Hiria zabaldu, hura eraldatzeko

Hiri asko zabalguneen bidez berritu zituzten XIX. mendean, zabalduta alegia. Hain zuzen, zabalguneei buruzko erakusketa bat dute Euskadiko Arkitektura Institutuan; Bartzelona eredutzat hartuta, Donostia, Bilbo eta Gasteizko zabalguneak aztertu dituzte.

Bilboko zabalgunearen plano bat, Euskadiko Arkitektura Institutuan. GORKA RUBIO / FOKU
Bilboko zabalgunearen plano bat, Euskadiko Arkitektura Institutuan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hiri bat ondo ezagutzeko modua han paseatzea da». Horixe uste du Luis Tena arkitektoak, eta bada nor hori esateko, lau hamarkadako ibilbidea baitauka arkitekturaren eta hirigintzaren alorretan. Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriak ezin izan dituzte osorik sartu  Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa aretoan, baina «ahalik eta handien» erakusten saiatu dira. Zabalguneak Euskadin erakusketa bisitatzen dutenek, beraz, aukera dute hirien gainetik paseatzeko, hiru hiri horietako zabalguneen planoak proiektatu baitituzte lurrean, eta irudi aldakorrek bete-betean hartu baitute zorua; aldakorrak dira irudiak, bai, hiriak ere halakoxeak dira eta.

Izan ere, zabalgunea  XIX. mendearen bigarren erdian Europa hegoaldean gauzatu zuten ideia bat da, hiriak eraldatzeko asmo baten ondorioa. Donostiako Askatasunaren etorbidean, Bilboko Kale Nagusian edo Gasteizko Dato kalean paseatzen ari direnak akaso ez dira jabetuko, baina haiek zapaltzen ari diren kale horiek erabaki baten ondorio izan dira: helburu jakin batzuekin diseinatuak. «Hiria hor egon baino lehen, ideia bat izaten da, eta plano bat», nabarmendu du Luis Tenak, erakusketako komisarioak. Hain zuzen, kaleen eta etorbideen trazadura, etxadien tamaina eta patioen heina marraztu egin zituzten, herritarren bizi baldintzak eta higienea hobetzeko xedez. Helburu berdinzale bat zuten hirien alde zaharretatik kanpo eraikitako gune horiek, baina aberatsentzako auzo bilakatu dira azkenean. Hiriak ere gizartearen isla baitira.

Horri guztiari erreparatu diezaioke bisitariak Donostiako Santa Teresa komentuan, han egingo duten azken erakusketan, Arkitektura Institutua Tabakalerara eramango baitute aurki. Santa Teresako aldia biribiltzeko aukeratu dute erakusketa hau. «Zabalgunea hiriak eraldatzeko ideia bat da. XIX. mendearen bigarren erdian, Europa iparraldeko hirien zabalkundeak dentsitate baxukoak izan ziren, eta lorategi hiriak eta periferia zabalak egin zituzten; Europa hegoaldean, berriz, zabalguneak egin zituzten Turinen, Barin, Iberiar penintsulako hirietan... Euskal Herrian ere bai. Iruñekoa eta Baionakoa ez ditugu landu erakusketa honetan —Iruñekoa geroago egin zuten, eta Baionakoa oso interesgarria da, Aturri eta Errobi ibaien banaketagatik—, baizik eta Donostia, Bilbo eta Gasteizkoak. Hiruretan zabalgune deitzen diote, baina guztiz desberdinak dira, hiriak guztiz desberdinak direlako lurraldean duten lekuagatik, geografiagatik, topografiagatik...», azaldu du Tenak.

Bartzelonako zabalgunearen planoa, Ildefons Cerdak marraztuta. GORKA RUBIO / FOKU
Bartzelonako zabalgunearen planoa, Ildefons Cerdak marraztua. GORKA RUBIO / FOKU

Haien ingurukoak azaldu —eta planoak zapaldu— baino lehen, paretan eskegita dagoen plano handi batera jo du; goiko aldean Collserola mendia ageri da, ezkerrean Montjuic, behean Mediterraneoa eta eskuinean Besos ibaia: Bartzelona da. Tira, Bartzelona-Bartzelona ez, Ildefons Cerda ingeniariak amestu eta diseinatu zuen Bartzelona baizik, ia bete-betean gauzatua. «Zabalgunearen kontzeptua Bartzelonatik dator, Cerdak egin zuen zabalgunerako proiektutik», azaldu du Tenak. Isabel II.a Espainiako erreginaren gortean ondo ikusia zegoen ingeniari katalan bat zen Cerda, liberala: «Interes handia zuen hirien eboluzioan, langile klasearen egoera ikertu zuen, higienea... Oso arduratuta zegoen auzi urbanistikoekin, eta gizartea hobetzeko nolabaiteko borondatea ere bazuen; ez zen sozialista, baina jabetzen zen hiriak jada ez zirela ondo bizitzeko moduko lekuak, eta hiri berri baten ideia sortu behar zela».

Haren garaiko Bartzelona egungo alde zaharra zen, eta inguruan udalerri ugari zituen —Gracia, Sants, Sarria...—: horien arteko eremua bihurtu zen hiri berrirako orube, Besos ibaitik Llobregat ibairainoko eremua, menditik itsasorakoa. «Bartzelonako zabalgunea diseinatzeko, Cerdak alde zaharra hartu zezakeen erdigunetzat, eta hiria haren bueltan handitu, zirkularki. Hiriak kosta izanda, ordea, zabalkundea beti egingo zen erdizka. Hain zuzen, Cerdaren arrakastetako bat da alde zaharra, hiriaren erdigune izateari utzi, eta hiriaren parte bat bilakatu izana; zatiz osatutako hiri baten sistema eratu zuen, eta zati bakoitzaren pisua orekatu, zatirik ez gainkargatzeko», azaldu du Tenak.

Ipar-hego ardatza

Cerdak etxadi karratuz osatutako hiri bat diseinatu zuen, eta etxe haien eremua 110 x 100 metrokoa izango zela erabaki. Etxadi guztien heina bera eta karratua denez, kale zuzenez osatutako hiri bat marraztu zuen. Horren haritik, argi pentsatu zuen zirkulazioa nolakoa izango zen ere: ipar-hego ardatza Diagonal etorbideak osatu zuen —argia egon zedin—, eta beste bide nagusi batzuk ere diseinatu zituen: gaur egun Meridiana etorbidea eta Gorte Katalanen Kale Nagusia direnak. Eskuaira eta kartaboiz diseinatu zuen hiria, alegia. Eraikinen altuera ere pentsatu zuen; asko jota sei solairukoak izango zirela aurreikusten zuen.

Cerdaren diseinuari adi begiratuz gero, gaur egun Bartzelonak duen baino kolore berde gehiago antzeman daiteke. Izan ere, Bartzelonako zabalguneko etxadiak karratuak dira, eta barruan patio zabal bat dute; Cerdaren diseinuan, berriz, elkarri begira dauden bi blokek osatzen zuten etxadia, elkar ukitu gabe eta berdeguneek lotuta. Hori ez ezik, bidegurutze oso handiak diseinatu zituen —alde batetik bestera 24 metro daude—, eta haietan plazak eraikitzea pentsatu zuen. Zer pasatu zen, ordea? «Cerdak egin zuen plana trinkotuz joan zen: eraikitakoaren eta libre zegoenaren arteko harremana trinkotu egin zen. Jatorrizko etxadia aldatu egin zen: bi bloke paralelo ziren hasieran, eta gutxinaka-gutxinaka itxiz joan ziren, eta barnealdea okupatzen».

Cerdak Bartzelonan eta Georges-Eugene Haussmannek Parisen egindako zabalguneak eredu izan ziren beste hainbat hirirentzat, eta antzekoak egiten hasi ziren; kasurako, Donostian. 1853an, hiriko harresiak botatzeko baimena jaso zutenean, hiria zabaltzeari ekin zioten. «Zabalguneak egiteko proposamenen kontu inportantea zera da: Kontxako badia, Urgull mendia eta Urumea ibaia dauzka hiriak. Garapena beti egongo da bi kurba horien menpe, eta horixe bera da Donostiaren alde zirraragarria: geografiak hirian duen eragina, eta hirigintza nola egokitzen den geografiara», txalotu du Tenak.

«Zabalgunearen ideia oso interesgarria da, baina ez du bete gizarte berdinzale bat izateko borondatea. Hori da gizarte osoaren drama»

LUIS TENA Erakusketako komisarioa

Erronka tekniko horri aurre egitea zegokien donostiarrei, eta, horrez gain, erabaki bat hartu behar zuten: zein izango zen harresiak bota osteko hiri eredua, industriala ala turistikoa? Bi eredu horietarako balio zezaketen planoak diseinatu zituzten; esaterako, izan zen trena porturaino iristea proposatu zuenik. Donostiako Udalak, azkenean, turismoaren alde egin zuen, eta hiri eredu horren arabera zabaldu hiria: itsaso kontra horregatik dago Alderdi Eder, eta ez tren geltoki bat.

Behin harresia zegoen lekuan Bulebarra eginda, hiriaren zabalgunea eraikitzeari ekin zion Antonio Kortazar arkitektoak. «Hiri erromatarretan bezala, ipar-hego eta ekialde-mendebalde ardatzak egin zituzten: ipar-hego ardatza Andre Maria basilikatik hegoaldera egin zuten, eta ardatz horretan eraiki zuten gerora Artzain Onaren katedrala; ekialde-mendebalde ardatza Askatasunaren hiribideak osatu zuen», azaldu du Tenak. Etorbide horrek, gainera, bitan banatu zituen etxadien formak: handik Bulbarrerako etxadiek 80 x 50 metroko eremua izango zuten, eta beste aldekoek, berriz 50 x 50 metrokoa.

eKortazarrek Donostian diseinatu zuen zabalgunearen trazadura. GORKA RUBIO / FOKU
Kortazarrek Donostian diseinatu zuen zabalgunearen trazadura. GORKA RUBIO / FOKU

Hasieran, klase sozial guztietako jendea bizi izan zen eraikin haietan: solairuak igoz joan ahala, bizilagunen errenta jaitsi egiten zen. Igogailua etorri zen, baina, eta hiriko funtzioen espezializazioa. Horren ondorioa? «Zabalgunean ez dago etxe merkerik», gogorarazi du Tenak: «Pentsatzen zuten zabalguneak hiri osoaren arazo guztiak konponduko zituela, eta gaur egun esan daiteke hori ez zutela lortu, ez Donostian, ez inon». Antzekoa gertatu da Bilboko zabalgunean: «Hiriko bizi baldintzak hobetzeko diseinatu zuten, baina, Bilboko garapen industrialak aurrera egin ahala, langile guztiak muinoetara joan ziren bizitzera. Zabalguneen balantze orokorra egitean, ziurrenik horixe da hutsegite nagusietako bat: hirietako eremu garestienak direla, eta gentrifikatzen eta turistifikatzen ari direla».

Bilbotarrek beren hiria zazpi kalek osatzen zuten garaitik izan zuten ibaiadarraren beste aldera, hau da, Abandora zabaltzeko ametsa, baina hura ez zen gauzatu XIX. mendera arte, Bilbo indar handiko hiri eta portu industrial bihurtu arte. Severino Atxukarro, Pablo Alzola eta Ernesto Hoffmeyer arduratu ziren Bilboko zabalgunea diseinatzeaz. Donostian, Bulebarrak lotu zituen eremu zaharra eta berria; Bilbon, berriz, Arriagako zubiari eta Nafarroa kaleari segituta zabaltzen den Kale Nagusiak. Huraxe da zabalgunearen ardatz nagusia, eta haren perpendikularra, berriz, Errekalde zumarkalea. Plaza Eliptikoan dute erdigunea, eta handik bi kale diagonal pasatzen dira: Elkano eta Ertzilla. Alegia, Bilboko planoak ikurrinaren itxura du.

Indiziplina urbanistikoa

Bi eremutan banatu zuten zabalgunea: beheko aldean, ibai kontra, industria ezarri zuten; goiko aldean, berriz, burgesiarentzako etxebizitzak. «Bartzelonan eta Donostian baino anarkia handiagoa dago etxadien eta patioen tamainari dagokionez. Eremu honen arazoa zen jabe handiak zeudela, eta negozioan interesa zutela. Etxadi errepikatu eta berdinak gutxi izan ziren, espekulazio prozesu bat egin baitzuten, kale gehiago lortzeko. Ledesma eta Diputazio kaleak, adibidez, etxadien zatidurak dira. Indiziplina urbanistiko deitzen zaio horri», kontatu du komisarioak.

Gasteizko zabalguneko etxadi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Gasteizko zabalguneko etxadi bat. GORKA RUBIO / FOKU

Eta Gasteizen, berriz, zer egin zuten? «Gasteizkoa da desberdinena», nabarmendu du Tenak. Dato kalearen inguruan dagoen eremuari deitzen diote zabalgunea: «Dato kalearen kontzeptu urbanoa zera da: tren geltokiaren kalea. Asko daude Europa osoan. XIX. mendearen bigarren erdian, harresiak bota zituzten hiri askotan, eta harresiaren sarrera zegoen lekuan tren geltokia eraiki: hura zen hiriko ate berria. Logika horri segituta, hiria kale nagusi baten bueltan handitzeko ideia gauzatu zuten Gasteizen».

Izan ere, tren geltokia non eraiki, huraxe izan zen gakoa: «Geltokia Andre Maria Zuriaren plazari itsatsita egin zitekeen, baina erabaki zuten 300 metroko eremu bat uztea, hiri zaharra hiri berri gisa garatu zedin hegoalde aldera. Orduan egin zuten zabalgunea». Planoari begira ikus daitekeenez, Gasteizko etxadi handiak ez dira Bilbokoak bezain trinkoak, baina ezta Donostiakoak bezain diziplinatuak ere; eremua ere ez da oso zabala. Finean, hirurak dira zabalgune, baina hirurak desberdin.

XIX. mendean berriak ziren hiri haiek zahartu dira jada, eta hirigintzan beste korronte batzuk gailendu. Egungo betaurrekoekin, hiriak eraldatu asmo zituzten zabalgune horiek paradoxa bat azaleratzen dute, Tenaren esanetan: «Zabalgunearen ideia —forma urbanoa, eraikitakoaren eta hutsaren arteko harremana...— oso interesgarria da, baina ez du bete gizarte berdinzale bat izateko borondatea. Hori da gizarte osoaren drama».

Haietan paseatzea, behintzat, doakoa da oraingoz, eta hirien historia ulertzeko modu paregabea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA