ATZEKOZ AURRERA

Hiriko soinu banda biziduna

Nafarroako hiriburuaren bihotzean bizi den fauna deskubritzea du helburu Iruñeko Safariak. Belarriak zorroztea ezinbestekoa da animalia gehiago ikusteko, argigarri baitira batzuen kantuak.

Enrique Baquero zoologoa, joan den ostegunean Iruñeko Gaztelu Gibelean antolatutako Iruñeko Safaria bisita gidatuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bistan zen: parte hartzaileek soinean zituztenak ez ziren oinetakorik egokienak safarirako, ezta espedizioaren agertokia Iruñearen erdigunea bazen ere. Dena dela, baten batek aurreikusi zuen zer gerta zitekeen: «Seme, kasu non zapaltzen duzun. Kontuz lohiarekin; ez zaitez zikindu!», esan zion emakume batek ondoan zuen haurrari. Eskolako uniformea eta zapatak zituen jantziak hark; zirudienez, ziztuan atera zen ikastetxetik, Iruñeko Gaztelu Gibelean zuten hitzordura berandu ez iristeko, ostegun arratsaldean. Iruñeko Safaria izeneko jardueraren gidarekin zuten zita, Enrique Baquero zoologoarekin. Ozta-ozta, baina garaiz ailegatu ziren topalekura, eta bat egin zuten esperoan ziren beste hamar bat lagunekin; prest ziren gizon esploratzaile kapeludunaren argibideak aditzeko. Gainera, haren itxurak eman zuen txantxak egiteko aukerarik ere: «Ez dakit tigrerik ikusiko dugun hemen», esan dio Montse Sanzek bere seme Danieli.

#LabMeCrazy! izeneko zientzia film jaialdiko programazioaren parte da Iruñeko Safaria. Jarduerak ez du aurreneko aldia, eta, azken urteen gisan, Nafarroako Unibertsitateak antolatu du. Hirian den faunari so egitea du helburu, baina jarduera ez da mugatzen animaliak begiestera.

Zergatik bizi dira Iruñean animalia espezie batzuk? Zergatik ez beste asko? Ez leudeke hobeki inguru naturaletan? Galdera horien erantzunak bilatu zituzten safarian izen eman zutenek, eta, izatez, aurkitu zituzten horietako askorenak. Dena dela, bisita hasi eta segituan bota zuen spoiler-a Baquerok: «Animalia gutxi topatuko ditugu, baina espero dituzuenak baino gehiago izanen dira. Zorroztu belarriak!».

Izan ere, zoologoak hasieratik iragarri zuenez, «ikusmena ez da inportanteena» hiriko animaliak aurkitzeko; ezinbestekoa da entzumenean jartzea arretaren parte handi bat. Inguruko errepideetatik pasatzen ziren autoen burrunbak nabarmen zailtzen zuen jarduna, baina erne ziren denak.

Espedizioaren abiapuntutik metro gutxira topatu zituztenanimaliak. Txorrotxio bat aditu, burua goratu, eta zeruan araba zozo bi ziren, hegaka; arbolapean, hiru mika. Urrunago, miru gorri bat: «Begira nolako buztana duen; ez da dudarik! Mirua!».

Hegaztiei ez ezik, narrastiei ere erreparatu zieten bisitan; sugandilak aise aurki daitezke Antoniutti parkeko harrizko murruetan, are gehiago osteguna bezalako egun eguzkitsuetan, eta saiatu ziren baten bat topatzen. Deus gutxi iraun zuen saiakerak, ordea, kantu batek eten baitzuen bilaketa: pi pi piiiiiiii! Gida izan zen burua goratzen lehena, baina denek imitatu zuten segituan. «Gerri-txori bat!», argitu zuen. Zaila zitzaion inguruko doinuei kasurik egin gabe azalpenekin segitzea; «Etengabekoa da soinu banda».

Hiriko lur eta lohian ere bai

Bukatzear zen espedizioa, eta hasi ziren esker hitzak eta agurrak. Halako batean, ordea, bisitarietako baten txilioak eten zuen gidaren hizketaldia: harrituta, emakume batek lurra seinalatu zuen behatzaz, eta, hara non agertu zen hogei zentimetro inguruko zizare bat. Harengana hurbildu zen Baquero, pozik. «Esana dizuet: uste baino gehiago dira, baita gure azpian ere».

Lokaztua zegoen zizarea, baina ez zen bakarra. Bisita bukatutakoan, denek zituzten zapatak zikin. Hala itzuli zen etxera uniformedun umea, baina berdin egin zuen amak ere; pozik, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.