1991rako hasiak ziren Bai&by-ren sortzaileak kezka baten inguruko lanketa egiten. «Ikusten genuen porrot handia zegoela ikaskuntzan; euskaraz eta ingelesez», azaldu du Entzi Zubirik (Bilbo, 1961). Hala, bi hizkuntzak ikasteko sistema informatikoak sortu zituzten. Nolabait esateko, ikaslearen ezaugarrietara egokitutako irakasle birtualak dira. Ikasleekin izandako emaitza positiboek bultzatuta, 1998an Bai&by zentroak ireki zituzten. Eta 2007an, beste pauso bat eman zuten: enpresa pribatu izateari utzi, eta fundazio bihurtu ziren. Gaur egingo dute horren aurkezpen publikoa.
Fundazioa sortu eta zortzi urtera egingo duzue aurkezpen publikoa. Zergatik orain?
Krisiak ukitu gintuen gu ere. Orain ari gara burua altxatzen, eta ospatu behar dugu proiektua gauzatu izana, aurrera goazela, eta, gainera, zergatik ez ezagutarazi?
Zergatik utzi diozue enpresa pribatu izateari?
2001ean, pentsatzen hasi ginen lortu genuenak gizarte osoarena izan behar zuela, ondasun pribatua baino gehiago. Ikusi genuen fundazio bat zela proiektua —teknologia eskaintza eta ikerketa— babesteko modu egokiena. Fundazioak egiten duena da jasotako etekinak zertan inbertitu erabaki. Ez da bakarrik solidarioa kanpora begira, baita barrura begira ere. Horretarako, beharrezkoa zen barne funtzionamendu ezberdin bat. Proiektu osoa da fundazioarena: zentro guztiak, 54 langileak eta ondasun guztiak.
Helburu argiak ditu fundazioak.
Euskara eta euskal kultura suspertzea da lehena, hortik sortu gara eta. Sistema adituen ikerketa bultzatzea da bigarrena, hezkuntza eskubidea berma dadin, jaiotzen garen lekuaren arabera aldaketa handiak baitaude. Eta hirugarrena garabidean diren herriekiko elkartasuna lantzea da.
Zer egiten duzue helburu horiek lortzeko?
Seaskarekin lankidetzan ari gara; ikerketa arloan, fundazioak ingeleserako Engram etiketatzailea erosi du; elkartasuna adierazteko, kitxuera ikasteko plataforma bat garatu dugu Garabiderekin; eta ikasleei laguntzak ematen dizkiegu ingelesa euskaratik ikas dezaten.
Zer onura ditu ingelesa euskaratik ikasteak?
Euskalgintzan gabiltzan guztion kezka da gazteen euskara nahiko kaxkarra izaten dela, nahiz eta D ereduan aritu, etxe inguruan ez badute erabiltzen eta ez badago maila on bat. Ingelesa euskaratik ikastean, euskara bera indartzen da. Euskaldunok normalean gaztelania ere badakigu Hego Euskal Herrian, eta ohituta gaude erdaratik jasotzera halakoak. Horregatik, iaz atera genuen ingelesa euskaratik ikasteko plataforma bat.
Hiru helburu horiez gain, beste bat ere baduzuela diozue.
Fundazioa solidarioa izan dadin barrura begira, hitzarmen kolektibo bat egin genuen lankide guztiekin adostuta. Gehienezko soldata fundazioko baxuena halako 2,5 izan daiteke; onura sozialak ezarri genituen lankideentzat; euskara eta ingelesa doan ikas ditzakete senideek; amatasun baimenak astebete luzatu genituen... Eta halako gauzak.
Aldaketa handia izan zen?
Bagenituen balio horiek proiektua sortu genuenok. Inplikazioaren aldetik dago ezberdintasun nagusia. Lankideek sentitzen dute eurena dela fundazioa. Goitik behera eginda zegoen proiektu bat behetik gora birsortu da. Jendeak badaki lanean ari dela proiektu batean, eta horrek bizipoza ematen dizu.
Sentitzen duzue zerbaiten alde ari zaretela lanean, ezta?
Aurrekoan, afari batean, eztabaida izan genuen; ez dugula ezer egiten eta horrelako gauzak. Eta Bai&by-ko lankide batek bota zuen: «Niri iruditzen zait eguneroko lanean gauzak egiten ditudala». Ez da zure lana eta gero militantzia. Zure lanak badauka ukitu hori. Elhuyar fundazioa eredu izan dugu hainbat gauzatan.
Ez da arraroa hizkuntza akademia bat halako proiektu baten barruan sartzea?
Hizkuntzak gizartea aldatzeko indarra du. Sistema adituen artean, zoritxarrez, merkatuan dagoen bakarra gurea da hizkuntzak ikasteko. Gizartea aldatzeko modu bakarra da nork bere ingurutik abiatuta egitea. Okindegi bat izango bagina ere, kontuan izango genuke gure lanarekin zer sustatu. Hori da beste mundu bat egiteko modua.
«Ziur asko ez dago gizakiak sufritzen eta eragiten dituen arazoak konponduko dituen formula perfekturik, baina saiatuz soilik lortuko dugu irtenbidera hurbiltzea…» irakur daiteke zuen webgunean.
Gure ikuspegia da mundu honetan, nahiz eta kaka bat izan, batzuetan badagoela jende asko beste mundu baten alde borrokatzen ari dena, bakoitza bere arloan. Guk egin dugu proiektu berezi bat, balio batzuekin. Beste giza harreman batzuk, beste tratu bat ikasleekin... Proiektu bat da; ez negozio bat.
ATZEKOZ AURRERA. Entzi Zubiri. Bai&by fundazioaren sortzailea
«Hizkuntzak gizartea aldatzeko indarra du»
Bai&by enpresa pribatu izateari utzita fundazio bihurtu dela ospatuko dute gaur Bilbon egingo duten aurkezpen festan. Ingelesa eta euskara irakasteaz harago doa proiektua, Zubiriren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu