Turista saldoak ibilbidea moldatu behar izan du, eta lurrazpiko aparkalekutik atera diren erabiltzaile batzuek igo egin behar izan dute Bilboko Areatzako pasealekuko hormetako bat. Izan ere, zintaz hesitu dute eremua, eta habia egin dute daborduko makina bat kamioik, hainbat tona mekanotubok, dozenaka edukiontzi mardulek eta konpartsakide andana batek. Aste Nagusirako txosnak muntatzeari ekin diote, hilaren 22tik 30era arte Marijaiaren etxea izango dena taxutzeari. «Estres handiko garaia izaten da», onartu du Maialen Azpillagak, Eguzkizaleak konpartsako kideak. Baina gogotsu dabil jarraibideak ematen, habe mardulak non kokatu behar diren esplikatzen.
Nahiz eta hamar egun baino ez dituzten 27 txosna altxatzeko, nahiz eta bideko harri koskorrak urtetik urtera ugaritzen ari diren, «urteko unerik zirraragarrienetako bat» izaten da txosnen muntaketa, Bilboko Konpartsen Federazioko bozeramaile Ander Aristondok eta Eunate Dalmauk nabarmendu dutenez Areatzan egin duten prentsaurrekoan. «Gero eta kezkagarriagoak diren oztopo burokratiko eta administratiboak gaindituz, berriz ere erakusten ari gara autogestioa posible dela, buruargitasun apur batekin, ilusio handiz, eta gauzak ondo egiteko gogoz beterik». Ticket Bai sistematik harago doaz buruhausteak, gainera: urtero zorroztu egiten dituzte perituen azterketak, konplexuagoak dira eskakizun teknikoak, eta horrek gastu gehiago eragiten dizkie konpartsei, proiektuak aldatu behar izaten dituztelako zenbaitetan.
«Aldamioa ipintzea da muntatze lanetan gauzarik errazena, puzzle bat egitea bezala da eta»
MAIALEN AZPILLAGA Eguzkizaleak konpartsako kidea
Eta, hala ere, han bildu dira, urtero legez. Konpartsakide baten zalantzak argitu eta berehala hurreratu zaio besteren bat Azpillagari, mekanotubo garai batez zamatuta, edo arnesa soineratuta. Pandemia osteko lehen Aste Nagusian batu zen bat Azpillaga konpartsara, 2022an, eta ordutik ibiltzen da azpiegitura arduradun. Planoz eta eskemaz betetako karpeta bat dauka eskuetan. «Aurten, saiatu gara planoak apur bat lehenago prestatzen: otsailean hasi ginen aurreko urtekoak berrikusten».
Patxada handiagoz dabil Hontzak konpartsako Amaia Lama. Teilape artean aterpetzen dira haiek, karpa mardul baten azpian, baina oraindik ez dago arrastorik gune horretan. Eguneko zereginak mugatu dituzte: karpa eta komunak kokatzea baino ez. Hilaren 15ean hasiko dira aldamioak ipintzen, goizez eta arratsaldez «jo eta fuego», 09:30 inguruan hasita. «Gogotsu gaude, alferkeria pixka batekin. Baina ilusio handiz», adierazi du Lamak, laburbilduz muntaketak konpartsakide guztiengan eragiten duen aldarte kontraesankorra.

Datozen egunetan etorriko dira beharrik nekezenak. Baita Eguzkizaleentzat ere. «Aldamioa ipintzea da muntatze lanetan gauzarik errazena, puzzle bat egitea bezala da eta», esan du Azpillagak. Gero hasiko dira panelekin, iturgintzarekin, elektrizitatearekin, hornigaiekin... Horiek guztiak kudeatu behar dira, eta ordaindu: urtero-urtero puzten zaie faktura. «Aurten, gainera, mekanotuboak beste enpresa bati alokatu dizkiogu, aurrekoek erretiroa hartu dutelako, eta garestiagoa izango da». Lamak berretsi egin du joera. «Azkenean, bizimodua gero eta garestiagoa da, urtero izaten da igoera. Materialak beste konpartsa batzuekin batera erosi arren, berdin dio». Hontzak konpartsakoek bereziki lantzen dutenez dekorazioa, urtero materiala berritu beharra daukate, eta aldamioak eta xafletako batzuk baino ez dituzte berrerabiltzen Aste Nagusi batetik bestera. Eta jai batzuek ez dute nahi adina ematen... Baina aurtengoei itxura bikaina hartu die Lamak. «Abuztuko azken astean izaten direnean, indartsuagoak izaten dira».
Leku bat edonorentzat
Lan horiek guztiak eginda, ulergarria da denbora luzatu nahi izatea: Aste Nagusiak bederatzi egun izaten ditu, eta ez zazpi, konpartsek antolatzen duten guztia kabitu dadin. Aurten, 622 jarduerarekin jantzi dute egitaraua: gastronomia lehiaketak, azokak, tailerrak, antzerkiak; kontzertuak, txarangak, DJak, fanfarreak, erromeriak, rap erakustaldiak eta hogei kontzertu inguru; haurrentzako makina bat gauza, hala nola txosna propioa eraikitzeko tailerra, txotxongiloak sortzekoa eta arropa serigrafiatzekoa. Aurten, aurrenekoz egingo dute koltxoneta puzgarrien lasterketa itsasadarrean.
«Bizimodua gero eta garestiagoa da, urtero izaten da igoera. Materialak beste konpartsa batzuekin batera erosi arren, berdin dio»
AMAIA LAMA Hontzak konpartsako kidea
Eta, urtero bezala, eremu seguru bilakatuko dute Areatza. «Bizi nahi dugun lurraldea eraikitzen dugu, non euskarak bidea libreki egiten duen, non beldurra aldez aldatzen den, non pertsona guztiek garrantzia duten, non ez den legerik behar balioak daudelako: errespetua, zaintza eta lan komuna», aldarrikatu dute Aristondok eta Dalmauk. Kaleko saltzaileei elkartasuna adierazi diete, ekoizleak oroitu dituzte —haiei egingo diete gorazarre ikurrinaren omenaldian—, eta ikuskizuneko teknikarien alde daudela berretsi dute: asteazkenean egingo dute greba, hilaren 26an, eta konpartsetako bozeramaileek ohartarazi dute teknikariren bat behar duten jarduera horiek ez dituztela egingo. «Baina jarduerok egitarauan agertzen dira, igar dadin festa posible egiten duten pertsona horien hutsunea», egin du ñabardura Dalmauk.