Luis Ortiz. Gudari eta frankismoko preso ohia

«Hitz egiten hasi naiz, eta inork ez nau isilduko orain»

1936ko gerran borrokatu zen, eta atxilo hartu ondoren, frankismoko presoa izan zen. 40 urtez isilik egon da, baina bere bizipenak kontatzen ari da orain memoria historikoa berreskuratzeko. Laster deklaratuko du epaitegietan, Servinik eskatuta.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mende bat beteko du urrian, baina hori ez da aitzakia Luis Ortiz (Bilbo, 1916) gudari eta frankismoko preso ohiarentzat. Inoiz baino aktiboago dabil batetik bestera. Martxoaren 5ean Etxebarrian (Bizkaia) egin zen gudari baten exhumatze batean egon zen bere kide bati agurra ematen; datorren astean, Servini epaileak hala eskatuta, epaitegira joango da frankismoko krimenen inguruan deklaratzera; apirilean, Gurseko (Okzitania) errefuxiatuenesparruan egon zirenei egiten dieten omenaldira joango da; elikagai bankuan boluntario gisa lan egiten jarraitzen du, eta elkarrizketa ugari eskaintzen ari da azken boladan. Jordi Evole kazetariak telebistan gidatzen duen Salvados programan egindako elkarrizketa dela medio, hainbat lagun hurbiltzen zaizkio orain. Argazkiak ateratzen ari zaizkion bitartean, begira daukan jendeari gogorarazi die baietz, bera dela telebistan atera den gudari ohi hura. Sasoiko dago, eta baita gogotsu ere. «Goizero altxatzen naizenean neure buruari animoak ematen dizkiot 'Animo, Luis! Beste egun bat gehiago!' esaten».

Servini epaileak deitu berri dizu deklarazioa hartzeko. Zer moduz hartu duzu deia?

Pozik. Joan den astean deitu zidan, eta esan zidan datozen asteetan joan beharko dudala deklaratzera. Epaileak irudipena dauka Espainiako autoritateek ez didatela denbora asko utziko hitz egiteko, hemengo erakundeei amorrua ematen baitie eurek egin ez dutena kanpoko batek egitea. Baina tira! Ikusten badut ez didatela hitz egiten uzten, bere telefonoa eman zidan.

Irudipen hori daukazu? Oraindik ez dela horri buruz hitz egin nahi?

Zer nahi duzu esatea? Alemania okupatu egin zuten, eta Nurenbergeko prozesua egin zuten. Orain inork ezin du svastika bat inon jarri. Hemen, ordea, esango didazu! Santoñan [Kantabria] Carrero Blancoren estatua bat dago oraindik; [Bilboko] Moyua plazan ere hor dago armarri frankista handi hori. Ez dute ezta tapatu ere egin! Zenbat kale daude jeneralen izenekin? Ez dago eskubiderik. Horri guztiari buruz hitz egin behar da gerra gehiagorik egon ez dadin. Orain boterean dauden pertsona horiei barkamena eskatzea falta zaie! PP Francoren zazpi ministroren babesarekin sortu zen, atera kontuak!

Espero duzu halakorik, ala?

Ez dut halako ezer espero, ez. Baina gutxienekoa izango zen. Jendeak jakin behar du zer izan zen hau guztia. Gerra gogorra izan baitzen, baina gerra ondorena zer esanik ez!

Zuk ere ondo dakizu hori, frankismoko preso izan baitzinen. Kontzentrazio esparruetan egon zinen, gaur egun gutxitan aipatzen den kontua.

Ez dutelako horri buruz hitz egin nahi izan. Guretzat tragedia handi bat izan zen. Lehen, lotsatzen nintzen frankismoaren presoa izan nintzela esatean, baina orain, harro esan dezaket hori. Edozein modutan, ni preso pribilegiatu bat izan nintzen. Gerra bukatu berritan, langile batailoiak antolatzen hasi ziren presoen artean, eta ez zegoen intendentziarik. Beraz, langileen artean banatu zuten lan hori. Idazteko makina erabiltzen zekien norbait eskatu zuten, eta nik banekienez, aukeratu ninduten. Baina intendentzian ez nuen idazteko makinarik ikusi sekula; dena eskuz egin behar zen, fitxak, preso bati eman behar zitzaion arropa...

Eta nolakoa zen lan hori?

Konpainia bakoitzari diru kopuru bat ematen zitzaion, horrekin langile batailoientzako janaria erosteko. Konpainiako buruak niri ematen zidan diru hori, baina beti zerbait sobratu behar zitzaion. Erosketa egitean 20 kilo arrain ekarri zituztela? Bada, nik 25 izan zirela apuntatu behar nuen. Eta horrela guztiarekin. Beraz, noski, beti zegoen dirua sobera, eta berak eramaten zuen.

Ustelkeria ikusi zenuen...

Bai, eta horregatik esaten dut ni preso pribilegiatua nintzela, nire kideak egun osoz bortxazko lanak egiten zituzten bitartean ni hobeto nengoelako. Lan fisikorik ez nuen egin, baina oso gogorra izan zen, hala ere. Nola diren gauzak, nik ez nuen goserik pasatzen, sukaldean bazkaltzen nuelako, eta kontrara besteei ez zitzaien apenas iristen.

Zure kideek nola begiratzen zizuten?

Ondo moldatzen ginen; nik gutunak eta zigiluak ematen nizkien. Euren bikotekideak ingurura zetozenean, besteentzako baimenak lortzen saiatzen nintzen.

1936ko gerra, ordea, lehenago piztu zen. Nola oroitzen duzu garai hura?

Bilbon nengoen, eta nire familia Burgosen, udak hango herri batean pasatzen genituelako. Ni Izquierda Republicanako batailoian eman nuen izena, nire aita bertakoa baitzen. Morse kodeaz zerbait banekienez, transmisio sailean geratu nintzen. Beti komandante edo kapitainen inguruan ibiltzen nintzen; sakelako telefono bizidunak ginen. Aginduak zeramatzaten gutunak eramaten genituen lubakietara, eta hori izan zen nire lana. Gerra piztu eta berehala, Arabako frontera jo genuen, baina ez zuen asko iraun, eta hortik Elgetara joan ginen, Intxortara. Handik tropak txikituta ateratzen ziren.

Fronte estrategikoa izan zen hura...

Bai, oso interesgarria zen, handik errepide ugari kontrolatzeko aukera ematen zuelako. Gauez guk irabazten genuen posizioa, eta eurek egunez berreskuratzen zuten. Horrela egon ginen sei hilabetez. Hala ere, batailoiak Intxortan astebetez egoten ginen, eta ondoren atzeragoardiara joaten ginen, atseden hartzera. Horietako batean, gure konpainia Gernikan zegoela, hegazkinak iritsi eta herria bonbardatu zuten.

Bertan egon zinen orduan. Nola oroitzen duzu egun hura?

Ikaragarria, terrore bat izan zen hura. Leku guztietan odola gogoratzen dut, eta Gernika osoa sutan. Lau ordu aritu ginen hildako eta zaurituak jasotzen. Ikaragarria izan zen. Gau hura ez dut gogoan, baina ez dut uste lorik egingo nuenik. Gaur egun, oraindik batzuetan ametsetan gogora etortzen zait egun hori, eta oso gaizki pasatzen dut.

Handik posizioak galduz joan, eta Bilbo frankisten esku geratu zen. Nora jo zenuten orduan?

Asturiasera bidean joan ginen, eta handik bueltan Santanderrera jo genuen, Pasiego haranera. Lubaki batera parte ematera joan nintzen, eta itzultzean, bonba bat erori zen ni nengoen ingurura. Saihets batzuk apurtu, eta ospitalean nengoela, frankistak iritsi ziren, eta berriz ere korrika atera behar izan nuen handik. Iheslariak zeramatzan itsasontzi batera salto egin, eta Frantziara iritsi ginen. Handik Bartzelonara joan ginen. Bidean, trenean, frantziarrek animatu egiten gintuzten, janaria eman... Sekulakoa zen. Helmugara iritsita, denbora bat pasatu eta gero, Huescara eraman gintuzten. Bi egun iraun genuen bertan, fronte horietan ez zen ezer irauten. Ez geneukan arma egokirik, eta bagenekien gerra galtzen ari ginela. Ni erretiran espezializatu nintzen, joaten ginen leku guztietan banekielako nondik itzuli.

Ardura postuak izan zenituen orduan ere.

Bai, sarjentu administratibo izan nintzen han; janaria banatzen nuen milizianoen artean. Herri txiki batean ginela, tropak elizan zeuden, eta lubakietara joateko, etxe artetik egiten genuen bidea, etsaia gainean geneukalako. Hotzean jan behar genuen, elurretan geundela. Jendea gosez hiltzen ari zen, eta esan nien agintariei ez zegoela horretarako eskubiderik. Janaria manipulatzen ari ziren ofizial horiek ere, eta hori okerragoa zen. Pistola kendu, eta zigortu egin ninduen kapitain hark. Preso frankistekin batera giltzapetu behar ninduten, baina ordurako gerrako buletin ofizialean argitaratu zen beste leku batera igorri behar nindutela. Bide erdian askatu, eta konpainia horretara joan nintzen.

Gerra amaituta, nola hartu zintuzten preso?

1939ko otsailean pasatu nuen muga. Hilabete biren bueltan, Gurseko errefuxiatuen esparruan egon nintzen. Petainen gobernu eskuindarrak ez zuen nahi gu libre ibil gintezen Frantzian zehar, eta horregatik sartu gintuzten kanpaleku batean. Guretzat bakea izan zen hura, zerura begira bizi baikinen, hegazkinak iritsiko ziren beldur. Horregatik, modu batera edo bestera, gustura geunden. Sei hilabeteren bueltan atera nintzen handik. Ezagutzen ninduen Donostiako neska batek adreilu fabrika batean egiten zuen lan, eta nagusiari esan zion bertan lan egin nezakeela. Handik atera, eta euren txaletera eraman ninduen nagusiak. Baina II. Mundu Gerra hasi zen, eta aita eta bi semeak mobilizatu zituzten. Emakume batekin bakarrik geratu nintzen etxean, eta alde egin behar izan nuen herrikoak ez zitezen gaizki esaka ibili. Aitarekin komunikatu nintzen, eta muga pasatzeko aukera aztertu genuen. Guardia Zibilaren komunikatzailea zen emakume bat ezagutzen genuen, eta hark esan zion nire aitari ondo informatuko zuela, eta ez zela arazorik egongo muga pasatzeko. Geroago, nire fitxa ikusi nuenean, ikusi nuen ondo informatu zuela, 'errepublikano baten semea' besterik ez baitzuen jartzen. Horiek horrela, aitak esan zidan etor nintekeela, baina Hendaian mugara iritsi, eta atxilotu ninduten. Han, gazte euskaldun bat muga gurutzatzen ikusten zutenean, kartzelara sartzen zuten. Dokumentazio asko nekarren maletan, pentsa ingeniari teniente ere izan nintzen! [II. Errepublikako militar txartela erakutsi du]. Baina paper guztiak apurtu egin zituzten, eta bertan zegoen guardia zibila maleta eta arroparekin geratu zen. Barruan zegoena bota zuen. Sekulako zortea izan nuen! Deustuko Unibertsitatera eraman ninduten handik. Han nengoela, galdetu zidaten ea makinaz idazten nekien, eta beste sei hilabetez egon nintzen han, bulegoan. Ziegetan baino askoz hobeto.

Idazteko makinaz idazten jakiteagatik gerra arinago igaro ahal izan zenuela esan daiteke, beraz.

Idazten jakiteagatik, ia denagatik libratu nintzen. Monumentu bat egin beharko nioke idazteko makinari!

Zenbat denbora egon zinen preso?

1941. urtera arte egon nintzen, baina handik Ferrol del Caudillora eraman ninduten soldaduska egitera. Han, berriz ere, ea inork ba ote zekien makinaz idazten, eta beste bi urtez hor egon nintzen bulego batean. Gerra piztu, eta zazpi urteren ondoren itzuli nintzen Bilbora. Baina gudari ohientzako ez zegoen lanik. Eskerrak emazteak lan egiten zuela... Lana topatzeko sindikatu bertikalaren zigilu bat behar zenuen, eta niri ez zidaten ematen. Uralita enpresan hartu nahi ninduten, baina zigilurik ez nuen lortzen, harik eta zigilu hori ematen zuen pertsona ezagutu nuen arte. Ez dakit zer esango nion zigilu hori eman ziezadala lortzeko; askotan gogoratu nahi dut, baina ez dut lortzen. Azkenean, 1943. urteko 5.000 pezeta [30 euro] ordaindu nizkion. Garai hartan putakume bat zela pentsatzen nuen, baina aurrera begira, gizon hark nire bizia konpondu zidan! Uralitako enkargatu izatea ere lortu nuen, pentsa!

Eta handik San Ignazio auzora bizitzera.

Nik etxe bat eskatua nuen, eta egun batean, partekatzen genuen etxera enplegatu bat iritsi zenesanez etxe bat eskatu nuela, eta nire txostena bete behar zuela. Emazteak egin zion harrera, eta esan zion ez zezala denborarik galdu nire txostena betetzen, frankismoaren preso izan nintzelako. Enplegatuak, orduan, esan zion hain zintzoa izan zenez ez zitzaigula etxea faltako. Horrela joan ginen San Ignazio auzo berri hartara. Pareko atean guardia zibil bat bizi zen; goiko etxean, sindikatu bertikaleko bat; eliza gauez zaintzen zuen beste bat... Urte luzez oso diskretuak izan gara, eta hitz asko isildu behar izan ditugu. Orain hitz egiten hasi naizela, ez nau inork isilduko. Gerra ondorena gogorra izan zen, sufritu genuen guztia isildu behar izan baikenuen, baina zenbat hildako daude oraindik errepide bazterretan? Ez dago eskubiderik; ikasliburuak eurek egin dituzte; elizetan hildako frankisten omenezko plakak daude; heriotzaren trenari buruz ere ezin zen hitz egin!

Heriotzaren trena? Zer zen hori?

Bilbon frankistak sartu zirenean, presoak Andaluziara bidali zituzten, bortxazko lanak egiteko. Ganaduentzako bagoietan sartu zituzten, nazien pelikuletan bezala. Sevilla baino lehen, bagoi bat tren geltoki batean geratu zen trenbide erdian. Beste tren bat abiada bizian etorri zen, eta hura jo zuen. Ehunka pertsona hil ziren, eta zer egin zuten? Lubaki handi bat zabaldu, eta hildako eta zaurituak bertara bota zituzten. Herri horretan urte luzeetan ezin izan zuten horri buruz hitz egin.

Nola hasi zinen hitz egiten?

Gogoan dut [Javier] Madrazo sailburu ohiak preso egon ginenoi diru kopuru bat emango zigula zin egin zuela, konpentsazio moduan. Diru gutxi bideratu zuten, ordea, geunden preso guztientzat. Esan zidaten ez neukala preso egon nintzela frogatzen zuen ziurtagiririk, baina nazioarteko zubian kendu zidaten dena! Epaitegietara jo genuen, eta azkenean, arrazoia eman ziguten. Konpentsazio hori jaso zutenen artean nengoen, eta horrela hasi nintzen hitz egiten. Nire historia ezagutzera ematen hasi nintzen horrela.

Askapena izango zen hori, ala?

Ba pentsa! Nik banuen obsesio bat: ezin izango nuela ezer esan! Etxean hitz egiten nuen bakarrik, eta batzuetan ezta hori ere! Orain hitz egiten hasi naiz, eta famatu ere bihurtu naiz! Denbora faltan nabil elkarrizketa guztiei erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.