Historia eta kondaira. Biak ezagutzen dituzte Zugarramurdin (Nafarroa). Uztartuta doaz biak haien kasuan. Ezaguna da orain 400 urte Logroñon egindako epaiketan zenbait herritarri egin zietena. 1610ean Inkisizioak epaitu,kondenatu eta hil egin zituen hainbat zugarramurdiar. Sorgin izatea egotzi zieten. Akelarreak, magia eta ukenduak. Elezaharrak ere badu bere pisua. Orain bost urte hasi ziren udala, Sorginen Museoa eta Akelarre elkartea beren herriko historiaren zati hori gizarteratzeko ahaleginean. Sorginaren Eguna izeneko festa sortu zuten horretarako, eta larunbat honetan ospatuko dute bosgarren aldia.
Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko dira ekitaldiak. Urdazubi eta Zugarramurdiko trikiti eta pandero taldeek emango diote hasiera festari, herrian egingo duten kalejirarekin. 11:30ean, haur eta gazteen ipuin eta marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo dute museoan, eta 12:00etan hitzaldia egingo du Xabier Susperregi idazleak, gaztelaniaz. Sorginak existitu egin ziren izango du izenburua.
Bisita gidatuak egingo dituzte kobazuloan 13:00etan eta 18:00etan, eta bi sorgin arituko dira gidari lanetan. Eguerdi aldera eta arratsaldean txalaparta tailerra ere antolatuko dute. Bazkalondoan hitzaldia egingo du Kepa Arburua ikertzaileak, frantsesez. Agotak izango ditu mintzagai. 17:00etan errituala egingo dute koban. Ordu berean, Mikel Azurmendi idazlea arituko da museoko auditoriumean, Axular eta sorginkeriari buruz hizketan, euskaraz.
Akelarrea koban
Kale animazioa izango da arratsaldean. 17:30ean Teatrapalacalle taldea arituko da herriko kaleetan. Plazan dantza emanaldia izango da 19:00etan, herriko umeen dantza taldearen eskutik. Gauez egingo dute ekitaldirik ikusgarriena, halere. Akelarrea egingo dute kobazuloan. 20:30ean hasi eta 21:30era arte. Su festak ere izango ditu ikuskizunak.
Egun beteko festa izango da, halere, eta egun beteko hainbat ekitaldi ere izango dira. Eskulan azoka, adibidez, goizetik gauera arte egongo da zabalik, eta marrazkien erakusketa bat ere jarriko dute museoan. Kobara sartzeko sarrerak ere ohi baino merkeago izango dira.
SORGINAREN EGUNA
Zer. Eskulan azoka, hitzaldiak, bisita gidatuak, akelarrea...
Non. Zugarramurdin (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Historia eta mitoaren akelarrea
Zugarramurdi. Etzi bosgarren Sorginaren Eguna ospatuko dute, eta iluntzean akelarrea egingo dute kobazuloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu