Hiri antolaketaren karraskariak

Arratoi arrea da Europako hirietan nagusiki ibiltzen dena. XVIII. mendean etorri zen Erromatar Inperioko bideetarik barna. Izaki «kriminalizatua» da, baita eritasun garraiatzailea ere. Espeziea kontrolatzeko kudeaketa «osoagoa» beharko litzateke.

ZALDIEROA
ZALDIEROA
Xalbat Alzugaray
2026ko ekainaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Aaaa!», bota zuen BERRIAko Baionako erredakzioko kazetari batek iazko udan. Lasterka, kasik zango artera arribatu zitzaion mutur zorrotzeko eta buztan luzeko animalia ttipi bat. Irri beldurti batek inbaditurik, erredakzio zokora sartu zen kazetaria, «arratoi bat bada bulegoan, arratoi bat bada bulegoan» erranez. Karrikatik sartu ondoan eta erredakzio guzia zeharkaturik, hozkailuaren gibeleko partera sartu zen orduko Rattus norvegicus motako izakia.

Jon Levy zoologia doktoregaiaren eta ikerlariaren arabera, Europa mendebaldera XVIII. mendean arribatu zen arratoi arrea. Hura baino lehen, arratoi beltza (Rattus rattus) jin zen Erromatar Inperioko merkataritza bideetarik barna. Indiako arratoi gisa ezagutua da, eta klima tropikaleko herrialdeetan ongi egokitzen da. Arratoi arrea berantago arribatu zen itsasbideetarik, eta azken horrek gaina hartu zion arratoi beltzari. Ondorioz, Europako hirietan nagusiki arratoi arrea atzeman daiteke.

«Biziki igerilari ona» da, Levyren erranetan, eta egunerokoan ura behar du bizirik irauteko. Horregatik, ibaietarik hurbil izaten da gehienetan arratoi arrea. Zilo batzuk hartzen ditu bizitoki, eta leku babestu horiek ugalketarako toki aproposak dira arratoientzat. Arratoi bat ikusten delarik, erraten da haren gibelean bertze hamar badirela; izan ere, «emankortasun handikoak» dira, eta aldiko bederatzi kumez erditu daiteke arratoi eme bakoitza. Kumeak bi edo hiru hilabete bete ondotik ugaltzeko prest dira, eta horrek esplikatzen du arratoi populazioa fite handitzea.

Isaure Voedts ikerlariak Parisko arratoien dinamikak ikertu ditu tesi batean, eta bertan segurtatu du arratoiek hierarkia sozial bat dutela. Handienak eta lodienak hierarkiaren gainaldean daude, eta borroka bidez lortzen dute dominatzailearen posizioa. «Arratoiek borrokak izaten dituzte dominatzaile posizioa kausitzeko. Borrokan sartzen den arratoiaren pisuaren eta tamainaren arabera erabakitzen da usu zein izanen den dominatzaileen artean, lodienek eta handienek irabazten baitute gehienetan».

«Arratoiek borrokak izaten dituzte dominatzaile posizioa kausitzeko. Borrokan sartzen den arratoiaren pisuaren eta tamainaren arabera erabakitzen da usu zein izanen den dominatzaileen artean, lodienek eta handienek irabazten baitute gehienetan»

ISAURE VOEDTS Ekologia doktoregaia

Goizetan goiz eta gauetan aktibatzen dira arratoiak, baina hierarkia sozialeko azpiko arratoiak egunez ere janari xerka atera daitezke, dominatzaileek janari iturriak agortzen baitizkiete. Voedtsek erran du bizi diren ziloetarik atera, eta bide jakin batzuk segitzen dituztela. «Bide batzuk segitzen dituzte janaria bila joateko —hondarrak, haziak, fruituak, haragia, intsektuak, zaborra...—, baina bide horiek alda ditzakete janaria lekuz aldatu bada».

Animalia «adimentsuak» dira, Levyk gehitu duenez. Elkarlanean aritzeko eta ingurunera eraginkortasun «handiz» egokitzeko gai dira. Haien biologia ez da behar bezala azaltzen, ez baitira «animalia zikinak» bakarrik. «Hirietan guk sortutako baliabideak aprobetxatzen dituzte. Arratoi populazio handia egoteak gizakien kudeaketa arazoak ere adierazten ditu maiz: hondakinen kudeaketa eskasa, janaria etengabe eskuragarri izatea, eraikinetako gabeziak edo prebentzio neurririk eza».

Izaki «kriminalizatua»

Arratoiak patogenoen edo parasitoen gordailu eta transmisio agenteak izan daitezke. Adibidez, erraten da izurri bubonikoa arratoien eritasuna dela, baina errealki kukusoen ausikietarik heldu den eritasuna da, eta, ondorioz, arratoiek garraiatuak. Voedtsek zehaztu duenez, izurria garraiatzeko arrisku handiagoa lukete saguak eta sataginak, arratoiek baino.

«Hirietan guk sortutako baliabideak aprobetxatzen dituzte. Arratoi populazio handia egoteak gizakien kudeaketa arazoak ere adierazten ditu maiz: hondakinen kudeaketa eskasa, janaria etengabe eskuragarri izatea, eraikinetako gabeziak edo prebentzio neurririk eza»

JON LEVY Zoologia doktoregaia

Hala ere, Levyk gaineratu du arratoiak ez direla «kriminalizatu» behar, baina horrek ez duela osasun arazoa ezabatzen, leptospirosia edo salmonellosia eritasunaren eramaileak baitira. «Leptospirosia zera da: animalia infektatuen gernuak kutsatutako uraren edo lurzoruaren bidez transmititu daitekeen infekzio bakterianoa, eta arratoiak izan daitezke transmisio kate horren parte. Arratoiekin lotu izan dira, halaber, salmonellosia, arratoi hozkadaren sukarra eta bestelako osasun arazoak».

Kudeaketa «osoago bat»

Arratoiak hiltzeko, XX. mendetik goiti pozoia baliatu izan da nagusiki, eta manera hori baliatzen dute egun ere Europako hiri gehienek. Euskal Herrian, Donostiako Udalak plantan eman berri ditu lurpeko hirurogei zepo arratoi populazioa kontrolatzeko. Udaleko Ingurumen eta Osasun saileko zuzendari Sergio Fernandezek esplikatu duenez, Lokimika enpresari eman zioten arratoien hiltzeko enkargua. «Bidebieta auzoan abiatu genuen zepoak emateko proiektua. Lurpean jartzen diren kutxatxoak dira, zeinetan pozoia duten. Bi sarreratatik sar daitezke arratoiak».

Emaitza «ona» ukan duenez, Bidebietan ez ezik, bertze hainbat auzotara zabaldu dute zepoen dispositiboa: Amara, Antigua, Gros, Altza eta Intxaurrondora. Erran duenez, arratoiak daudela esateko abisuak «%60» jaitsi dira. Intxaurrondotik, Altzatik eta Amaratik izan dira abisu gehienak. Amara Berri auzoaren kasuan, zingirak badira, eta, haren arabera, zerikusi handia du horrek arratoiekin. «Uretik gertu diren lekuetan ugaldu eta bizi dira gehienbat, ura beharrezkoa baitute». Kontatu duenez, Altzaren eta Amararen arazoa, berriz, etxeak obra hondakinen gainean egin izana da, eta, hala, arratoiek galeriak egin dituzte bertan. «Horregatik daude han. Bere garaian obra handiak egin ziren, eta zirrikituak egin dituzte geroztik, bertan bizitzeko».

«Bidebieta auzoan abiatu genuen zepoak emateko proiektua. Lurpean ematen diren kutxatxoak dira, zeinetan pozoia duten. Bi sarreratarik sar daitezke arratoiak»

SERGIO FERNANDEZ Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen saileko zuzendaria

Baina Voedtsek nabarmendu duenez, arratoiek pozoiarekiko erresistentzia gara dezakete, eta, horregatik, kudeaketa «osoago» bat exijitzen du. Erraterako, 1948an, Ameriketako Estatu Batuetako Baltimore hirian zaborren biltegiratzea «anitz» murriztu zuten, eta arratoiak gorde zitezkeen tokiak kendu. «Programak biziki ongi funtzionatu zuen, baina biziki garestia zen material anitz eta baliabide anitz behar zituelako».

Levy ere bat dator teknika horrekin. «Erantzunik eraginkorrena ez da normalean arratoiak noizean behin hiltzea. Funtsezkoa da zaborra behar bezala kudeatzea, janari iturriak kentzea, biltegiak eta etxebizitzak babestea, eraikinetako sarbideak hestea, estoldak eta orubeak egoera onean mantentzea, eta, beharrezkoa delarik, kontrol neurri profesionalak aplikatzea».

Azken finean, agerian eman du arratoi arrearen eta arratoi beltzaren mundu mailako hedapena ez dela bakarrik espezie horiek egokitzeko duten gaitasunaren ondorio. «Gure nabigazio, merkataritza, urbanizazio eta garraio sareek erraztu dute hedapen hori. Nolabait, hiriko arratoiak gure hiriak eta hondakinak antolatzeko moduaren isla dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA