Hitzak batu, herria batzeko

Herriko hitzen bilduma bat osatu du Lakuntzako Aiaupenanik euskara taldeak, eta liburu batean jaso dituzte: 'Aiaupenanik, a ze itzek!'. Adin desberdinetako herritarrak batzeko aitzakia izan dela esan dute taldeko kideek.

Lakuntzako Aiaupenanik taldeko kideak eta herritarrak, ostiralean, Pertza elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lakuntzako Aiaupenanik taldeko kideak eta herritarrak, ostiralean, Pertza elkartean. IÑIGO URIZ / FOKU
ane insausti barandiaran
Lakuntza
2025eko abenduaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goxo dago Lakuntzako (Nafarroa) Pertza elkartea. Ostirala da, ilundu du, eta denen artean piztu dute sutondoa. Haren epelean bildu dira Aiaupenanik euskara taldeko kideak eta herritarrak, argitaratu berri duten liburua eskuetan dutela: Aiaupenanik, a ze itzek!. Herriko hitzen bilduma bat jaso dute bertan. Nork bere ekarpena egin du: batzuek egurra jarri dute, txispa besteek, eta hauspoarekin haizea eman diote. Elkarrekin eman diote hauspoa euskarari, eta elkarrekin piztu dute hizkuntzaren sua. Hitzak batu dituzte herritarrek, eta hitzek batu dituzte herritarrak.

Pandemia garaian berrekin zioten herriko euskara taldeari, aurrez izandako izenari eutsita: Aiaupenanik. Kezka batetik abiatuta erabaki zuten hura berriro ere martxan jartzea, Leire Lizarraga taldeko kidearen hitzetan: «Baginen herritar batzuk Lakuntzako hizkerari buruzko ardura edo kezka geneukanak; elkartu ginen, eta hasi ginen hitz egiten ea zer modutan elkartu gintezkeen eta bultzada eman horri guztiari».

Denboraren poderioz, erabili ezean, edo gorde ezean, galdu egiten baitira hitzak. Hala gertatu zen, adibidez, Blas Alegria Lakuntzako idazleak egindako lanekin. «Blas Alegriak bildu zituen bere garaian hitz pila bat. Baina gerran erre egin zituzten, eta dena galdu zen. Geroz eta jende gutxiagok erabiltzen ditu gaur egun herrian. Horregatik segitu behar dugu guk lanean».

Liburuan parte hartu duten kideak. IÑIGO URIZ / FOKU
Liburuan parte hartu duten kideak. IÑIGO URIZ / FOKU

Orduan hasi ziren mintzapraktika saioak antolatzen, herrian erabiltzen ziren hitzak, galtzen ari zirenak, pixkanaka jasotzeko. Herritarrak parte hartzera gonbidatu zituzten, eta erantzuna oso ona izan zen, bereziki adineko jendearen partetik. Halaxe izan da elkarrizketarako ere. «Hots egin diegu, eta hara zenbat etorri diren», esan du Lizarragak.

«Mintzapraktiketan, ordura arte entzun gabeko hitzak entzuten hasi ginen. Orduan esan genuen: ‘Hori guztia gorde egin behar dugu, nolabait’»

GARAZI OTSAGABIA Euskara taldeko kidea

Rosita Andueza, Mariasun Lakuntza, Sebastian Andueza, Rosita Andueza eta Clarita Razkin batu dira mahaiaren bueltara. «Mintzapraktiketan, ordura arte entzun gabeko hitzak entzuten hasi ginen, edo jolasen izenak aipatzen zizkiguten eta abar. Orduan esan genuen: ‘Hori guztia gorde egin behar dugu, nolabait’», esan du Garazi Otsagabia taldeko kideak.

Esku artean duten liburua izan da prozesuaren emaitza. Ez ziren hutsetik abiatu, ordea: aurrez ere herrian hiru lan eginak zeuden herriko hizkeraren inguruan, eta erabaki zuten lan horiek mintzapraktiketan esandako hitzekin batzea. Hala, 2.300 hitz baino gehiago bildu dituzte liburuan. Azaroaren 30ean aurkeztu zuten herritarren aurrean. Ñabardura bat egin du Otsagabiak, ordea, argi uzteko: bilduma bat da, eta ez hiztegi bat. «Ez diogu hiztegia deitu nahi izan, gu ez garelako profesionalak. Nahiago izan dugu hitz bilduma bat egin dugula esan».

Hitzaren esanahia

Aiaupenanik da euskara taldearen izena, baina zeri egiten dio erreferentzia? «‘Ai, hau pena nik!’, esan nahi du, zehazki. ‘Ai, zer gertatu da!’ edo ‘ai ama!’ ere esan liteke», azaldu du Clarita Razkinek. Nabaritu dute jende gazteak jada ez dituela halako esamolde batzuk egunerokoan erabiltzen. «Galdu da, baina gazteen artean. Guk ez, e? Guk segitzen dugu», esan du Rosita Anduezak.

Adinekoek gogoan dute plazan lehen aldiz elkartu ziren eguna. Abuztua zen, herriko festak ziren. Sebastian Anduezak gogoan du bero egiten zuela, baina gustura egon zirela esan du: «Nik uste gure zaharrek gehiago egin behar zutela guk jakiteko zer gertatzen zen euskaldunen bizitzetan, eta lehenago gertatutako gauzei buruz. Guk ahal duguna esan dugu, haiek gauza gehiago zekizkiten». Baina berehala erantzun dio Otsagabiak, adinekoek sarri euren burua eta jakintza gutxiesten dituztela iritzita: «Zuek gabe ezingo genukeen hau egin».

'Aiaupenanik, a ze itzek' liburua. IÑIGO URIZ / FOKU
'Aiaupenanik, a ze itzek!' liburua. IÑIGO URIZ / FOKU

Hizkuntza ez baita moldakaitza, zurruna. Aldatuz doa belaunaldiz belaunaldi, gizartea aldatuz doan heinean. Horixe nabarmendu du Otsagabiak: «Bizitza aldatu denez, hizkuntza ere aldatu da. Gauza asko egunerokoak ziren lehen, eta orain ez dira erabiltzen». Esate baterako, nekazaritzarekin lotutako hitz ugari sartu dituzte bilduman, edo lehen sektoreko lanbideei buruzkoak dira hitzetako asko, gaur egun erabiltzen ez direnak. Jendea nekazaritzatik urruntzen ari den seinale.

Eta ez hori bakarrik: kutsatzeak ere gertatzen dira. Haiena da adibidea: Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) denbora asko igarotzen badu norbaitek, bertako hizkera nahasten du Lakuntzakoarekin. Edo ikastolan euskara batua ikasten dutenean, hitz batzuk batuan erabiltzen hasten dira gazteak.

«Badirudi euskara batua asmatutako gauza bat dela, eta ez da hala. Oinarria euskalkiak dira, eta hortik atera da batua»

LEIRE LIZARRAGA Euskara taldeko kidea

Otsagabia da horren adibide: ama beasaindarra du (Gipuzkoa), eta aita, arruazuarra (Nafarroa). Beraz, aitarekin Arruazuko euskara erabiltzen du, eta amarekin, berriz, gipuzkera. Euskal Ikasketak egin zituen, gainera. Horregatik dio bere euskara «nahasketa bat» dela. «Mintzapraktiketan gauza asko zeuden nik ulertzen ez nituenak, eta taldeko beste kide batzuei ere gauza bera gertatzen zitzaien. Orduan, guk ez bagenuen ulertzen, esan nahi zuen igual ez zegoela ongi adierazita. Hori ikusita, esanahia aldatzen zuten, guk ulertzeko. Alde horretatik, gure ezjakintasuna ongi etorri da», esan du, barrez.

Batua ere bai

Liburuan jaso dute dendeiye hitza, sua zirikatzeko erabiltzen zen burdinazko makila. Jaso dute ixtiketu aditza ere; sardexkarekin zanpatzea edo birrintzea esan nahi du. Ixtikilipatx hitza ere ageri da: jolas bat zen, batik bat neskak ibiltzen omen zirena; eliz atarian harri gainean lerro bat osatzen zuten, batak besteari bultza egiten zion, eta ilaratik lurrera erortzen zenak galtzen zuen.

Baina jaso dituzte herrian erabiltzen diren euskara batuko hitzak ere. Horren arrazoia azaldu du Otsagabiak: «Ekaitz Santazilia euskaltzain urgazlea Lakuntzan bizi da, eta berak esan zigun horri ere eman behar geniola balioa: uste dugula hitz asko ez direla euskara batuan erabiltzen, eta euskara batuan ere bilduta daudela hitz horiek». Eta Lizarragak gehitu du: «Badirudi batua asmatutako gauza bat dela, eta ez da hala. Euskalkiak dira oinarria, eta hortik atera da batua».

«Nik 'Guaixe' ezin dut leitu. Ez dakit euskara batuan irakurtzen. Orduan, hemen [liburuan] bilatzen ditut letrak, eta berehalaxe jakiten dut zer esan nahi duen!»

ROSITA ANDUEZA Lakuntzako herritarra

Baina hitz zaharrak aho berrietara eramateaz gain, euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituzten adinekoentzat ere lagungarri bihurtu da liburua. Horixe da Anduezaren kasua: «Nik Guaixe ezin dut leitu. Ez dakit euskara batuan irakurtzen. Orduan, hemen [liburuan] bilatzen ditut letrak, eta berehalaxe jakiten dut zer esan nahi duen! Baina oso ongi, e! Gustatu egiten zait, gainera!».

Hori entzunda, Otsagabiak esan du: «Horregatik bakarrik bada ere merezi izan du». Eta ez horregatik bakarrik, adinekoei aitortza egiteko ere baliatu dute egitasmoa, sarri askotan ez diotelako dagokion balioa ematen haien jakintzari. Horregatik, aurkezpenean ere gogoan izan zituzten liburua sortzeko prozesuan parte hartu, baina jada haien artean ez dauden herritarrak. «Oso hunkigarria izan zen», esan dute.

Era berean, haien artean sortutako harremanak eta giro goxoa nabarmendu ditu Otsagabiak. Batzuek aurrez oso gutxi ezagutzen zuten elkar, beste batzuk lagunak ziren, baina asko elkartu ditu hitzak biltzen egindako lan horrek. «Itzek batus, erriye josi», idatzi dute kontrazalean. Eta mintzapraktika saio bat ere irudikatu dute, ilustrazio bat zirriborratuta. Azken batean, mintzapraktikak eta liburua bera aitzakia hutsa izan baitira herria batzeko. Eta ez dute hor geratzeko asmorik. Liburua argitaratu dute, baina jarraituko dute hitzak biltzen, eta herriko euskara bultzatzeko ekintzak antolatzen, Lizarragak esan duenez. «Liburua atera dugu, baina jendea berriz ere ari da galdezka, ea noiz elkartuko garen. Ez da bakarrik liburua ateratzea, baizik eta elkartzea, jendea elkartzea». Hitzak batzea, herria elkartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.