Hilarri biribilak, estelak, disko itxurako hilarriak, gizon harriak, harri tenteak... Izen ugari dituzte, baina izana bakarra eta bakana: hilarriak norbait ehortzita dagoen lekua adierazten duten monumentu xumeak dira. Bada esaten duenik hilarri hitza ilargitik datorrela, estelek (h)ilargiaren forma zutela, eta hortik datorrela hil-(h)arriak hitza, illarri; eta bada esaten duenik eguzkia irudikatzen dutela, horregatik dituztela maiz zizelkatuak eguzkiaren sinboloak, eta horregatik jartzen zirela beti norabide berean; sortaldera begira. Kontua da, eguzkiaren edo ilargiaren irudikapen gisa sortu ote ziren argi ez dagoen bezala, disko itxurako hilarriez aritzean gehiago direla galderak eta hipotesiak, erantzunak eta ziurtasunak baino.
«Mito asko daude. Ikerketa asko egin dira, baina gehiago egin behar dira, gehiago sakondu behar da». Koldo Kolomo (Donostia, 1974) liluratuta dago hilarri biribilekin. Etnografiak eta antropologiak erakartzen du, oro har, baina disko itxurako hilarriak magnetikoak dira harentzat. «Hilarriak kokatzen dira leku bat seinalatzeko, toki bat seinalatzeko, menhirrak kokatzen ziren bezala. Kasu honetan hiltoki bat da, hau da, heriotzaren errituarekin daude lotuta, eta zergatik dira biribilak? Izan daiteke zirkuluak esanahi propioa duelako, hasiera eta amaiera irudikatzen duelako, perfectum-a, edo babesa adierazten duelako —garai batean lurrean margotzen ziren—; edo izan daiteke, besterik gabe, euskarri polita eta egokia delako marrazkiak zizelkatzeko».
«Oso barneratuta daukagun mito bat da hilarriak hemen bakarrik daudela, liluramendu moduko bat sortzen baitigu, baina mundu osoan daude»
KOLDO KOLOMO Ikertzailea
Zalantzarik ez dago hilarriak txertatuta daudela antzinako garaietatik datozen sinesmen, mito eta ohituren imajinarioan, eta harria eta zirkulua behinolatik izan direla gizakiarentzat heriotza irudikatzeko modua. Hor daude harrespilak edo cromlechak, harri eta zutarriekin zirkulu edo elipse bat osatuz eraikitzen ziren monumentu megalitikoak. Euskal Herrian badira hainbat eta hainbat menhir, baina kopuruez arituz gero, hilarriena dezente ugariagoa eta oparoagoa da: Euskal Herria da munduan hilarri biribil gehien duen lurraldea. Garai ezberdinetako 5.000 hilarri baino gehiago daude, tartean bi mila urte baino gehiago dituztenak.

«Hilarri zirkularrak aspaldi ezagutzen ditugu. Eugeniusz Frankowski irakasleak penintsulan dauden estelen inguruko liburu bat idatzi zuen 1920an. Kristo aurreko VI. eta VII. mendeko hilarriak ere ikertu zituen Italian. Etruskoek erabiltzen zituzten, eta erromatarrek ere bai». Euskal Herrian Burdin Arokoren bat topatu da, baina, adituaren hitzetan, denboran salto egin behar da kopuru handiagoez hitz egiteko. «Hutsune bat egon zen. Bizkaian daude garai hartako hilarri gehienak, baina oro har Erdi Arokoak eta Aro Modernokoak dira hilarri biribil gehienak. XI. eta XII. mendetik aurrera zabaldu ziren, XVI. mendera arte, bereziki Nafarroan». Geografia osoan daude disko itxurako hilarriak: Araban 81, Gipuzkoan 72, Bizkaian 43, Nafarroa Garaian 2.200 eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan 2.000 baino gehiago.
Mundu osoan zabalduta
Kolomo ondare kultural horren aztarnak ikertzen ari da, eta kritikoa da sortu den mito nagusiarekin. «Euskal Herrian asko daude, baina ez daude hemen bakarrik. Penintsulan oso zabalduta daude. Oso barneratuta daukagun mito bat da hilarriak hemen bakarrik daudela, liluramendu moduko bat sortzen baitigu, baina mundu osoan daude». Sirian, Italian, Portugalen... Colomo penintsulako mapa osatzen ari da beste ikerlari batzuekin batera: «Herrialde Katalanetan, Aragoin [Espainia] eta Extremaduran [Espainia] gabiltza orain: Katalunian mila bat hilarri dauzkagu katalogatuta; Valentzian, 700; Burgosen, 1.200; eta Portugalen, 1.326».

Bada, ondare hori babesteko eta ezagutarazteko, azken urteotan hainbat egitasmo sustatu dira. Museoetan, elizetan eta kanposantuetan daude gaur egun bilduma handienak. San Telmo museoan laurogei hilarri dituzte klaustroan. Bilboko Museo Arkeologikoan, Arabako Museo Arkeologikoan eta Baionako Museoan ere badaude zenbait pieza. Iparraldean, berriz, ia hilarri guztietan topatu daitezke, eliza aldamenetan dauden kanposantuen hilobietan. Ainhoan, Itsasun eta Larresoron (Lapurdi) pila bat daude.
Lauburu elkarteak urteak daramatza hilarri biribilen inguruko ikerketa egiten. Jon Etxeberri-Aintxart da elkartearen sortzaileetako bat, eta, azaldu duenez, 1972az geroztik dabiltza inbentarioa egiten. Bide horretan urrats garrantzitsua egin zuten 2007an: Harri Biribilen Interpretazio Zentroa zabaldu zuten: Harria Iguzkitan. Larzabalen dagoen zentroaren nondik norakoak zehaztu ditu Etxeberri-Aintxartek: «Belokeko fraideek monasterioko hilarriak bildu zituzten, eta guri eskatu horiek babestea. Baldintza bakarra paratu zuten: Nafarroa Beherean gordetzea, toki babestu batean».

Iratzederren poema eder bat dago atarian. «Hilarria zergatik hago lurretik goiz-argira zutik?», galdetzen du poetak, hilarriren norabideari erreparatuz. Zentroaren atea zeharkatuta, ehun bat hilarri daude, aire zabalean, geografikoki kokatuak, eta alboko eraikin txikian, testuingurua azaltzen duten panelak eta bideoak. Lauburu elkarteko ikerlariaren hitzetan, adierazgarrienak jaso dituzte, tartean polikromia dutenak. Etxeberri-Aintxartek pieza kutun asko ditu, baina «eskola» berekoak direnak goraipatu ditu: «Jutsi eta Haranbeltzeko harri lauzak, esaterako, ageri da argiki esku berekoak direla biak». Aranbeltzekoan 1641. urtea ageri da zizelkatuta. Maria De Halzaran jostungilearen hilobia ere berezia da: hilarrian guraizeak eta orratza ageri dira.
«Ehun urtean iparraldeko monumentuen %55 desagertu dira. Premiazkoa da monumentu hauek babestea. Herri elkargoak ondare hau ofizialki zaintzea eskatu dugu berriki»
JON ETXEBERRI-AINTXART Lauburu elkarteko kidea
Elkarteak Hil Harriak liburua argitaratu zuen 2004an. Larzabalgo zentroa txiki geratu da, eta kezka ere badute. «Ehun urtean iparraldeko monumentuen %55 desagertu dira. Premiazkoa da monumentu hauek babestea. Herri elkargoak ondare hau ofizialki zaintzea eskatu dugu berriki».
'La tombe basque'
Iparraldean XVI. mendean zabaldu zen hilarri biribilen fenomenoa. Aurretik egurrez egiten ziren ustea dago, eta horregatik desagertu zirela. Louis Colasek La tombe basque liburua argitaratu zuen 1924an. Lan hori atlas moduko bat da, eta erreferentzia bat izan da ikerlarientzat. Colasek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 1.300 hilobi inskripzio zituzten monumentuak ikertu zituen, kanposantuz kanposantu. Lauburu elkarteko kideak haren arrastoei segika ibili dira.

Louis Colas eta Eugeniusz Frankowski garaikideak izan ziren. Biak ibili ziren Euskal Herrian. Gerora, bertako ikerlari handiek jarri zuten arreta harri biribiletan: Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Fermin Leizaola, Jesus Ukar, Antxon Agirre Sorondo, Luis del Barrio, Pedro Arrese, Pedro Zarrabeitia, Carmen Jusue, Maria Ines Tabar, Naiara Ibañez, Sara Gonzalez...
Elorrioko (Bizkaia) Argiñetako nekropolia da, akaso, leku ezagunena Euskal Herrian. VII. eta XI. mendeen arteko hilarriak daude han, baita kristau inskripziorik antzinakoenak ere, baina azken urteotan hainbat udalek ere ondare kultural hori babesteko egitasmoak sustatu dituzte. Nafarroan dago hilarri biribil gehien, eta lurralde horretan sortu dira bereziki egitasmoak. Abaurregainako Estelen Museoan labirinto moduko batean paratu zituzten ilargiak, izarrak, maskorrak eta makuluak dituzten 30 bat hilarri. Zangozan ere katalogazio lan ederra egiten ari dira. Eta Tafallan, berriz, erakusketa iraunkor berezi bat paratu dute kultur etxean: Harria, lurra eta memoria. Bertan 22 hilarri biribil ikus daitezke.

Eraul herrixkakoa izan da azken proiektua. Estellerriko herri txiki horretan, duela bi urte zabaldu zuten Estelen Lorategia. Elizaren parean dagoen eremua auzolanean txukundu, eta bertan paratu dituzte herrian zeuden 11 hilarri biribilak. Kasu batzuetan, eliza barruan gorde dituzte originalak, eta erreplikak egin dituzte, ezen garai batean atarian zeuden zazpi pieza desagertuta daude.
Hexapetala edo sei petaloko loreak, hosto formako motibo fitomorfoak, ilargi erdiak, bost puntako izarrak, espiralak edo gurpilak... Kolomok ikonografiari eta epigrafiari erreparatzen dio: «Irudi geometrikoak asko erabiltzen ziren». Kolomo bera aritu da aholkulari lanetan, eta pozarren dago emaitzarekin: «Piezak babestuta daude, baina bere testuinguruan, herrian bertan». Hilarrietako batean ageri den karbunkloa seinalatu du: «Nafarroako jatorrizko armarrian agertzen da karbunkloa; kateak gerokoak ziren». Badira mugarri bezala erabiltzen ziren piezak, bat-batean hil zen norbaiten heriotza lekua seinalatzeko erabiltzen zirenak, edo lur soroak bedeinkatzeko erabiltzen zirenak: «Goialdean halako kazola bat daukate, hutsune bat, zeruko ura jasotzeko. Ur horrekin bedeinkatzen zituzten lurrak, uzta oparoak izateko. Antxon Agirrek dokumentatu zuen lehen aldiz funtzionalitate hori. Lan itzela egin zuen Fermin Leizaola hil berriak ere».
