ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Lasa Agirre. Emuneko kidea

«Hizkuntza kontuak emozionalak dira»

Hizkuntza ekologiaren helburua da hizkuntza guztien biziberritzea lortzen saiatzea. Hizkuntza osasuntsu garatzeko, ezinbesteko da hiztun taldeen jarreretan eta portaeretan arreta jartzea.

Zihara Jainaga Larrinaga.
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Hizkuntzen aniztasun iraunkorra bermatuko duten praktikak izan dituzte hizpide aste honetan UEUk Baionan antolatutako ikastaroetan. Ekoguneko Itsaso Olaizolarekin batera, Ainhoa Lasak (Lovaina, Flandria, 1976) Emun kooperatibako kideak gidatu du ikastaroa.

Zertan oinarritzen dira hizkuntza praktika ekologikoak?

Ekologiaren begirada hizkuntza praktiketara ekartzean datza. Hizkuntza aniztasuna aberastasuna da, eta, babesteko, neurri eta praktika orekatzaileak hartu behar izaten dira. Hezkuntza komunitatean modu sistemikoan —familia, gurasoak, eremu hurbila— euskararen erabilera sustatuko duten praktika linguistikoez ari gara.

Zeintzuk dira praktika horien adibideak?

Asko izan daitezke: eskola komunitatean eragile izatea; haurren garapena aintzat hartuta, esku hartzeak abiatzea; beharrezko elkarrizketak hastea; egon daitezkeen hizkuntza gatazkak kudeatzen ahalduntzea; euskararekiko motibazioa eta esperientzia positiboak indartzea... Euskal hiztun oso eta askeak ditugu helburu. Ikastaroan zehazki heziketari dagozkion praktikak izan ditugu oinarri; alegia, zer eta nola egin hiztun ahaldunduak izateko. Betiere, haurren eta gazteen mundua, aisialdia, eskola eta etxea aztertu ditugu.

Hizkuntza eta ekologia bateratzea posible da?

Ekologiak aniztasuna bermatu eta mantendu nahi du, eta hori hizkuntzara ekartzea erraza da. Dagoen aniztasun osasuntsua modu iraunkor batean mantendu ahal izateko sarea, egiteko moduak, prozesuak edo orekak bilatzen ditu ekologiak.

Euskara ekologikoa da?

Euskararen lurraldean euskaraz bizitzeko praktikak sustatzea da ekologikoa.

Orduan euskal komunitatea indartsua dela esango zenuke?

Erabilera sustatzeko beharra dago, eta euskal komunitatea da ardatz.Urrats garrantzitsuak egin izan ditu, ezagutzan indar handia jarri du, baina erabilerako saltoa ez da eman espero zen bezala. Hizkuntza komunitate aktibo bat dugu; erabilerari lotutako praktika politak azaleratzen ari dira. Urrats garrantzitsuak egin izan ditugu, ezagutzan indar handia jarri dugu, baina erdaratik euskararako portaeretan jarri behar dugu arreta.

Zer falta da salto hori emateko?

Guri zer gertatzen zaigun eta inguruan zer gertatzen den begiratzea. Ulertzea zergatik aldatzen dugun hizkuntzaz eta euskarari eroso eusteko asertibotasunez jokatu ahal izateko ahalduntzea.

Zergatik gertatzen da hori?

Batzuetan, ulertzen ez gaituztelako; beste batzuetan, ohituragatik, aurreiritziak ditugulako, beldurrez jokatzen dugulako, gatazka saihestu nahi dugulako, eskubiderik ez dugula pentsatzen dugulako eta, kasu askotan, hizkuntzen gaineko pertzepzio okerra dugulako... Hizkuntza kontuak oso emozionalak izaten dira, identitatearekin lotura estuan.

Hizkuntza ohiturak alda daitezke?

Noski, eta maiz ez gara konturatu ere egiten. Erdararen aldeko inertziak ditugu; aldatzeko, gure portaeraz ohartu behar dugu, gogoa jarri, trebatu eta arretari eutsi euskaraz egitea ohitura bilakatu arte. Bizitzako aldaketa uneetan errazagoa da. Halaber, erronka nagusia praktikak denboran mantentzean datza, eta, horretarako, badaude hizkuntza aktibatzeko zenbait egitasmo, talde indarraren ondorioz praktika aldaketak lortzen dituztenak. Baina aldaketak beti egin ditzakegu, eta, praktika horiek denboran mantenduz gero, inertziaz egingo dira.

Krisi linguistiko batean gaude?

Beste krisien artean linguistikoa ere badugu. Unescoren arabera, hizkuntzen galera erritmoa handia da eta euskararen garapen iraunkorra ez dugu bermatua. Arriskuan egoteak, baina, ez du esan nahi bihar desagertuko denik, baizik eta ezin garela erlaxatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.