Nutrizionista

Eider Garcia de Albeniz: «Hilekoa hantura ziklo kontrolatu bat da, eta, berez, ez luke minik eman behar»

Hilekoa, harekin lotura duten sindromeak eta elikadura jorratu ditu Garcia de Albenizek. Azaldu duenez, jateko ohitura osasuntsuak izatea eta «ez erotzea» da gakoa.

Eider Garcia de Albeniz nutrizionista. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eider Garcia de Albeniz nutrizionista. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eider Garcia de Albeniz nutrizionistak (Gasteiz, 1984) bere kontsulta propioa du duela hamabi urtetik hona, baina formakuntza jasotzen eta ematen jarraitzen du, etengabe. Hilerokoaren faseei, horien inguruan dauden sindromeei eta elikadurari buruzkoa izan da eman duen izan azkena. Adurtza auzoko zenbait elkartek Olarizuko Osasun Sarea osatzen dute, eta, aurten, emakumeak ardatz hartuta, hainbat hitzaldi ematen ari dira. Horren harira eman du Garcia de Albenizek bere hitzaldia: Emakume ziklikoa: elikadura kontzientea hilekoaren zikloaren faseetan.

Zein dira hilekoarekin lotutako sindrome ohikoenak?

Hilekoa, berez, hantura ziklo kontrolatu bat da, eta ez luke minik eman behar, baina, askorentzat, hori ez da hala. Esate baterako, hilekoaren aurretik, molimina, hilekoaren aurreko sindromea, eta hilekoaren sindrome disforikoa daude. Eta, horietaz gain, obulutegi polikistikoen sindromea eta endometriosia ere badaude. Sindrome horiek zein hedatuak dauden irudikatze aldera, kontuan hartu behar da ugaltzeko adinean dauden emakumeen %62k dismenorrea izaten dutela, koliko moduan ezagutzen den hori.

Bakoitzak bere berezitasunak izango ditu.

Hilekoaren moliminak sintoma fisiko eta emozional arin eta iragankorrak eragiten ditu. Bularretako sentikortasuna, apetak, nekea eta hantura, esate baterako.

Hilekoaren aurreko sindromea, hormona «gehiegi» izatearekin lotu izan da sarritan, baina ez da hala, estrogeno eta progesterona mailak azkar jaistearekin du zerikusia. Aldaketa horrek eta serotoninaren jaitsierak eragiten dizkigute gorabeherak. 

Hilekoaren sindrome disforikoa aurrekoaren antzekoa da, baina jasaten duena erabat ezgaitzen du fisikoki eta psikologikoki. Hau da, egunerokoa aurrera eramateko ezintasuna eragiten dio: suminkortasuna, etengabeko gogo aldaketa, tristura, sabeleko distentsioa, migraina, mina, bularreko sentikortasuna aldatzea, aknea...

Obulutegi polikistikoen sindromea obulazio faltak eta androgeno maila handiek eragiten dute. Aknea, oligorrea, amenorrea… eragiten ditu, eta, epe luzera, antzutasuna, diabetesa eta obesitatea ere bai.

Eta, azkenik, endometriosia. Kausa ezezaguneko gaixotasun kroniko bat da, eta endometrioko ehuna umetokitik kanpo haztean datza. Mina, antzutasuna, hilekoaren karranpa mingarriak, digestio arazoak, eta arazo psikologiko emozionalak eragiten ditu. 

Hilekoaren faseak ere azaldu dituzu. Zer berezitasun dituzte, zer behar sortzen dituzte, eta nola lagundu dezake elikadurak horri erantzuten?

Odola galtzeko fasean, burdina jaisten zaigu, eta, ondorioz, burdinan aberatsak diren elikagaiak jatea komeni da, hala nola haragi gorriak eta lekaleak. Eta burdina hori hobeto xurgatzeko, komenigarria da C bitaminadun elikagaiekin uztartzea: laranja bat janda postrerako, adibidez. 

Folikulu fasean, sentikorragoak gara intsulinarekiko, eta karbohidratoak eta proteinak igotzeko eta gantzak jaisteko baliatuko genuke fase hori. Obulazio faseak irauten duen egun eta erdian, berriz, gosea apaldu egiten da, eta frutak, barazkiak... gomendatuko nituzke.

Eta, azkenik, fase luteoa dago. Hartan, ernalketarik gertatu ezean, estrogenoek behera egiten dute, eta gosea handitzen da. Apetak edukitzen dira tarte horretan, gorputzak gantzak eta karbohidratoak eskatzen baititu antsietatea azkar asetzeko.

Eta normala da apetak izatea?

Noski! Fisiologia kontua da. Hilekoaren aurreko fasean, fase luteoan, estrogenoak jaisteak eragina du asetasunean, asetasun fisiologikoan eta emozionalean. Sarri, apetak tristura baretzeko izaten dira. Eta normala da apetak izatea, baina horiek kudeatzen ikasi beharra dago, gaixotasunak prebenitzeko.

Asetzen duten elikagaiak jatea da gakoa; horrela, modua egin daiteke otordu artean apetarik ez izateko. Hilekoaren fase bakoitzak bere beharrak ditu, baina, elikadura ohitura osasungarriak baditugu, ez dugu erotu behar eta ez dugu aldaketa askorik egin behar.

Gorputza oreka baten bila aritzen dela aipatu duzu.

Hori da. Gorputza konpentsazio sistema etengabe batean bizi da, eta elikaduran ez dago halakorik. Egin duzuna egin duzu, eta ezin duzu atzera egin. Osasungarria ez den zerbait era kontzientean jaten baduzu, ez duzu errudun sentitu behar. Eta, horretarako, gure elikatzeko ohiturak eta kultura aztertu behar ditugu. Ez da erraza.

Hilekoaren «kalteei» aurre egiteko —minak, oligorrea, amenorrea—, antisorgailuak eta osagarriak gomendatu ohi dituzte.

Kontu potentea da hori. Antisorgailuak, batzuetan, minik ez izateko erabiltzen dira, eta ez dut inoren erabakia ezbaian ipiniko. Batzuetan, mina etsigarria izan daitekeenez, halakoak hartzea aukera bat izan daiteke, baina ez da nahikoa. 

Eta elikadura gehigarriena ere bada hausnartzekoa. Jendeari gomendatuko nioke ezer hartu aurretik ziurtatzeko ea benetan beharrezkoa duten, zeren iruditzen zait gehigarrien industriak eta influencer-ek benetan ez ditugun beharrak sortzen dizkigutela, bereziki emakumeoi.

Dieta hitzaren adiera ere aldatu egin da. 

Dieta hitzak, berez, elikatzeko plangintzari egiten dio erreferentzia. Baina argaltzeko industriak, hitza bereganatu, eta konnotazio negatiboa jarri dio. Jatorriz antolakuntza esan nahi zuenari debeku adiera ipini dio.

lotsabako

Zure bizio txikia?
Udan, hondartzan, hozkailua garagardoz eta gazpatxoz betea egotea.

 

Jaki gustukoena?
Patata tortilla eta cookieak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA