Uraren higadurak diseinatutako kobazuloak bizileku izan zituen gizakiak antzina. Oraindik ere, historiaren informazio iturri garrantzitsu dira, bertatik bertara ezagutu baitaiteke historiaurreko gizakiak zeraman bizimodua. Baina historia ez ezik, istorioa ere biltzen da leizeetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren kondaira eta istorioetako protagonistek kobazuloetan hartu baitute aterpe. Horiek guztiak gogoratzeko, koben eguna egin da azken bost urteetan. Datorren igandean ospatuko da aurtengoa, eta, horri loturik, hainbat ekintza antolatu dituzte Lurpea elkartean bilduta dauden kobazuloetan.
ZUGARRAMURDIKO LEIZEAK
Sorginen gidaritzapean
Zugarramurdi (Nafarroa) eta Sara (Lapurdi) arteko bide zaharrean kokatuta daude Sorginen Leizeak. Haitzuloen izenari jaramon eginez, bertako bisitak ere sorgin batek gidatuko ditu igandean. Izan ere, leizeak sorginen eta sorginkeriarako gune zirela frogatu zuen inkisizioak 1609 eta 1614 artean. Garai haren gaineko istorio eta kondairak kontatuko ditu, beraz, sorgin gidariak, eta Zugarramurdiko pertsonaia ezagunen deskribapen zehatzak emango ditu —herrian bertan hasten baita ibilbidea—, bisita dinamiko eta parte hartzaile batean. Bisitaria hausnarketara bultzatzea du helburu ibilbideak. Bi bisita gidatu egingo dira. 12:00etakoa izango da euskaraz, eta ordubete iraungo du. Sarrerak beste edozein egunetakoen aldean erdia balioko du: 3,50 euro.
URDAZUBI
Bisitak eta hitzaldiak
Urdazubi (Nafarroa) inguruko mendixken artean daude kobazuloak, garai bateko kontrabandistek sarri zeharkatzen zuten eremutik gertu. Kondaira eta pertsonaia zaharragoek, hala ere, badute beren lekua estalagmita eta estalaktitaz beterik dauden haitzuloetan. Formak bakarrik ez ditu berezi egiten Urdazubiko kobak, han dauden arrasto eta grabatu batzuk ere garrantzi handikoak baitira. Igandean, ireki egingo dituzte ohiko bisitetan ikusgai izaten ez diren eremuak. Gehienez, 30 lagun sartu ahalko dira. Bi txandatan banatu dute: lehenengoa, 09:30ean, eta bigarrena, 16:00etan. Diego Garate historialariak, berriz, Euskal Herriko Paleolito aldiko labar artea hitzaldia emango du, 13:00ean.
SARA
Ikusi eta sentitutako bisita
Geologia edo historia klase bat baino zerbait gehiago dira Sarako leizeetara bisitak (Lapurdi). Natura, kultura eta gizartearen arteko lotura ulertzera eraman nahi dute bisitaria. Ibilbidea soinu eta argiztapen bereziz osatua dago, eta Joxe Miel Barandiaran antropologoak egindako ikerketen azalpenekin osatzen dute bidea. Euskaldunen jatorrian, historiaurreko bizitokian amaituko da bidaia, eta bidean mitologiako hainbat pertsonaiekin topo egingo dute. Koben egunari lotuta, sarrera bat erosten duen bisitariak doan izango du bigarrena.
MENDUKILO
Antzerki bisitak
Egun batez aurreratuko dute koben eguna Astizko Mendukilo kobazuloan (Nafarroa), eta bisita antzeztua egingo dute larunbatean. Hala, bisitan parte hartuko dute Aralarreko mendilerroan bizi diren artzainak, laminak eta Goñiko Teodosio pertsonaiek. Lehendik ere bereziak diren barrunbeetan egindako ibilbidea ahalik eta berezien izateko. Bi saiotan banatu dituzte bisitak: 10:30ean eta 12:30ean. Bisitetako taldeak gehienez laurogei pertsonakoak izango dira. Larunbatean ezin bisitatu dezakeenak igandean ere izango du Astitzera inguratzeko parada. Sarrera erdi prezioan izango da han ere.
ARRIKRUTZ
Kareharrizko haitzuloa
Arantzazuko santutegitik gertu, Aizkorri mendiaren magalean daude Arrikrutzeko kobak, Oñatin (Gipuzkoa). Izenaren erroak adierazten duen moduan, kareharriz osatuta daude. Bertan aurkitu zituzten, besteak beste, kobazuloetako lehoi baten hezurdura osoa, eta pantera baten hezurdura erdia eta burezurra. Hartzen hobi erraldoi bat ere aurkitu zuten han. Bisita gidatuek ordubete inguru iraungo dute, eta, koben eguna izango delako, sarrerak ohiko prezioaren erdia balioko du.
EKAINBERRI
Bizimodua ezagutzen
Madeleine aldian margotutako labar pinturengatik da ezagun Debako Ekain koba (Gipuzkoa). 1969an aurkitu arren, urteetan babestuta egon dira, bisitek haitzuloko mikrokliman eragin eta margoak suntsi zitzaketelako. 2008an, Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok. Urte berean inauguratu zuten Ekainberri haren erreplika, Zestoan (Gipuzkoa). Paleolitikoko gizakien kobazuloetako bizimodua nolakoa zen azaltzen dute.
Bisitez gain, Ekain abentura izeneko gunea dago eraikinaren kanpoko aldean. Lantegiak egiten dituzte han, eta, horien bitartez, Paleolitoan gizakiek bizirik irauteko beharrezko zituzten sua eta ehiza nola egin erakusten diete bisitariei. Garai horretako margoak zerekin eta nola egiten dituzten ere erakusketan dute. Igandeko sarrera erdi prezioan izango da Ekainberrin ere.
Historia eta istorioen kobetara bidaia
Kobazuloak bisitatzeko egun berezia izango da datorren igandean, koben eguna antolatu baitu Lurpea elkarteak. Hala, Euskal Herriko zenbait haitzulotara sarrerak merkeago izango dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu