Facebookek hilerri digital bihurtzeko arriskua dauka. Ikerketa batek ziurtatu du hildakoen profilak 4.900 milioi izan daitezkeela XXI. mendearen bukaerarako, eta kalkula daiteke hildakoen profilek bizirik daudenenak gainditu ditzaketela 2070. urterako. Dagoeneko errealitate bat dela ziurtatu du Idoia Landa Rezak. EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle laguntzailea eta doktorea da.
Beraz, «zer nahi duzu egin zure ondare eta identitate digitalarekin hiltzen zarenean?». Bota du galdera Landak. Galderak katastrofista itxura hartzeko arriskua du, baina ondare fisikoak hil baino lehen kudeatzen diren bezala ondare digitalarekin gauza bera egiteko aukera dagoela jakinarazi du, eta, ahal dela, hilerri digitalak saihesteko.
Eta zer dira, bada, ondare eta identitate digitalak? Bada, sare sozialetako profilak eta pasahitzak, kriptodirua, web domeinuak, plataforma digitaletako harpidetzak, sakelakoetako pasahitzak, posta elektronikoak, hodeiko zerbitzuak, disko gogorrak… Eduki digital guztia.
Sare sozialekin oso garbi ikusten da hori. Interneten sortutako profilek milaka datu pertsonal bil ditzakete: argazkiak, bideoak, iruzkinak… Horrek guztiak eraikitzen du norberaren oinatz digitala. Landak azaldu du oinez ibiltzerakoan lurrean oinatz edo marka bat uzten den bezala eremu digitalean ere horrelako bat uzten dela: «Gure jardueraren marrazki bat edo mapa digital bat da oinatz digitala». Eta beharrezkoa da pertsona bat hiltzen denean hori ere babestea.
«Uste dut kontua itxi nahiko nukeela. Bestela, nik Tiktokera igotzen ditudanak hor geratuko lirateke betiko, eta bertigo apur bat ematen dit»
LUMA OTAÑO (@luma.ov)Eduki sortzailea

Legez, norberak sortutako eduki hori guztia ez litzateke inoiz ezabatuko, ezta pertsona hiltzen denean ere: «Internetek ez du ahazten; gure bizitzako arrasto digital hori ez badu norberak bere borondatez ezabatu nahi, hor geratzen da», oroitu du irakasleak.
Beraz, eduki hori ezabatzeko, gordetzeko edo bakoitzak egin nahi duena zehazteko Landak iritzi dio testamentua bera bide egokia izan daitekeela, hau da, borondate digitala testamentuan zehaztu daitekeela. «Borondate digitala jasotzearen garrantzia ikaragarrizkoa da, nahiz eta oraindik gizarteak ez duen horren berri». Testamentuaren zati bat identitate digitalera bideratuko litzateke, eta bestea, ondare digital eta analogikora.
BERRIAk bi eduki sortzaileri galdetu die zer egingo luketen beren eduki digitalarekin: Iban Garciari eta Luma Otañori. Biek ala biek izan dute borondate digitala erabaki ahal izatearen berri kazetariak elkarrizketa proposatu baino lehenagotik.
«Gutxi gorabehera, oraintxe bertan hamar bat disko gogor dauzkat, eta bakoitzak terabyte dezente ditu»
IBAN GARCIA (@ibngarcia)Eduki sortzailea

Otañok dena ezabatzearen alde egin du: «Orain arte ez naiz horretan pentsatzen jarri, heriotza printzipioz urrun ikusi nahi nukeelako. Gai arraroa iruditu zitzaidan, baina erreala da. Eta neure buruari galdetu nion zer egin nahiko nukeen horrekin. Uste dut kontua itxi nahiko nukeela. Bestela, nik Tiktokera igotzen ditudanak hor geratuko lirateke betiko, eta bertigo apur bat ematen dit».
Garciak ere bide beretik jo du: «Elkarrizketa hau baino lehen inoiz ez nuen planteatu. Askotan pentsatu izan dut nori eman nire dirua, nire ondarea... gauza fisikoak. Baina lehendik pentsatu gabea nintzen ondare digital guztia nori eman; horietan ere badago guri buruzko informazioa eta gure bizitzaren zati garrantzitsu bat». Garcia txikitatik izan da edukia sortzearen oso zalea, eta ordutik sortutako asko gordeta dauka, disko gogorretan: «Gutxi gorabehera, oraintxe bertan hamar bat disko gogor dauzkat, eta bakoitzak terabyte dezente ditu». Gaur egun, sare sozialetan dago haren lana.
Horrez gain, hodeian ere baditu gauzak: «Oraintxe, iCloud-en 300.000 argazki eta bideo dauzkadala uste dut. Eta horri gehitu behar zaio sare sozialetan publikoki jarrita dauzkadanak». Pentsatzen jarrita, uste du bere familiari utziko liokeela dena, gorde dezaten. Eta Interneteko edukia ezabatzea eskatuko luke, eta bere izenean ez ezer gehiago publikatzea: «Ni ez banago, ez dut uste zentzurik duenik jendeak eduki hori kontsumitzeak».
«Titularrak berak ez baldin badu bizitzan zehar bere borondatea jaso, haren familia eta oinordekoen esku geratzen da erabakitzea, eta iritzi ezberdinak egon litezke»
IDOIA LANDA REZAEHUko Zuzenbide Zibileko irakasle laguntzailea eta doktorea

Otañok Tiktokeko eta Instagrameko edukia zuzenean kargatzen du, baina horietan publikatzen ez duen eduki guztia, egunerokoa, sakelakoko argazki galerian dauka, eta baita Google Drive batean ere: «Posta elektroniko bat daukat preseski sortua bertan argazkiak eta bideoak jartzeko». Horrez gain, kontu dezente ere badauzka: lau bat posta elektroniko, Tiktokekoa, Instagramekoa, Twitterrekoa, Facebookekoa... «Pasahitz guztiak leku batean dauzkat gordeta; bestela, ez ditut guztiak gogoratzen».
Bada, pasahitz horiek ere borondate digitalaren parte izan daitezke. Landak azaldu du edonork pentsa dezakeela borondate digitala zehaztea ez dela garrantzitsua, pertsona bat hiltzen denean jada ez dituelako bere eduki digitalak behar. Halere, senideei bidea errazteko modu bat ere badela baieztatu du. «Titularrak berak ez baldin badu bizitzan zehar bere borondatea jaso, haren familia eta oinordekoen esku geratzen da erabakitzea, kontua memorial gisa mantendu edo ezabatu, eta iritzi ezberdinak egon litezke».
Eta hildakoak pertsona jakin bati soilik eman nahiko balizkio pasahitzak? Otañok badaki nori utziko lizkiokeen: «Pasahitzak eta kontuen ardura nire amari emango nizkiokeela uste dut, eta nire lagun minari ematea ere etorri zait burura». Garciak, berriz, gehiago hausnartu du: pasahitzen gaia kontu handia iruditzen zaio. «Beldur pixka bat edukiko nuke pasahitzak beste pertsona batekin partekatzeko, eta konfiantza beharko nuke. Pasahitzak eman diezazkieket nire familiako kideei paper batean idatzita, baina ez lukete kudeatzen jakingo: nire amak eta aitak ez dakite, eta nire arrebak ere ez. Hortaz, profil horiek guztiak nola kudeatu dakien norbaiti esatea gustatuko litzaidake, profesional bati edo».
Hasiera batean eduki sortzaileei beren ondare eta identitate digitala gehiago inporta bazaie ere, Landak esan du ez dela beren kontua bakarrik, herritar askok dituztela sare sozialak, helbide elektroniko bat eta streaming zerbitzuetako profilak, besteak beste. «Mundu digital horretan barneratu baldin bagara, jakin behar dugu gero hemen ez dela betiko egongo, eta erabaki dezakegu horrekin guztiarekin zer pasatuko den».
Testamentua da modua, oraingoz
Ondare izaera duen eduki digitala —bitcoinak, esaterako, eta hori dirua da— testamentuan jaso daitekeela argi dago. Halaber, «identitate digitala duen edukia ere —sare sozialetako profilak, adibidez— testamentuan jaso daiteke, haren izaera mistoan oinarrituta», Landaren esanetan.
Hurrengo adibidearekin argitu du irakasleak azalpena: «Demagun seme-alabak dituzula. Bertan jaso dezakezu hiltzen zarenean zein nahiko zenukeen seme-alaba horien tutorea izatea. Adibide horrekin argi geratzen da ez dela ondarezko izaerari bakarrik erreferentzia egiten dion dokumentu bat; bestelako adierazpen bat ere jaso daiteke».
Hego Euskal Herrian borondate digitala arautzen duen lege bat dago, 2018koa: Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko lege organikoa. Hain zuzen, 96. artikuluan zehaztuta dago errege dekretu bidez zehaztuko zela borondate digital hori nola jaso. Baina Landak adierazi du legea 2018koa dela eta 2025ean oraindik ez dela errege dekreturik heldu. Ondorioz, lege hutsune bat dago, eta hori betetzeko dauden tresna juridikoak erabili behar dira, Zuzenbide Zibileko irakasleak azaldu duenez. Eta tresna juridiko hori testamentua da.
Gaur egun, %5ek baino gutxiagok jasotzen dute borondate digitala testamentuan. Hortaz, Landak erantsi du norbait testamentua egitera joaten denean notarioak jakinarazi beharko liokeela aukera dagoela dokumentu horretan bertan borondate digitala ere jasotzeko. Borondate hori nola txertatu zehaztu beharko litzatekeela iruditzen zaio, hots, protokolo bat zehaztu.