta bi egun geroago, berriz, fusilatu. Hain justu, urriaren 17an fusilatu zuten frankistek, Hernaniko herrian.

Oraindik ez dute Aitzolen gorpurik inon topatu. Arantzadi zientzia elkartea lanean aritu da helburu horrekin, baina ez du gorpurik aurkitu. Dena den, lanean jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.