Ekain kobazuloan orain 13.000 urte nola bizi ziren jakin ahal izango da bihar, Zestoan. Izan ere, Ekaindarren Eguna ospatuko dute, hirugarren urtez. Historian atzera egiteko aukera izango dute Zestoan biltzen direnek, baita Ekaingo tribuak suaren etorrera nola antzezten zuen ikusteko aukera ere.
Eguerdiko adar doinuek iragarriko dute ekitaldien hasiera. Ordu berean hasiko da historiaurreko pintxo bira, Zestoako tabernetan. Triki-bertso poteoak eta kale animazioak jarriko diete giroa herriko kaleei. Horrez gain, herriko plazan mural pintaketa egingo dute.
Hala ere, ekitaldi garrantzitsuenak arratsaldean izango dira. Umeentzat historiaurreari buruzko tailerrak antolatu dituzte, 16:00etatik 17:00etara. Tailerrotan garai haietan suak eta margoak zuen esanahia azalduko diete gaztetxoei. Pottokan ibiltzeko aukera ere izango dute haurrek.
Historiaurreko jaurtiketa lehiaketa izango da 17:00etan. Txapeldunek sariak izango dituzte. Zestoako Bainuetxeak Ekaindarren Egunean ere parte hartuko du, eta infusio dastatzea eskainiko du.
Suaren etorreraren antzezlana egingo du Ekaingo tribuak, 18:00etan, plazan. Bapo afaltzeko aukera ere izango da: burruntzian erretako arkume pintxoak eskainiko dituzte. Edatekoak ere ez du hutsik egingo. 19:00etan, Ekaingo sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Eguna trikitiaren soinuekin amaituko dute. Monik, Eider eta Leire trikitilarien emanaldia izango da 19:00etan.
Historiaurrea, gogora
Ekaindarren Eguneko ekitaldi nagusiak bihar izango dira; Ekain kobazuloko bizimodua gogora ekarriko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu