Herriko ikurrari azoka

Gazta Azoka egingo dute gaur eta bihar, Idiazabalen. Arantzazuko artzain eskola omenduko dute sektoreari egindako ekarpenagatik

Iratiko gaztaren postu bat, Idiazabalgo Euskal Gaztaren Azokan, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU.
ane insausti barandiaran
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Herriak ematen dio gazta motari izena, eta gaztak kokatu du askoren mapan Idiazabal (Gipuzkoa). 1998tik ospatzen dute herrian Gazta Eguna, eta, azken urteetan, eguna zena bi eguneko azoka bihurtu dute, jaia igande eguerdiko azokara ez mugatzeko. Herriko produktu izarra den bezalakoa izan dadin, artzainek egindako lanari balioa ematea da xedea.

Urtero bezala, Euskal Herriko gaztak gailenduko dira azokan. Aurten, ordea, Espainiako eta Portugalgo hainbat gazta dastatzeko aukera ere izango da. Hori dela eta, izena aldatu diote azokari: euskal gaztaren azokatik gaztaren azoka izatera pasatu da.

Azoka «sentsazioz beterikoa» izatea nahi dute antolatzaileek. Hortaz, artzainen bizimodua ezagutzeko, ardien ile moztea eta gazta egiteko prozesua bertatik bertara ikusteaz gain, horiek guztiak egiten ikasteko aukera ere izango dute hara biltzen direnek. Gainera, Aritz Ganboa artzainarekin batera, larreetara igoko dira parte hartzaileak, ganadua nola gobernatzen den ikusteko.

Mami lehiaketak ere ez du hutsik egingo, beste urte batez. Aurten, ordea, gaur bertan egingo dute, larunbatean, eta ez bezperan, gainerakoetan bezala. Bi baldintza bete beharko dituzte lehiaketako parte hartzaileen mamiek: batetik, latxa ardiaren esne gordinez egindakoa izatea, eta, bestetik, esnea eta gatzagia, besterik ez izatea.

Tokiko sukaldaritza bultzatzeko helburuz, showcooking-a ere antolatu dute aurten. Iker Markinez sukaldaria izango dute gidari, 17:30ean. Haren atzetik egingo dute Idiazabalgo gaztaren dastaketa komentatua, Igor Hernandezen eskutik. Eguna festa giroan amaituko dute, Aiko taldearen erromeriarekin.

Bihar, azokaz gain, haurrentzako artzain jolasak eta gazta txapelketa herrikoia egingo dituzte. Artaldea igaroko da herriko kaleetatik, eta ile-mozketa erakustaldia eta artilea lantzeko tailerra ere izango dira. 14:00etan egingo dute omenaldia eta sari banaketa; parte hartzaileen bazkariarekin itxiko dute egitaraua.

Omendua, eskola

1998. urteaz geroztik, Gazta Azokak herriko artzainen bati omenaldia egiten dio, herriari egindako ekarpena eskertzeko. Dena den, garai bateko artzain guztiak omendu dituzte dagoeneko, eta Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) Artzain Eskolari egingo diote gorazarre aurten, 25. urteurrena du eta: «Urte hauetan artzaintzaren alde egin duen lana omendu nahiko genuke aurten», azaldu dute ohar bidez antolatzaileek.

Artzain berriak sortu eta trebatzeko xedez sortu zen Artzain Eskola, eta, mende laurdenean, hirurehun ikasletik gora igaro dira bertatik. «Ofizioa eguneratu, profesionalizatu eta duindu dute, baita artzainen arteko sare bat josi ere, elkar ulertzen eta zaintzen duena», nabarmendu dute.

V. Gazta Azoka

Gaur eta bihar, Idiazabalen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.