Higatutako baloien istorioa

Euskal Selekzioaren inguruko 'Ametsen bila' erakusketa zabaldu dute Donostian. Ehun urteko ibilbideko oroigarriak bildu dituzte.

1915etik aurrera erabilitako botak eta larruzko baloiak. ANDONI CANELLADA / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Larru gorriz egindako baloi zahartuak pilatu dituzte Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ondoan, burdinzuri koloreko antigoaleko txilibituak. Traste zaharrak dirudite, baina ez. Historiak utzitako altxorrak dira: izan ere, euskal selekzioa sortu zeneko mendeurrena ospatzeko asmoz, ehun urteotan jokalariek, entrenatzaileek eta epaileek erabilitakoak bildu dituzte Ametsen bila izenpean: garai bateko alkandorak, egungo kamisetak, botak, galtzamotzak, argazkiak, dokumentuak... Oztopoen gainetik egindako bidearen kronika bizia dira.

Joseba Gotzon Varela erakusketako komisarioak 1915etik aurrerako uniformeak batu ditu, bai erreprodukzioak, bai benetakoak ere. Kuriosoak dira lehen jantziak: futbolariek jantzitako kotoizko mauka luzeko alkandora gorriak eta urdinak. Gertutik ikus daitezke. Eta ez hori bakarrik, ikurrina josita daukan kapitainaren besokoa ere hortxe dago.

Eta alboan daude 1936ko gerraren garaian ibilitako arropak. Hori izan zen euskal selekzioaren garai «garrantzitsuena», Varelaren irudiko. Guda iritsita, atzerrira jo zuten euskaldunek. «Jokalari haiek bizitza eta etorkizuna sakrifikatu zituzten Euskal Herriaren egoera jakinarazteko».

Ez dira horiek oroigarri bakarrak. Gerra pasatuta, 1970eko hamarkadan hasi zen berriz taldea martxan. 1979tik aurrerako jantzietan ikus daiteke ezberdintasun nabarmenena: «Berreskuratu ziren kamiseta berdea eta galtzamotz zuria». Gaur egungoak ere hortxe daude.

«Oso aukera polita da euskal kulturaren kapitulu bat ezagutzera emateko», esan du Ernest Llucheko zuzendari Iñaki Gabarainek. Varelak borobildu du: «Ofizialtasuna aldarrikatzeko ezinbestekoa da iragana eta historia oroitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.