Hesiak hautsi, ateak ireki

Bizilagunak egitasmoa, Europan sortu, eta Euskal Herrira iritsi da pixkanaka. Bertako eta kanpoko familiek elkar ezagutzea du helburu; zurrumurruak albo batera utzi, eta aurreiritziak eta estereotipoak haustea. Egun batean elkartzen dira, bazkaltzeko, baina urte osora zabaldu nahi dute dinamika.

Tolosaldeko parte hartzaileak. Herrera, Eguzkitza eta Amaia Iturria antolatzailea, kartelarekin, Tolosan (Gipuzkoa). IMANOL GARCIA LANDA / TOLOSALDEKO ATARIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizartean sortzen diren zurrumurruen hesiekin hausteko asmoz, beste urte batez bueltan da Bizilagunak dinamika. Bertako familiak eta atzerritik etorritakoak mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkaltzeko bihar; elkar ezagutzeaz gain, aurreiritzi eta estereotipoak deseraikitzea du helburuetako bat egitasmoak. Europan egin zituen lehen urratsak, eta SOS Arrazakeriak ekarri zuen proiektua Euskal Herrira, Gipuzkoara hain zuzen; poliki-poliki zabaldu zen gainontzeko herrietara.

«Bizilagunak egitasmoa soilki familiek elkar ezagutzeko helburuarekin sortu zen; gaur egun, ordea, zurrumurruen aurkako estrategia baten barruan ere kokatzen dugu», esan du Mabel Argote EAEko CEAR-eko kide eta Arabako Bizilagunak egitasmoko antolatzaileak. Euskal Herrian duela zazpi urte egin zen lehendabizikoz.

Bazkaltzeko elkartzen dira, eta, bertako eta kanpoko familiez gain, bada dinamizatzaile bat ere. Beatriz Eguzkitza parte hartzaileetako bat da, Adunakoa (Gipuzkoa); dinamizatzaileak familien arteko hasierako harremanean «izotza apurtzen» laguntzen duela azaldu du. Argotek, berriz, gaineratu du esperientzia duten familietan sarri ez dagoela dinamizatzaile rola izango duen inoren beharrik.

Komunikabideetan izan zuen egitasmoaren berri Eguzkitzak; elkarrizketak entzun zituen, baita bazkariak nola antolatzen ziren ikusi ere. Parte hartzera animatu, eta jada hiru urte daramatza proiektuan barneratuta; aurten ere familia bat hartuko du etxean. Juantxu Oskoz gasteiztarra ere ohiko parte hartzailea da; hirugarrenez hartuko du parte egitasmoan. Hark duen txokoan egin ohi ditu bazkariak, familiakoekin batera. «Bizi garen herri honetan dena bazkari on batekin konpontzen dela esaten dut beti, eta adeitsuak garela etorri direnekin», azaldu du Oskozek. Horrez gain, aurretik familiekin harremanetan jartzeko aukera ere izan ohi dutela gaineratu du. Esaterako, bazkariko postrea nork eramango duen zehazten dute aurrez familiek.

Bertako familiez gain, badira jatorriz beste herrialde batzuetakoak diren parte hartzaileak ere; adibidez, Karen Herrera, Tolosan (Gipuzkoa) bizi den hondurastarra. «Ezagun batek egitasmoaren berri eman zidan, eta izena ematera animatu nintzen; lehen bazkarian gonbidatua izan nintzen, eta familia euskaldun baten etxean egon nintzen, bertako janaria probatzen», esan du Herrerak.

Esperientzia hartatik abiatuta, hurrengo urtean etxean bi gazte tolosar hartu zituen; gaineratu du senarrarekin batera Portugalgo eta Hondurasko jakiak prestatu zizkietela gonbidatuei.

David Traore Gasteizen bizi den bolikostarra ere aurrez izandako esperientzia baten ostean animatu zen egitasmoan parte hartzera. Familia parte hartzaileen artean egiten den jai batean izan zen Kultura Reggae Band bere musika taldearekin batera, iaz. «Nazionalitate guztiak batu ziren ahots bakar batean; esperientzia hartatik abiatuta, orain gonbidatu moduan hartuko dut parte», azaldu du Traorek. Haren esanetan, halako bizipenekin, jendea ezagutzeaz gain, sentsazioak bizitzea eta kulturak trukatzea du desio.

Argotek azaldu duenez, mahaiaren inguruan elkartuko diren familiena zentzu zabalean ulertu beharra dago: «Batzuetan familia handiak izaten dira, aitona-amonek eta ilobek parte hartzen dute; beste batzuetan, berriz, kide bakarreko familiak daude». Antolatzailearen esanetan, familia ugarik jatorrizko herrialdean dituzte senideak. Eguzkitzak ere azaldu du alabarekin eta ahizparen familiarekin antolatu ohi duela bazkaria, familia txikia direlako. Herrerak, berriz, senarrarekin eta semearekin batera, inguruko lagunak ere gonbidatu izan ditu bazkarietara: «Garrantzitsuena familia bat garela sentitzea da; arrazismoa albo batera utzita, denok batentzat eta bat guztiontzat».

Bizilagunak zurrumurruen aurkako egitasmo bat ere bada. «Garrantzitsua da mahai inguruan eseri eta elkar ezagutzea; leku berean bizi arren, sarri bi mundu ezberdinetan bizi gara», esan du Eguzkitzak. EAEko CEAR-eko kideak ere bat egiten du esandakoarekin; gaineratu du nahiz eta teorikoki guztiek aniztasun kulturala defendatu distantzia laburrean egon arte ez direla hausten aurreiritziak eta estereotipoak. Keinu politiko bat ere badela nabarmendu du: «Ezin baditzakegu mugak zabaldu, has gaitezen gure etxeetako ateak zabaltzen». Traorek azaldu du halako egitasmoekin etorkinei eta errefuxiatuei leiho bat irekitzen dietela, «norberak duena banatuz eta lagunduz». Esaterako, azaldu du Afrika oso pobrea izan arren han duten guztia banatzen dutela elkarren artean. Horrez gain, arrazismoa ere gogoan izan du: «Arrazismoa beti existituko da, baina ez dadila bortitza izan; elkarren arteko desberdintasunak onartu, eta elkarbizitzarako pausoak eman beharra dago, minik eman gabe».

Horretarako bidea emango du Bizilagunak egitasmoak, bihar han eta hemen egingo diren bazkarietan. «Uste dut gauzak ez direla egun batetik bestera aldatuko, baina Bizilagunak egiten ari den lana ikaragarria da», esan du bolikostarrak. Gainera, nabarmendu du etxeetako ateetan txirrina jotzea ezinbestekoa dela proiektu honen atzean dagoena ikusarazteko. Oskozek ere esan du parte hartzaileen kopurua ederra dela: «Uzta ona izaten ari gara, eta ardo ona ari da ematen; bazkariak ezberdinak dira, baina pila bat aberasten dute». Halere, nabarmendu du oihu egiten jarraitu beharra dagoela, «gizartea usteekin nahastu ez dadin». Adunarrak azaldu du bazkaria elkartu eta hitz egiteko aitzakia bat besterik ez dela. Familia marokoar bat hartuko du aurten etxean; beraz, argi du txerrikirik ez dutela jango. Herrerak, berriz, aurten ez du familiarik hartuko etxean, baina lagun bat animatuko du egitasmoan parte hartzera: «Aurten ezin izango dut bazkaririk antolatu, baina lagun bat animatu nahi dut anfitrioi izatera; nik lagunduko nioke bazkarirako guztia prestatzen».

Urte osoko dinamika

Bazkariaren egunaz harago, urte osora zabaldu nahi duten egitasmo bat da Bizilagunak; harremanak sendotu ahala, familia osatzeko aukera. «Behin etxeko ateak ireki eta bizitakoa gustatu ostean, aurrera jarraitzeko gogoa pizten zaizu; bazkarien ostean sortzen den harremana sekulakoa da», esan du Oskozek. Herrerak ere bat egin du; oraindik badu harremana lehenengo bazkariko familiarekin, eta haren etxera bazkaltzera gonbidatu ditu. Eguzkitzak ere azaldu du herrian antolatu izan dituzten ekitaldietara gonbidatu dituela bazkarietan ezagututako emakumeetako batzuk: «Emakumeen Egunean mahai inguru bat antolatu genuen; bazkarietan ezagututako emakumeak gonbidatu genituen, eta bakoitzak jaioterrian ohikoa den jakien plater bat eraman zuen».

Horrez gain, badira festa handiagoak. Adibidez, Bizilaguna Zirkus antolatu zuten urriaren 28an, Donostian. Elkarrekin gozatzeko helburuarekin, tailerrak, munduko bazkariak eta hainbat herrialdetatik iritsitako artisten zirkua izan ziren eguneko protagonista. Herrerak azaldu du egun hori izugarria izan zela: «Jende pila bat elkartu zen, eta poza nabaritzen zen». Araban ere, bazkariak egin ostean, parte hartzaile guztien elkargune izaten den jaia ospatzen dute; aurten, abenduaren 1ean egingo dute, Hegoalde gizarte etxean, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.