ATZEKOZ AURRERA. Alberto Alvarez 'Tito' eta Mikel Brandao 'Sok'. Abeslariak

«Hip hopari gau osoa ematea sari bat da»

Kodigo Norte eta Indarrap taldeek kontzertu bana emango dute gaur gauean Gasteizko txosnetan. Kontzertu bereziak dira bientzat.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Indarrap eta Kodigo Norte taldeetako abeslariak dira Alberto Alvarez (Gasteiz, 1989)eta Mikel Brandao (Gasteiz, 1982), hurrenez hurren. Hip hop munduan, Tito eta Sok modura ezagutzen dituzte. Beste urte batzuetan, txosnagunean eskaini izan dituzte kontzertuak, eta gaur gauean ere bertan abestuko dute. Izan ere, Txosnen Batzordeakgaua hip hopari eskaintzea erabaki du. Urduritasuna eta ilusioa agerikoak dira haiekin hitz egiterakoan.

Gasteizko jaiak, ostirala, Gazte Eguna, txosnak... Zuen hirian orain arte eskaini duzuen kontzerturik handienaren aurrean zaudete?

TITO: Handienaren aurrean baliteke ez egotea. Baina, nire ustez, eskainiko dudan kontzerturik garrantzitsuenaren aurrean nago. Oso xarma berezia dute txosnek niretzat, baina gure musika estiloak ez du leku handirik izan bertan. Horregatik, bi hip hop taldek Gasteizen egun berean kontzertua eskaintzea itzela da.

SOK: Ostirala izanik, Gasteiz aukera ederra da kanpoko jendearentzat. Gainera, guri egun bat eman izana gure musika izaten ari den gorakadaren isla da, keinu bat.

Urtez urte, txosnak errotzen ari dira. Gasteizko jaietan ezinbestekoak bilakatu direla uste duzue?

S.: Foru plazan, Gaztetxean, erdialde osoan zehar... giroa itzela izaten da arratsaldetik aurrera. Hala ere, bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta txosnek duten xarma hori soilik bertan aurki daiteke.

Hala ere, Txosnen Batzordeak lekuz aldatzeko proposamena egin zuen: erdialderago jarri nahi dituzte txosnak. Ona litzatekeela uste duzue?

T.: Giroa bateratuago egoteko aukera emango du erdialdera hurbiltzeak. Askotan, parrandan zaude Alde Zaharretik, eta, txosnetarako bidea hartu baino, nahiago duzu erdialdean geratu.

S.: Erabaki politiko bat da erdialdean txosnarik ez jartzea. Trenbidearen bestaldean nahi du txosnagunea Gasteizko Udalak. Txosnak alboratzea da Arabako instituzioen nahia.

Euskara gero eta gehiago entzuten da zuen kontzertuetan eta abestietan. Euskaraz rapeatzeko zaletasuna gora doa?

S.: Uste dut euskaraz abesti gehiago egiten ditugula, bai. Eta hori jende euskalduna edo euskaltzalea musika estilo honetara batzeko amua izan daiteke. Hala ere, kontuz ibili behar da horrekin, musikaren kalitatea ez dugulako albo batera utzi behar. Euskaraz abesteak ez du esan nahi, ezinbestean, musika edo hip hop hori ona denik.

Musika ez da zuen lanbide bakarra; beste lan batzuk dituzue. Oztopoa da hori musikan erabateko arreta jartzeko?

S.: Pertsonaren arabera da. Azkenean, bakoitzak musikari eskaintzen dio eskaini nahi dion denbora. Musikan pila bat inplikatu nintzen garaiak izan nituen, aspaldi. Baina, nahiz eta asko saiatu, ez zitzaidan ezer etorri bueltan. Uste dut gakoa oreka bilatzean dagoela, baina, betiere, dirua lehentasun bilakatu gabe.

T.: Nahikotxo kobratu dugun kontzertuak eman ditugu, baina, askotan, kontzerturik txarrenak izan dira horiek. Beste leku batzuetan, afariaren eta trago batzuen truke, inoiz baino gusturago egon gara. Hori ezinbestekoa da: gustura egotea egiten eta jasotzen dugunarekin.

Egunerokotasunari helduz, kritika soziala eta politikoa agerikoa da zuen abestietan. Zuen kantuen bitartez begiak irekitzen dituzuela sinesten duzue?

T.: Beti esaten didate soilik politikaz mintzo den rapa egiten dudala. Baina nirea ez da rap politikoa. Nik beti diot egunerokotasuneko rapa dela nirea. Eta egunerokotasunean, zorionez edo zoritxarrez, politika eta egoera soziala presente daude nire bizitzan. Politika etorri zen niregana, eta nire abestietan kritikatzen dudana da gaur egungo politikak nola funtzionatzen duen.

S.:Nik esaten dudanaren oso kontrako iritzia daukan norbait nire diskurtsora erakartzea oso zaila da. Baina posible ikusten dut nire letretan esaten dudanarekin bat egiten duen norbait edo ideia horietara asko hurbiltzen den edonor erakartzea. Alde horretatik, ez dakit begiak irekitzen ditudan, baina jendeari gai horietaz mintzatzeko aukera ematen diot.

Mozal legeak abeslari kritikoei eragingo dien beldur al zarete?

T.: Ez gaituzte kikilduko. Lege hori ez dago guretzat prestatuta. Gainera, Euskal Herrian zerbait erakutsi badugu, hori babesa emateko indarra da: epaitzen bagaituzte, kontzertuak antolatuko ditugu gastuak ordaintzeko; zigortzen bagaituzte, beste zerbait asmatuko dugu... Nolanahi ere, lege honekin beldurra sartu nahi dioteetorkizunean letra kritikoak sortzera anima daitekeen gazteari; hau da, legeak bilatzen duena da gazte horrek bitan pentsatzea idazten ari den horretan letra idazteko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.