EUSKARABENTURA

Hilabetean Euskal Herria gurutzatu ondoren Getxon bukatu da Euskarabentura

Pozik azaldu dira parte hartzaile eta antolatzaileak abentura bukatu berritan. 783 kilometro egin dituzte espedizioa hasi denetik, horietatik 400 baino gehiago, oinez.

Euskarabentura espedizioko kideak Getxon. JUNE PRIETO, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 1a
12:53
Entzun

Emozioak pil-pilean, egindakoaz pozik eta harro, baina nekatuta. Horrela iritsi ziren atzo Euskarabentura espedizioko gazteak Getxora. 783 kilometro egin ondotik, atzo bukatu zen euskara ardatz duen espedizioa Getxon. Uztailaren 1ean Maule-Lextarren hasi, eta atzo bitarte Euskal Herriko zazpi probintziak gurutzatu dituzte espedizioa osatzen duten 130 parte hartzaileek. Olatz Silva BERRIAko kazetaria espedizioan izan da eta zuzeneko kontaketa egin du blogean.

Bizkaiko hiriburuan ernatu zen espedizioa bere azkeneko egunean.  Bilbon itsasontzia hartu eta Portugaletera joan ziren lehendabizi gazteak, han Bizkaia Zubia gurutzatu eta Getxora iritsi ziren. Getxon, bertako udalak harrera berezia egin zien.

Udalak egindako harreraren ostean emozioz betetako amaiera ekitaldia izan zuen espedizioak, Andres Isasi musika eskolan. Abenturako momenturik onenak biltzen dituen bideo bat ikusi zuten gazteek eta ondotik diploma banaketa egin zuten. Sormena lantzea izan da espedizioko helburu nagusietako bat horretarako sortzailen ezberdinak izan dituzte bidelagun. Astelehenean egin zituzten taldeka sormen lan horien aurkezpenak Bilbon eta boto gehien jaso zituen Apo Armatuak taldeak lana berriro interpretatu zuen bere lana amaierako ekitaldian. Bukatzeko, hilabete guztian zehar konposatu duten Euskarabentura kanta primizian kantatu zuten parte hartzaileetako batzuek.

Ekitaldia bukatuta senitartekoak zituzten zain gazteek. Malko artean agurtu zuten elkar abenturako kideek, hilabete elkarrekin egon ondotik “familia handi bat” bihurtu baitira denak. Antolatzaileak ere pozik azaldu dira espedizioak hasieran zehaztutako helburuak bete dituelako. Balorazio ofizialik egin ez duten arren, aurtengo arrakasta ikusita datorren urtean ere Euskarabentura egingo dutela uste dute antolatzaileek. Lanak bukatuta, atsedenerako tartea izango dute berriz antolaketa lanetan murgildu baino lehen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.