Historiaren beste aurpegia

Inozentzio Illanes liburu saltzaileak karta joko bat sortu du Lizarrako emakumeen historia ezagutarazteko. Jolasa sortzeko, hainbat alorretako emakumeen argazkiak eta biografiak bildu ditu.

Amaia Romeroren karta. INOZENTZIO ILLANES.
itsaso jauregi 2
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Egon beharko luketen guztiak ez daude, baina dauden guztiek egon behar dute». Mezu hori agertzen da Inozentzio Illanesek sortu duen karta jokoaren azalean. Lizarrako (Nafarroa) emakumeek egindako ekarpena zabaltzeko asmoz, liburu saltzaileak 50 emakumeren argazkiak eta datuak bildu ditu, eta horiekin karta joko bat sortu. Kirolariak, musikariak, irakasleak eta etxekoandreak agertzen dira, besteak beste, Ino Illanes dendan saltzen den karta sortan, ezagunak ez diren emakumeen istorioak zabaltzeko asmoz. «Konturatu nintzen ez zela modu egokian islatzen emakumeek Lizarrako historiari egindako ekarpena, eta hori aldatzeko pauso txiki bat eman nahi nuen», esan du Illanesek.

Bikote joko tipikoa dela esan du dendariak: bi karta sorta, batean emakumeen argazkiak eta bestean biografiak, eta emakume bakoitza bere biografiarekin parekatu behar da. Helduentzat jolasteko beste modu bat dagoela azaldu du: testua irakurtzen hastea eta nor den asmatzea. Haurrentzako eta helduentzako jolasa sortu nahi zuen dendariak, guztiek parte har dezaten: «Txikitatik ikus dezaten Lizarrako emakumeek zer ekarpen egiten duten».

Protagonisten datuak biltzeko prozesua oztopoz beteta egon dela esan du saltzaileak; izan ere, pandemia garaian hasi zen ikerketa lanarekin, eta «ia ezinezkoa» zen artxiboetara joatea. «Ezin izan nuen nahi nuen informazio guztia eskuratu. Gainera, senide bakoitzari baimena eskatu behar nion argazki bat erabiltzeko eta testua idazteko. Ezin izan nuen emakume batzuekin hitz egin, eta beste batzuek testua zuten, baina argazkirik ez, adibidez».

Saltzaileak senide bakoitzarekin hitz egin zuen, banan-banan Lizarrako historian esanguratsuak izan diren emakume batzuen datuak eta argazkiak lortzeko. XIX. mendetik hasi zen, eta gaur egungo emakumeak ere txertatu ditu: «Proiektu honekin hasi nintzenean, erabaki nuen emakume garaikideak ere txertatu nahi nituela, inor kanpoan geratzeko eta gaur egungo emakumeei merezi duten lekua eskaintzeko». Hainbat belaunalditako emakumeak bildu ditu Lizarrako karta sortan; hiru biloba amonekin elkartu dira, adibidez.

Ezezagunagoak ere bai

Illanesek ez zuen inor kanpoan utzi nahi; horregatik, oihartzun publikoa izan ez duten emakumeak karta sortan agertzea «ezinbestekoa» zen. Auzoko jaiak antolatzen zituen emakumea, 1940ko hamarkadan hogei seme-alaba izan zituena, eta gozokiak saltzeko gurdi batekin herriko plazara ateratzen zena agertzen dira kartetan. Gainera, saltzaileak memoria historikoari eskainitako gune bat izan nahi zuen, 1936ko gerran errepresioa jasan zuten emakumeei eskainia. Idazleak, aktoreak, musikariak eta politikariak ere badaude, noski, baina dendariak leku bat eskaini nahi izan die egunerokoan goraipatzen ez diren emakumeei.

Jolasak izan duen erantzuna «hunkigarria» izan dela esan du Illanesek. Dendaren erakusleihoan karten kutxa morea ikustean, jendea galdetzera sartzen da, jolasaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. «Gogoan dut kartetan agertzen den emakume baten ahizpa dendara etorri zela eta negarrez hasi zela; ez zuen espero bere herrian hau egingo zenik», esan du dendariak. Hala ere, proiektua Lizarratik kanpo babestu dute batez ere, herrian denek ezagutzen baitute elkar: «Eta zergatik sartu duzu emakume hura eta ez beste bat?», dendariak askotan entzun du galdera hori. Beste karta sorta bat osatzeko aukera eskaini diote, baina oraingoz beste 40 emakumeren istorioak gordetzea erabaki du, etorkizunean lantzeko.

Nolanahi ere, Illanes Lizarrarekin maiteminduta dago, eta haren historiarekin zerikusia duten jolasak sortzen jarraituko du. Oraingoz ez du beste jolasik diseinatu, baina lehen sortutako puzzleak eta tribial jokoak armairutik atera ditu, eta, kartekin batera, Lizarrako hainbat elkartetan antolatzen dituzten partidetara eramango ditu: «Helburu nagusia ez zen dirua lortzea; ezagunak ez diren istorioak zabaldu nahi nituen, eta harro nago lortu dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.