Hezueria da ezagutzen den gaixotasun zaharrenetako bat. Odolean azido urikoak maila normalak gainditzen dituenean, horrek dakarren ondorioa, gota atakea deritzona, aspalditik ezagutzen dugu: gogoratu bestela, zineman adibidez, Erdi Aroko errege edo gotzain gizen eta lodikoteek haien oinetako behatz potoloan izan ohi zituzten min gogor haiek. Eta azken urteotan egoera hori ia desagertua zegoela uste arren, pertsona aski gazteen artean ere horrelakoak behin edo behin gertatzen direnez, gaitzaren arrazoiak zeintzuk diren ikusteko modua izango dugu gaurko lan honetan.
Arrazoiak eta garapena
Hezueria atakearen arrazoia azido urikoak odolean maila normaletik gora zirkulatzea da, substantzia horrek giltzaduretan pilatzen diren kristalak sortzen baititu, artikulazioetan mina eta hantura eraginez.
•Zer da? Azido urikoa modu naturalean sortzen da gure gorputzean, purina izeneko zenbait proteinen metabolismoaren ondorioz. Baina gure gorputzean purina gehiegi baldin badaude, azido uriko gehiegi kontzentratzen da. Odoleko azido urikoaren zifrak 7 mg/dl-tik gora badaude gizonezkoetan, edo 6 mg/dl-tik gora emakumeetan, hezueria jasateko arriskua areagotu egiten da, batez ere neurri horiek luzaroan mantentzen badira.
•Zergatik gertatzen da? Arrazoirik usuena azido urikoaren metabolismoaren alterazioa izaten da, bai normala baino gehiago ekoizten delako, bai gorputzetik azido urikoa kanporatzeko zailtasunak daudelako. Eta esan beharra dago alterazio hori hereditarioa izan ohi dela kasurik gehienetan, beste faktore batzuen eraginez ere gerta daitekeen arren —gaixotasun jakin batzuk, edo diuretikoak eta salizilatoak moduko botiken kontsumoa, arrazoi nagusiak aipatzearren—.
Arrisku faktoreak
Aurrez aipatutakoez gain, badira hezueriaren agerpena erraztu dezaketen egoera edo baldintza batzuk:
•Adinean aurrera joatea. Zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango dira azido urikoaren neurri altua izan eta hezueria atakeak jasateko. Edozein adinatako pertsonak izan daitezkeen arren, intzidentzia ikaragarri gehitzen da 40 urtetik aurrera.
•Sexu maskulinoa. Gizonezkoek gaitz hau jasateko duten arriskua emakumeena baino lau aldiz handiagoa da. Zahartzaroan, ordea, balio horiek orekatu egin ohi dira, emakumeak, menopausiaren ostean, galdu egiten baitu estrogenoen eragin babeslea.
•Gehiegizko pisua. Normala baino gehiago pisatzeak gehitu egiten du odoleko azido urikoaren kontzentrazioa, bi arrazoi direla medio: produkzioak gora egiten du, batetik, eta kanporatzea zaildua dago, bestetik.
•Alkohol kontsumoa. Edari alkoholikoak ere kalterako izaten dira, gorputzak azido urikoa gernuaren bitartez kanporatzeko duen ahalmena gutxitu egiten baitute.
•Jan neurria. Badira purinetan aberatsak diren jakiak —esaterako, haragi gorriak, erraiak, arrainak, arrain urdina esaten zaiona bereziki, eta mariskoa—, bide batez azido urikoaren maila igoarazi egiten dutenak. Horregatik, gure eguneroko dietatik jaki horiek kentzeak gaitza sendatzeko balio ez duen arren, elikagai horien kontsumoa murrizteak hezueriari aurrea hartzen lagun dezake.
Sintomak
Odolean azido urikoaren neurria igotzeak ez dakar berez inolako sintomarik. Horregatik, sarritan hezueria atake bat agertzean izango du pertsonak gaitzaren berri. Eta kontuan hartu behar da, gainera, azido urikoa altu duten pertsona guztiek ere ez dutela era horretako atakerik izango.
•Min akutua. Azido urikoak kristalak sortzen ditu, giltzaduretan orratzak balira bezala sartzen direnak. Kristalak pilatzeko lekurik usuena oineko behatz potoloa izaten da, garai bateko pinturetan edo zineman pertsonaia lodi eta aberatsetan askotan ikusi izan dugun bezala —ia beti gizonezkoak izaten ziren, erregeak, gotzainak edo handikiak oro har, gainerako herritarrek nekez jango baitzuten haragi gorririk edo mariskorik—, baina beste giltzadura batzuetara ere zabal daiteke. Minaz gainera hantura, azalaren gorritzea eta tenperaturaren igoera gertatuko dira erasandako artikulazioan. Eta egoera mingarri horrek hainbat egunetan iraun dezake.
Tratamendua
Jokatzeko modua gaitzaren larritasunaren araberakoa izango da, baina automedikazioa erabat baztertua dago kasu guztietan. Beraz, edozein susmoren aurrean, zoaz medikuarengana, eta ez hasi zure kasa botikak edo erremedio bitxiak saiatzen.
•Hezueria atake baten aurrean:
—Egoera horretan, medikuak hanturen aurkako ez esteroideak (AIEEak esaten zaie) errezetatuko ditu, kopuru handian. Eta urdaileko arazoak baztertzeko, botika horiekin batera babesle gastriko bat hartzea gomendatzen da.
— Atsedena hartu behar da, erasandako lekuaren mugimendu edo presio oro saihestuz,mina gehitu egin baitezakete. Horretarako, onena etzanda egotea da, eta behar izanez gero, giltzadura ohol batekin immobilizatzea.
— Hantura gutxitzeko, giltzadurari goian eustea gomendatzen da. Eta gauez, oheko arropa altxatzeko haga edo makilatxo bat jarri ohe barruan, maindireak mindutako giltzadura ukitu ez dezan.
•Azido urikoaren neurria jaisteko. Behin hezueria atakea kontrolatu ondoren, helburua izango da odolean azido urikoaren neurri normalak lortzea. Horretarako, badira gorputzean azido urikoaren produkzioa murrizten duten botikak, eta baita bere ezabatze edo iraizpena errazten dutenak ere. Baina medikuak errezetatuko ditu beti horrelakoak, eta sekula ere ez atakea den bitartean, gaixoaren egoera larriagotzera irits baitaiteke.
Prebentziorik onena
Ondorengo neurriok zure gorputzeko azido urikoaren neurriak kontrolatzen, eta bide batez, hezueria atake bat izateko arriskua gutxitzen ere lagunduko dizute:
•Edan ura. Azido urikoaren kristalak disolbatzen eta giltzurrunetan barrena kanporatzen laguntzen du neurri horrek. Kasu honetan mineralizazio mailarik ahuleneko ura gomendatzen da, giltzurrunetako funtzioa bizkortu eta likidoen kanporatzea estimulatzen duelako.
•Galdu pisua. Zure pisu idealean bazaude, gaitz hau jasateko arriskua nabarmen gutxitzen da. Kontuan eduki behar da, hala ere, dieta gogorregiek hezueria atake bat eragin dezaketela. Hobea da, beraz, pisua, pixkanaka, modu gradualean galtzea.
•Egin dieta osasungarria. Aski da ohitura dietetiko kaltegarriak bazterrera uztea. Azido urikoaren neurri altuak izateko arriskua duen pertsona baten jan neurriak hala izan behar du:neurritsua proteinetan —haragia, arraina, esnekiak, arrautzak…—, urria gantzetan —haragi gorriak, hestebeteak, opil industrialak…—, eta altua karbohidratoetan —ogia, pasta, arroza…—. Kafearen eta alkoholaren kontsumoa ere saihestea komeni da.
Osasuna. Medikuntza
Hezueria edo azido urikoaren gehiegikeria
Garai batean erregeen edo gotzainen gaitza esaten bazitzaion ere, gaur egun dezente 'demokratizatu' da bizimodu estiloarekin erabat lotua dagoen egoera hori. Hezueriari aurre egiteko, dieta zaintzea da eman daitekeen aholkurik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu