Mirentxu Purroi. Kazetaria

«Hobetzeko modukoa da egungo kazetaritza»

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Purroiren ibilbide profesionala saritu dute asteon. Esker onekoa da kazetaritzak eman dion guztiagatik: «Aukerak zabaldu dizkit».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza eta Salamancako Unibertsitatean (Espainia) Psikologia ikasi zituen Mirentxu Purroik (Iruñea, 1953). 1976an, Punto y Hora aldizkaria sortu zuen beste kazetari batzuekin batera. 1978 eta 1980 bitartean Egin egunkariko zuzendaria izan zen. ETBko Mundo.Hoy saioa zuzendu eta aurkeztu zuen makina bat urtez. Zinemagintzan ere aritua da.

Nor izan zenuen gogoan asteazkenean, saria jaso zenuenean?

Maite ahizpa izan nuen gogoan, nire bizitzako itsasargia izan baita. Gertukoez gogoratu nintzen, gure artean daudenez eta ez daudenez. Kazetaritza onaz ere bai: adierazpen askatasuna eta duintasuna defendatzeagatik borrokatu direnekin.

Zer esan nahi du zuretzat ibilbide profesionala saritu izanak?

Nire lanean pertsona duina izan naizela pentsatuko zuten.

Kazetaritzan zerbait utzi al duzu egin gabe?

Ez. Kazetaritzak beti laguntzen zaitu gazte egoten, norberaren interesa pizten, trebatzen eta lantzen aktualitatea aztertu ahal izateko. Sufrimendua ere eragin zidan batzuetan, kalumniak eta heriotza mehatxuak barne. Baina kazetaritzak aberastu egin nau, aukerak zabaldu dizkit, eta mundua ulertzeko aukerak eman. Hori guztia eskertzekoa da.

Lehen urteetan prentsa idatzian aritu zinen. Gero, zineman eta ikus-entzunezkoetan. Zer eman dizute ikus-entzunezkoek?

Ikus-entzunezkoek askatasuna ematen dute. Kazetarientzako zerbait interesgarria ere bai: irudiekin idatz dezakezu; hitzarekin eta soinuarekin idatz dezakezu, eta emozioak transmititu. Prentsa idatziak sintesi hotzak egitera eramaten zaitu. Baina zineman edo dokumentaletan sormenerako askatasun handiagoa duzu.

Dokumental ugari aurkeztu zenituen ETBn. Kalitatezko dokumental gutxiago ikusten al dira orain doako kateetan?

Sare sozialek irudikatzen duten mundu berriarekin ikaratu egin dira batzuk. Hedabide tradizionalek monopolioa galdu dute. Telebista batzuek ikusi dute beren ikusle datuak beherantz doazela, eta maila gorago jarri beharrean, helmuga apaldu dute: sentsazionalismora eta errazkeriara jo dute, eta kalitatea txikiagotu. Ez da ETBren kontua bakarrik. Telebista anglosaxoietan ikusten dut salbuespena, oso onak baitira.

Albiste faltsuez asko hitz egiten da egun. Baina beti egon dira, ezta?

Bai, bai, beti egon dira. Boterearen zerbitzura aritu ziren mertzenarioei esker eutsi zion bere buruari frankismoak. Egun, Donald Trumpen pareko pertsonaia bat nola sortu duten ikusi dugu. Arazoa da hedabideetan albiste faltsuak ez direla berehala ezeztatzen datuekin. Gezurrak sareetan infinituraino biderkatzen dira, eta nola eman gero horri buelta?

Frankismoa bukatu osteko urteetan ere, gerra zikineko gezurrak bertsio ofizial gisa aurkezten ziren sarri.

Noski, hortaz bizi izan dira. Bestela, hori guztia epaitua egongo zen. Horregatik mantentzen dute sekretu ofizialen legea, orduko gezurrak ez ezeztatzeko. Hori guztia argitara ematen den arte, ez dakit zeri deitu dakiokeen bakea eta elkarbizitza. Bitartean, ez da egongo egiarik bidean.

Zenbait adituk diote pandemiak erakutsi duela kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa dela.

Kazetariak informazioaren profesionalak dira. Gaien jatorrira jotzen dute kazetariek, guztiak baitu nor bat, zer bat. Kazetariak kazetari izan behar du; oso garrantzitsua da gezurraren eta egiaren arteko distantzia.

Zer esango zenuke gaur egungo kazetaritzaren kalitateaz?

Badago kalitate handiko kazetaritza, gero eta minoritarioagoa. Baina, orokorrean, kazetaritzaren kalitatea hobetzeko modukoa da. Herritarrak jada ez dira fio egunkariez. Izan ere, egunkariek beren ideologoari edo jabe enpresariei erantzuten diete. Eta zaila da kazetari batek informazioa ematea hedabidearen babeslea kontraesanean jarriz. Bestetik, boterean dauden alderdiek prentsaurreko asko ematen dituzte, eta ulertezina da kalitatezko hedabideak adierazpenen kazetaritzan erortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.