25 urte zituela hasi zen euskara ikasten Pello Iturria (Iruñea, 1951) botikaria Gasteizen. Ordutik, euskararen eskutik bizipen ugari eta pertsona asko ezagutu izan ditu, eta horietako batzuk Euskarari gorazarrea liburuan bildu ditu. Hitz ederrak bezain finak idatzi ditu euskal arloan jarduten duten guztientzat. Botikaria den aldetik, farmazia mundua eta euskara ere uztartzen saiatu da. «Mediku, irakasle, garbitzaile edo abokatu izanda ere, euskarari eutsi behar zaio».
Asko maite duzu euskara.
Bai. Uste dut euskaltzaletasuna aitari zor diodala. Hark hitz solte batzuk baizik ez zekizkien. Halere, etxean beti euskaltzaletasunaren, euskal ohituren eta kulturaren alde azaltzen zen, eta, tarteka, euskaraz egiten ere saiatzen zen. Asko eskertuko diot hori beti.
Maiz entzuten da euskara hizkuntza zaila dela.
Hizkuntza guztiak izan daitezke zailak. Frantsesa ere ez da erraza; ikasten jartzea da gakoa. Hizkuntza bat benetan maitatzen denean, ez da hain erraz uzten, bidean zailtasunak izanda ere. Ikasten hasi nintzenean, hizkuntza zoragarria iruditu zitzaidan, eta oraindik ere txundituta jarraitzen dut.
Liburuan nabarmendu duzunez, beharrezkoa ez izatea da euskarak bizirik irauteko duen oztopo handiena.
Amorrua ematen dit horrek. Txinara bidaltzen bagaituzte, nahitaez ikasi beharko dugu txinera, edo, Frantziara joanda, frantsesa. Hemen, gaztelerarekin bakarrik bizi daiteke, zoritxarrez.
Noiz erabaki zenuen euskararekin izandako harremana idaztea?
Neure buruari etxeko lan gisa jarri nion edozeri buruz idaztea, eta euskararekin loturiko dokumentu guztiak gordetzea. Esaterako, Uharten [Nafarroa] lehen Euskararen Eguna ospatu zeneko orriak gordetzen ditut.
Azkenean, liburu bat osatzea erabaki zenuen.
Hori da. Zahartu baino lehen hori guztia elkartu nahi nuen, euskara ikasten ari diren horiei guztiei animoak emateko; euskarari eusteko. Eta euskara berreskuratu nahi dutenei ere bultzadatxo bat emateko. Azken batean, ni ere euskaldun berria naiz. Egia da gai asko nahasten direla liburuan, baina pasarte guztien ardatza euskara da. Botikari moduan izandako gertaera batzuk ere bilduta daude.
1995ean, Feuse Farmazialari Euskaldunen Elkartea sortu zenuten. Garapenik egon da ordutik hona?
Gure arloan euskara normalizatu nahi genuen, eta aldaketarik handiena horixe da: inoiz baino botikari euskaldun gehiago dago. Dena den, egia da pentsatzeko era ere aldatu dela. Gure ondorengo gehienek euskara ikasten dute ikastetxean; lehen, ez zen horrela.
Era berean, 2002an, Farmazia Hiztegia idatzi zenuten euskarazko lexikoa izan dezazuen.
Saiatu ginen botiketan egunero erabiltzen ditugun hitzak euskaratzen, eta esango nuke Euskal Herriko farmazia guztietan badagoela aleren bat. Pentsatu nahi dut lanean euskara gehiago erabiltzeko balio izan diela askori.
Liburuaren atarian zera diozu: «Mintza euskaraz, bada, beldurrik eta lotsarik gabe!». Bukatu ere horrela bukatzen duzu: «Mintza euskaraz, hil ez dadin».
Ez al da egia? Dena alferrik izango da hitz egiten ez badugu; bakoitzak dakiena erabil dezala. Beldur izugarria diogu hanka sartzeari, baina ez dugu lotsarik izan behar. Eginez ikasten da. Modu berean, euskarazko libururik egongo ez balitz, ni ez nintzateke euskalduna izango gaur egun. Zorionez, lagun asko ditut idazle eta itzultzaile zoragarriak direnak. Batzuentzat futbolariak diren moduan, niretzat horrelako lagunak izatea ohorea da.
Duela bost mende Bernart Etxeparek egindako aldarriak bizirik dirau zure lerrootan.
Dudarik gabe. Oraindik jendea ohartarazi behar dugu zer altxor daukagun hemen. Goizueta, Segura eta halako herriak mirariak dira, aitona-amona euskaldunak mirari diren moduan. Ahoz aho iraun du euskarak, eta lekukotasun baliotsuak ditugu. Baina erabiltzen jarraitu behar dugu.
Zure ustez, zer moduzko egoera dauka euskarak Iruñean?
Duela hogei urte baino hobea, baina beldur naiz ez ote garen lasaikerian erori. Jakitun izan behar dugu euskara zer den; kontzientzia hori galdu dugula dirudi. Kontua da berrogei urte barru frantsesak eta gaztelaniak hizkuntza ahaltsuak izangodirela artean ere. Euskara ahulago dago, eta zaindu behar dugu. Jesus Altuna paleontologoak duela urte batzuk esan zuen moduan, trikuharriak eta halakoak hainbeste zaintzen baditugu, nola ez dugu zainduko historiaurretik bizirik ailegatu zaigun ondare bakarra? Eta egia da, euskara buruan, bihotzean eta batik bat mingainean izan behar dugu beti. Altxor izugarria da.
ATZEKOZ AURRERA. Pello Iturria. Botikaria eta idazlea
«Hizkuntza bat maite denean, ez da uzten»
Iturriaren ustez, historiaurretik iritsitako «altxorra» da euskara, eta, hain zuzen, hizkuntzaren balioa azaleratu du 'Euskarari gorazarrea' saiakeran; botikari euskaldun berri baten bizipenak kontatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu