Baionako Euskal Museoko pasabideetan, gaur, norbait entzun dute ahapeka Bernart Etxepare izeneko gizon baten eta Luis Borboikoa izeneko beste baten istorioak kontatzen. Lehena erretorea zela, baina informazio guti baizik ez direla haren bizitzaz; bigarrena noblea, Antonio Borboikoaren anaia, zeina Joana Albretekoarekin ezkonduz Nafarroako errege bilakatu baitzen 1555ean. Hori baino hamar urte lehenago, 1545ean, euskaraz argitaratu zen lehen liburua inprimatu zuen François Morpainek, Bordelen (Okzitania): Linguae Vasconum Primitiae. Bernart Etxeparek idatzi zuen, eta urte hartan Luis Borboikoak erosi zuen alea besterik ez da geratzen gaur egun, jakinarazi denez. Baionako Euskal Museoak harrera egin dio liburuari goizean, eta urtarrilaren 11 arte egonen da bertan ikusgai.
Goizeko prentsaurrekoaren eta estreinaren harrabotsaren ondotik, soinurik kasik ez zen haboro entzuten arratsaldean museoan; maiestatezko giro batek erakusketa gelak bete balitu bezala. «Hainbeste aipatu, eta ikusi behar genuen», xuxurlatu du bisitari batek. Ttipi geratu da Linguae Vasconum Primitiae obraren alea, liburuak duen famaren handitasunarekin konparaturik. Berinazko kutxa batean ederki instalaturik eta argiturik dago, Kontrapas [gaur egungo grafian] testua agertzen duen orrian zabaldurik.
Holaxe jarririk, ez zaio liburuari estalkia ageri. Alta, estalkiak berak kontatzen du gaur arte heldu den liburuaren ibilbidea: txahal larruz egina da, «larru onez», iduriz; puntzoi batekin markaturiko laukia du gainean, zilarrez eta urrez koloreztaturik, zitori bana izkinetan. Baina, batez ere, Luis Borboikoaren armarria du lauki horren erdian, zeinak bide ematen baitu jakiteko mendeak zeharkatu dituen alea Luis Borboikoarena zela, liburua erosi eta estalkia eginarazi ziona. Garaian «xuriz salduak» ziren liburuak, eta jabeek estalkiak eginarazten zituzten gero.
In-quarto plegaturik dira liburuaren 28 orriak, horrek erran nahi baitu oinarrizko orriak berritan plegatu zituztela bitan, zortzi orrialderen lortzeko aldiro; erraterako, letraz izendatuak dira orriak, zortzi orrialdero. Eta horietakoren batean agertzen da Kontrapas daramana. Xabier Leteren ahairea ezagun da kasik museoko geletan. Prosaz idatziriko aitzinsolasetik landa, debozio olerkiak sartu zizkion obrari Etxeparek, eta maitasun profanoei buruzkoak gero, Emazteen fabore tarteko; bertsoak ere badira, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zenekoa kontatzen dutenak; azkenik heldu dira Kontrapas eta Sautrela, liburuko testurik ezagunenak, agian.
Urtarrilaren 11 arte, literaturzaleek Etxepareren obraz ikasteko eta hura dastatzeko aukera ukanen dute Baionako Euskal Museoan.