Entzierroa hasi baino ordu laurden lehenago itxi dituzte kaleak, inor gehiago sar ez zedin. Ordurako jende ugari bildua zen Iruñeko erdigunean sanferminetako lehen entzierroan lasterka egiteko asmoz.
Cebada Gago etxeko zezenek badute arriskutsuak izateko ospea. Gaur, ordea, nahiko garbia izan da entzierroa. Gurutze Gorriaren lehen datuen arabera, hiru izan dira adarkatuak. Hirurak erietxera eraman dituzte. Horiez gain, kolpe ugari ere izan dira. Kolpatuetako bat hospitalera eraman behar izan dute. Zezenek 2 minutu eta 58 segundo behar izan dituzte ibilbidea osatzeko.
Biharkoa izango da bigarren entzierroa, eta, asteburua izanik, jendetza espero dute antolatzaileek.