Hitzak kiskali zituztenekoa

1936ko abuztuaren 11n, 36ko gerra hasi eta gutxira, Tolosa arpilatu zuten frankistek: Ixaka Lopez Mendizabalen argitaletxea itxi zuten, eta euskarazko liburuak Plaza Zaharrean erre zituzten.

Tolosako Plaza Zaharra, gaur egun. Bertan dago Tolosako Udala. IMANOL OTEGI / FOKU.
ane insausti barandiaran
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jendea pasieran ibiliko da gaurko egunez Tolosako (Gipuzkoa) Plaza Zaharrean. Batzuk egunkaria eskuan, besteak begiak sakelakoko pantailatik ezin aldenduta, eta besteak herria bisitatzen. Bertan egiten da inauterietako txupinazoa, eta mukuru betetzen da urtez urte, hutsik egin gabe. Beti ez da giro hori izan plazan, ordea: 1936ko abuztuaren 11n, tropa frankistek, herria hartu, eta euskarazko liburuak erre zituzten bertan. Gaur duela 87 urte, zehazki.

Bezperan Tolosa inguruan ibili ondoren, bi zutabetatik sartu ziren militarrak herrian: bata Goierritik zihoan; bestea, berriz, Leitza (Nafarroa) ingurutik, Uzturre menditik. Goizean, miaketak egin eta herria arpilatu ondoren, arratsaldean, liburuak plazan pilatu, eta sua piztu zuten. Bada gertaera biltzen duen argazki bat: militar bat agertzen da Plaza Zaharreko arkupearen aurrean, errauts bihurtutako liburuen alboan. Su «indartsua» izan zela ikus liteke, Josu Chueca historialariaren arabera: «60 zentimetro inguru ditu errauts metak, eta horrek esan nahi du nahikoa altua izan dela liburuen pila».

Eladio Esparza Diario de Navarra-ren orduko zuzendariordeak kronika bat egin zuen gertakaria kontatuz, eta gertakariaren lekukoetako bat da. Hala jaso zuen: «Plazaren erdian sua zegoen. Eskola laiko bateko liburuak ziren! Errauts meta hark, ke zuntz mehe hark, euri jasa iraunkor hark, gogora ekartzen zuen esanahi izpiritual handi bat. Ongi hasiko da Tolosako bizitza berria, gaitz izugarri eta deabruzko honen guztiaren errai gaiztoak errez!»

Zer «eskola laiko», ordea? Zer liburu erre zituzten? Chuecaren hitzetan, kontakizuna ez dago «erabat desbideratuta», baina ez da zuzena: «Tolosan ez zegoen eskola laikorik. Eskola nazionalak zeuden, eta ikastola bat ere bai, Laskorain kalean. Gaurko ikastolak horregatik du Laskorain izena, gerra aurreko euskal eskola edo ikastola Laskorain kalean zegoelako».

Hain zuzen, ikastola horietan erabiltzen ziren liburuak ziren, besteak beste, plaza erdian kiskali zituztenak. Eta nondik zetozen? Bada, Ixaka Lopez Mendizabalek herrian zeukan inprimategitik. Goizean miatu zuten, eta bertako aleak erre zituzten: «Inprimategi horretan inprimatu zituzten gerra aurreko urteetan, 1923tik aurrera, ikastoletan-eta erabiltzen ziren liburuak. Esate baterako, Xabiertxo famatua».

Gerra aurretik ez ezik, gerra ondoren ere euskarazko irakaskuntzan mugarri izan zen Lopez Mendizabalen Xabiertxo. 1960. urtearen bueltan, ikastolen mugimenduen sorreran ere erabili zuten. Kronikan biltzen denaren kontrara, ordea, ez zuen mezu laikorik jasotzen: «Xabiertxo ideologia aldetik gauza inozo bat da. Hor ez dago ideologia eskuindarren aurkako egundoko diskurtsorik. Alderantziz: pentsatu behar dugu orduko EAJk eta Xabiertxo-ren gisako liburuek, ideologia aldetik, bat egiten zutela Espainiako eskumarekin; kristautasunean, adibidez».

Beraz, Chuecak ez du uste liburuak erretzeko arrazoia ikastola horiek mehatxutzat jotzea zenik; gorroto ekintza bat izan zela uste du: «Ekintzak erakusten du nolabaiteko gorrotoa zietela euskal nazionalismoari eta euskal kulturari. Ez da soilik liburuak erretzea: euskara esparru pribatuetan gelditu zen ordutik aurrera».

Liburuetatik harago

Frankistak ez ziren liburuak erretzearekin asebete, ordea. «Alderdi politikoen egoitzak hartu, eta jendearen gauzak lapurtu zituzten», gogoratu du Chuecak. Esaterako, gerra hasi zen egunean, Iruñeko Gaztelu plazako Izquierda Republicanaren egoitza hartu zuten, eta hurrengo egunean, EAJren egoitzan sartu ziren, bertako inprimategiaz jabetzeko: «Desagertu egin zen nazionalisten egunkaria, eta, hamar egun geroago, Arriba España hasi ziren argitaratzen, falangeak izan zuen lehenengo egunkaria; 1976ra arte aritu ziren, hau da, Franco hil eta urtebete geroagora arte. Inpunitate osoz eta lapurtutako makinekin kaleratu zuten».

Hori da gerraren ondoren geratu den «gainditu gabeko ikasgaia», Chuecarentzat: ondare kulturala eta, oro har, jendearen ondarea itzuli ez izana. Esate baterako, gaur egun Cervantes institutuak Parisen daukan egoitza 1936tik 1940ra arte Eusko Jaurlaritzarena izan zela gogoratu du.

Gerraren aurretik, Euskal Pizkundearen «gune euskaltzale eta abertzale indartsuenetariko bat» zen Tolosa, eta horregatik eraso zioten gerra hasi orduko, Chuecaren aburuz. 2015ean, erreketaren 80. urteurrenean, gertaera gogoratzeko ekitaldia egin zuten Tolosan. Panel bat jarri zuten Ixaka Lopez Mendizabalen omenez, inprenta zegoen eraikinean, euskarari eta euskal kulturari egindako lana eskertzeko. Liburuak erre baitzituzten, baina ez memoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.