Ezarian. Ingurumena

Hiriaren ingurua bizileku

Iruñeko basa eremuetan dauden 29 ugaztunei buruzko liburu bat argitaratu du Iruñeko Udalak berriki. Ikusteko zailak diren arren, ez da zaila haien aztarnak antzematea ibai ertzetan eta Ezkaba mendian.

Arga ibaiaren ertzetako landaredian babesten dira ugaztun asko. IRUÑEKO UDALA.
Iruñea
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Iruñean dauden 29 ugaztunen ikerketak bildu ditu liburu batean udalak: Mamíferos de Pamplona (Iruñeko ugaztunak). Espezie bakoitzaren deskribapenarekin eta biologiarekin batera,ugaztunek Nafarroan eta Europan duten hedadura eta banaketa ere ikas daitezke argitalpenean.

Nafarroako hiriburua ez da baso zabal bat, baina ugaztun ugari aurki daitezke. Trikuak, satorrak, satitsuak, ur-satitsuak eta katagorri arruntak ikusten dira hiriburuan, eta untxia, basurdea, orkatza eta erbia begizta daitezke. Haiekin batera, harrapariak ere badira: azeria, ipurtatsa, erbinudea, azkonarra, katajineta, lepazuria, igaraba eta arriskuan dagoen bisioi europarra. Guztiak ere hiriaren inguruan ibiltzen dira, hiriburutik pasatzen diren hiru ibaietako errekastoetan: Arga, Elortz eta Sadarren, baratzak dauden eremuetan, Miluzeko pinudian eta Ezkaba mendian.

Argitalpena Iruñeko Udalak eskatutako bi azterketen emaitza da. Ugaztun txikien azterketa Nafarroako Unibertsitateko (NU) Zoologia eta Ekologia saileko biologoek egin dute. Carmen Escala, David Galicia eta Enrike Bakero biologoak aritu dira lan horretan. Ugaztun handiena, berriz, Ornitolan enpresako Uxue Itoiz eta Gabriel Berasategi biologoek egin dute.

«Ezagutu, babesteko»

Ikerketaren helburu nagusia Iruñeko lurretan dauden ugaztunen inguruko informazioa ezagutzea eta zabaltzea izan da. Dena dela, ez dira aipatzen dauden guztiak. Liburutik kanpo gelditu dira Iruñean oso ezagunak diren ugaztun berezi batzuk: saguzarrak edo kiropteroak. Aurretik jada eskaini zitzaielako liburu bat. Liburua osatzeko lanean parte hartu duten ikertzaileek hainbat bide baliatu dituzte: landa lana, bi taldeek bilduak zituzten datu historikoen eta bibliografikoen konparaketa, eta hainbat kolaboratzailek berriki egin dituzten behaketak. «Hirian zein ugaztun dauden jakinda, haiek babestea errazagoa da», azaldu du David Galicia biologoak. Nafarroako Unibertsitateko taldeak Iruñean dauden karraskariak aztertu ditu. «Landa lan asko egina genuen, eta unibertsitatean egindako azterketak ere baliatu ditugu». Liburuan, 29 ugaztunen fitxak eta argazkiak bildu dira. Fitxa bakoitzean espeziearen deskribapena, haren biologia eta Nafarroan zein Europan hartzen duten tokia azaltzen dira. Ugaztun handien fitxetan are informazio gehiago eskaini nahi izan da. Animalia horien hatz marken argazkiak eta eskemak jaso dira, batetik, eta horiek inguruan ibiltzen direla ohartarazteko beste aztarna batzuk ere bai, bestetik. Izan ere, ugaztun horiek aurrez aurre ikustea oso zaila da, iheskorrak dira, eta gauez mugitzen dira asko.

Hain izuak izanik, ugaztunen berri izateko traseptuak eta argazki tranpeoak erabili dituzte Ornitolan enpresan. Aurretiaz ezarritako bide jakin bat hartu eta bidean ikusten den guztia aztertu dute; ezkutuan, argazki kamerak jarri dituzte. «Kamera dagoen tokian zerbait mugitu edo pasatzen denean, zortzi argazki egiten ditu errenkadan. Teknika horrekin ugaztun asko ikusi ditugu», dio Uxue Itoizek.

Iruindarrak inguruan zer duten aurkitzera joateko gonbita ere bada liburua. «Naturan zer dugun ikusteko, badirudi maiz telebista dokumentaletako emanaldiak baino ez ditugula ikusi behar, baina ez luke horrela behar. Hemen ez dugu animalia exotikorik, baina bai ugaztun asko, eta ederrak. Haien arrastoak erraz ikus ditzakegu. Bertatik bertara ikusteko aukera izatea zortea da».

Ibaiak, errepide

Iruñeko ibaian eta hiriburuari dagokion Ezkaba mendiaren zatian aztertu diren ugaztunak ikusi dituzte biologoek. Batzuetan, begiztatu ez badituzte ere, haien aztarnak agerikoak izan dira. Dena dela, horrek ez du esan nahi ugaztun horietako asko Iruñean bizi direnik. Animalia inguruan ibiltzen da, baina horrek ez du adierazten Iruñean bizi eta ugaltzen denik. Hiriburua ugaztun askoren pasabidea dela dio Itoizek. «Animalien errepideak dira Sadar, Arga eta Elortz ibaiak. Ugaztun horiek ibai horiek erabiltzen dituzte Nafarroa iparraldetik hegoalderantz gurutzatzeko».

Iruñeko hiru ibaien ibilbideko zati batzuetan ageri den landarediak ere laguntzen dio espezie horien joan-etorriari eta mugimenduari. Ibaira egarria asetzera edo janari bila ere joaten dira batzuk. Asko, gainera, inguruan babesten dira. Ugaztunek janaria erraz aurkitzen duten tokira joaten dira, eta ibaiaren inguruan aurkitzen badute ez dira urrutirago mugitzen. «Ugaztun askok ibaien inguruan duten landaredia behar izaten dute bizitzeko. Arga eta Elortz ibaietan badira eremu nahiko basatiak».

Iruñerria, gainera, toki egokia da bioaniztasunerako. Bi klima oso ezberdin nahasten dira Nafarroako hiriburuan. Nafarroaren hegoaldeko klima mediterraneoa lurraldearen iparraldeko atlantiarrarekin elkartzen da. Horren ondorioz, oso lurralde eta eremu txikian, Nafarroa osoan zabalduta dauden espezieak ikusteko aukera dago. «Eremu pribilegiatuak dira Iruñea eta Iruñerria. Basa eremu franko daude. Babeslekuak eta lur basak dituztelako daude hainbeste ugaztun inguru honetan», azpimarratu du Uxue Itoizek, lanaren egileetako batek.

HITZALDIAK

Bihar. Carmen Escala eta David Galicia biologoek hitz eginen dute hiriko ugaztun txikiez.

Etzi. Uxue Itoiz eta Gabriel Berasategi biologoak ugaztun handiez mintzatuko dira.

Non. Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan dira bi hitzaldiak, 19:00etan. Joateko, aurrez izena eman behar da, eta horretarako, 010 telefonora deitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.