Herritarren (kont)zientzia

Gero eta gehiago dira herritarren zientziako proiektuak: herritarrak landa lan zientifikoan jartzen dituztenak, ikerlari adituekin elkarlanean. '#Sugebizi' da horietako bat. Helsinkiko Unibertsitateko ikerlari Amaia Gonzagak hari buruzko lan bat ondu du.

HERRITARREN ZIENTZIA
BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Aldebikoa behar du izan norabidez eta onuraz. Laguntza eskatu duelako batak, laguntza eman diolako besteak, eta jakintza delako finean trukatu dutena. Herritarrak ataza zientifikoan aktiboki biltzen dituzten horiek dira herritarren zientziako proiektuak. Ezagutza berriak eta ulermen hobeak sortzen dituzte; emaitza zientifikoak. Zientzialari profesionala eta herritar xumea uztarri berean. Zientziaren demokratizazioa da herritarren zientziak hizpidera dakarrena. Elkarlanean egiten dena, eta elkarlanak sortzen duena: herritarren (kont)zientzia.

«Gizarte guztiarentzat da onuragarria herritarren zientzia. XIX. mendean, profesionalizatu egin zen zientzia. Herritarren zientziari esker, pertsona askoren egunerokora bueltatu daiteke, eta ez da geldituko espazio jakin batzuetan murriztuta eta gutxi batzuen esku. Apurtu egiten baitu batere errealista ez den ikuspegi horrekin: jakintza aditua instituzionalizatua edo profesionala bakarrik dela dioen horrekin. Zientziaren historiak erakusten du —ez alor guztietan eta ez modu berean— hori ez dela horrela», hausnartu du Maite Pelachok, Herritarren Zientziaren Espainiako Behatokiko koordinatzaile, Ibercivis fundazioko kide, ikerlari eta fisikariak.

«Bi norabidekoa edo norabide anitzekoa da herritarren zientzia. Ehunka artikulu zientifiko daude herritarrek datu horiek guztiak eman ezean idatziko ez zirenak».

MAITE PELACHOHerritarren Zientziaren Espainiako Behatokiko koordinatzailea

Gero eta gehiago, eta gero eta askotarikoagoak dira herritarren zientziako proiektuak. Ibercivis fundazioa 2006tik ari da alor horretan lanean, eta 2016an jarri zuen abian bere behatokia: Espainiako Estatuan egiten ari diren herritarren zientziako proiektuen katalogoa, besteak beste. Ehunka daude webgunean, era guztietakoak. Elkarlanean sortutako plataforma bat da. Bakoitzak azaltzen du bertan zertan ari den, non ari den, eta herritarrak nola lagundu dezakeen. «Zientzialarientzat aukera bat da herritarren zientzia: beren egitekoa osatzeko aukera, herritarren parte hartzeari esker. Biodibertsitatearen eta kontserbazioaren alorrean du erabilera eta indarrik handiena, baina ikerketarako alorrak geroz eta zabalagoak dira: ekonomia, arkeologia...», azaldu du Pelachok.

Herritarren Zientziaren Europako Plataformako kide ere bada Ibercivix: EU-citizen.science. Mundu guztian hartu du indarra aspaldian herritarren zientziak. «Beti existitu izan da, baina 90eko hamarkadatik aurrera sekulako hazkundea izan dute herritarren zientziako proiektuek: Interneten sorrera, sakelakoak eta sare sozialak funtsezkoak izan dira garapen horretan», nabarmendu du ikerlari donostiarrak. Aldebikotasuna erraztu baitute teknologia berriek, eta funtsezkoa da hori: «Bi norabidekoa edo norabide anitzekoa da herritarren zientzia. Ehunka artikulu zientifiko daude herritarrek datu horiek guztiak eman ezean idatziko ez zirenak. Badaude zientzialari profesionalak ez dutenak ekiteko modu hau ikusi eta herritarren zientziak duen potentzialitateaz ohartu direnean bat egin dutenak». 

Helsinkiko Unibertsitateko lana

Horretaz guztiaz jabetuta egin zuen bere lana Amaia Gonzaga iruindarrak. Ingurumen Biologiako lizentziaduna da, eta Helsinkiko Unibertsitateko ikerlaria. Masterra egiten ari zela agindu zioten bertan lan bat: espezieen distribuzioari eta datuak modelizatzeari buruzkoa. «Espezie bat edo espezie talde bat aukeratu, eta horien behaketak bilatzeko esan ziguten. Interneten herritarren zientziako proiektu pila bat daude, baina ilusioa egiten zidan Euskal Herriko proiektu bat lantzeak», azaldu du Gonzagak berak.

Garai horretan, #txiobatputzuan proiektua ari ziren lantzen Aranzadi zientzia elkartean. Gonzaga Iñaki Sanz-Azkuerekin jarri zen harremanetan. «Datuak eskatu nizkion, eta eman zizkidan. Hura proba moduko bat izan zen. Aurreneko aldia zen. Igela espezie erraz bat zen, erraz samarra mendian ikusteko, ez zuena eztabaidarik sortzen. Datu pila bat sortu zituen hark. Eta Aranzadin hasi ziren pentsatzen: ‘Eta sugeekin egiten badugu?’. Jendea hasita zegoelako ordurako Twitter bidez Iñakiri galdezka: ‘Hau zer suge da? Pozoitsua da?’».

Ikergaia aldatu zuen Gonzagak: «Apustua izan zen #sugebizi. Sugeen berezitasuna baita profesionalentzat eurentzat ere zailak direla aurkitzeko. Sugeei buruzko behaketarik apenas zegoen. Herritarrei egin zieten eskaera, eta datuak biltzen hasi ziren. Sekulako arrakasta izan dute: ia hirurehun behaketa urtero. Herpetologo batentzat, pila bat dira». Datu asko, eta baliotsuak: «Ikerlarien behaketak eta herritarren behaketa oso ezberdinak dira alde askotatik, baina biak dira baliotsuak. Ikerlariek, behaketak egitera joaten direnean, erabat sistematizatua dute prozedura, badakite zer esfortzu jarri, indarrak neurtu, estatistikoki arazorik ez izateko. Datuak ere modu ezberdinean tratatu behar dira horregatik. Zientzialari nolabait profesional batek lortutakoek eta herritarren zientziaren bidez lortutakoek lerrokatze ezberdinak dituzte, baina baliotsuak dira denak».

«Irakatsi ziguten lehen gauza: ‘Herritarren zientziako proiektu on bat egin nahi baduzu, informazioak aldebikoa izan behar du’».

AMAIA GONZAGAHelsinkiko Unibertsitateko ikerlaria

Eta Gonzagak dio ez dela hori balio bakarra: «Herritarrek bidaltzen duten informazioa oso garrantzitsua da, baina garrantzitsua da herritarrak horretan sartzea eta kontzientziatzea ere, ingurumenari buruz ikastea». Aldebikotasuna nabarmendu du ikerlari nafarrak ere: «Irakatsi ziguten lehen oinarria da: ‘Herritarren zientziako proiektu on bat egin nahi baduzu, informazioak aldebikoa izan behar du’. Ikerlariak ere zerbait eman behar dio herritarrari. Badago jende asko naturazalea dena baina ez duena baliabiderik unibertsitatean sartzeko edo ez duena bere burua ikusten halako ikerketa lan batean. Herritarren zientziaren balio handi bat da zientzia guztiz irekitzen diola edonori. Edonork eman dezake informazio baliagarria».

Iberiar penintsulako Herpetologia Kongresuan aurkeztu zuen Gonzagak bere lana, 2021ean. «Urte batzuk geroago ikusita, konturatzen zara bazeudela arazoak metodologiarekin eta modelizazioarekin». Ez dauka gaia albo batera utzita. Jussi Makinen Helsinkiko Unibertsitateko irakasle finlandiarrarekin jarri da harremanetan. Bioinformatika algoritmikoaren eta datu egitura laburren arloetan lan egiten du. «Modelo berriak atera eta distribuzio estimazioak hobetzea da haren helburua: herritarren zientziari esker lortutako datuekin nola osatu espezieen distribuzio modelo hobeak. Mintegi batean aurkeztu zuen hori, eta harengana joan nintzen amaieran. Komentatu nion Aranzadiren proiektua. Berak egindako lana gure behaketei aplikatzea litzateke orain kontua. Gustatu zitzaion ideia».

Sare sozialen erabilera

Aranzadiko Herpetologia Saileko zuzendaria da Carlos Cabido. #sugebizi proiektuaren arrakastaz mintzo da hura, eta nola den herritarren zientziaren eredu ezin hobea. «Herritarren zientziako proiektuen helburu orokorra bada dibulgazioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa ere. Jendearen inplikazioaren bidez, balio handiagoa ematen zaio behatzen den horri. Sugeen taldea bada estrategikoa, alde horretatik. Laidoztatua izan delako, jendeak ez dielako estimu handirik, eta oharkabean pasatzen direlako».

«Herritarren inplikazioaren bidez, jendeak balio handiagoa ematen dio behatzen ari den horri».

CARLOS CABIDOAranzadi zientzia elkarteko Herpetologia Saileko zuzendaria 

Cabidok dio «oso inteligentea» izan zela euren proiekturako sare sozialak erabiltzea: «Ikusgaitasuna ematen dio horrek proiektuari. Ez baita gauza bera zuk datu bat bidaltzea pertsona jakin bati eta haren erantzuna jasotzea, edo hori berbera sare sozialetan egitea». Zergatik? «Kontzienteki edo inkontzienteki badakizulako datu hori jende gehiagok ere ikusiko duela. Eta animalia sozialak gara: gustatzen zaigu gauzak egitea, eta besteek egiten dugun hori ikustea. Sare sozialek zuzeneko eta bat-bateko erantzuna ahalbidetzen dute: galdera bat egiten duzu, eta badago norbait beste aldean momentuan erantzuten dizuna. Are gehiago, pertsona aditu horrek erantzun beharrean, batzuetan beste erabiltzaile batek erantzuten dizu. Sare sozialen beste bertute bat baita komunitatea sortzen dutela».

Aurten ere egingo dute ahalegina. Ez dute erakundeen laguntzarik lortu, baina apirilaren 1ean hasiko da #sugebizi. «Sugeena ez da talde mediatiko bat, informazio gutxi dago haien inguruan, eta ez daude katalogatuta, ez baitakigu zer egoeratan dauden. Ez dute erakundeen interesik pizten. Horregatik da horren zaila halakoentzat diru laguntzak lortzea, bai ikerketa zientifiko profesionalentzat eta baita #sugebizi-ren gisako proiektuentzat ere. Nahiz eta gero erakunde batzuek baliatzen dituzten herritarren zientziaren bidez lortutako datuak euren txostenak egiteko, batzuetan era bidegabean eta ez oso arduratsuan». 

#sugebizi

  • Noiz hasiko da? Apirilaren 1ean. 
  • Zer egin behar da? Ikusitakoa sugeari argazki bat atera, eta X sare sozialaren bidez partekatu, koordenatuak emanda, eta #sugebizi traola jarrita. Aranzadiko herpetologoek datua gordeko dute, eta sugea zer espezietakoa den argitzen saiatu.
  • Zenbatgarren urtea da? Laugarrena.
  • Zeintzuk dira aurreko urteetako datuak? 2021: 170 sugezain izan ziren, eta 334 aipu jaso zituzten. 2022: 149 sugezain, eta 273 aipu. 2023: 150 sugezain, eta 245 aipu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.