Proposamena

Natura eta zinea elkargune batean

Bihartik larunbatera arte aire zabaleko zinema gauak izango dira Txillida Lekun.

Aire zabaleko zinema gauak Txillida Lekun. TXILLIDA LEKUK UTZITAKOA
Aire zabaleko zinema gauak Txillida Lekun. TXILLIDA LEKUK UTZITAKOA
2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udak aurrera egin ahala, kulturaz gozatzeko ohikoak ez diren lekuek protagonismoa hartzen dute. Zazpigarrenez, natura eta zinema uztartzen dituen aire zabaleko zinema gauek ateak irekiko dituzte Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa), eta hiru gautan hiru film emango dituzte.

Abuztuaren 6an, 7an eta 8an, Txillida Lekuko belardia zinema areto bihurtuko dute. Museoak A Contracorriente Films zinema banatzaile eta ekoizlearekin elkarlanean jarduten du egitasmoa antolatzeko. Mikel Txillida museoko zuzendariak azaldu du: «Ekoiztetxeak hamar film proposamen bidaltzen dizkigu, eta guk taldean erabakitzen dugu zeintzuk izango diren udako programazioan jarriko diren pelikulak». Gauero film bat izango da ikusgai; bihar, Eva Libertadek zuzendutako Sorda filma proiektatuko dute. Ostiralean, Mi postre favorito filma egongo da ikusgai, eta, larunbatean, La doncella del lago. Txillidak nabarmendu du hiru film horiek proiektatuta «nitxoak» saihestea dutela xede. Gaineratu du jada badirela nortasuna eta bilduma dituzten museo bat, Eduardo Txillidaren lana eta identitatea ere badutela, eta zinearen bidez nahi dutena museoa «guztientzat» irekitzea dela. Hiru filmak gazteleraz izango dira. Ateak 19:00etan irekiko dituzte, bisitariek ilunabarrean museoa ezagutzeko aukera izan dezaten, baina filmen proiekzioa 22:00etan hasiko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, eserlekuak jarriko dituzte publikoarentzat, baina gomendatu dute jertsea, manta edo arropa goxoa eramatea, gauez freskatu egin ohi duelako. Berrehun eserleku izango dira gauero. Eta sarrerak hamasei eurotan izango dira eskuragarri. 

Gainera, museoko kafetegiak bertan jateko menu bereziak eskainiko ditu; sarrerarekin batera, webgunetik bakarrik eska daiteke jatekoa: krispetak eta edaria (sei eurotan), edo krispetak, patata-tortilla ogitartekoa sriracha maionesarekin eta edaria (hamasei eurotan). 

Zuzendariak adierazi duenez, 2019an museoa berriz ireki zutenean, ez zuten museo modura bakarrik zabaldu nahi izan: «Museo hau pertsonak artearen eta kulturaren inguruan elkartzeko leku bilakatu nahi genuen. Dantza eta musika egin izan dugu, baina inoiz ez genuen zinema ekarri, eta aukera ederra iruditu zitzaigun, arteari lotuta hona gerturatzeko beste aukera bat emateko jendeari. Horrela hasi zen zinemaren ideia, eta horrela sortu genuen programa hau».

Biharko filmari buruz

Eva Libertadek zuzendutako filma da Sorda. Gaiei dagokionez, amatasuna, komunikazioa eta gorren esperientzia uztartzen ditu. Haur bat izatekotan dagoen emakume gor baten eta haren bikotekidearen bizitza kontatzen du filmak, bikotearen arteko harremanaren mugak eta amatasunaren erronka azaleratuz, besteak beste.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA