ana galarraga aiestaran
Elhuyar Zientzia

Hondakin-meta Ilargian

2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Ilargiari begira bukatu genuen 2023a, eta hala hasi dugu 2024a. Ez erromantikoak garelako (edo ez horregatik bakarrik), baizik eta era guztietako misioen jomuga izaten ari delako: komertzialak, zientifikoak, propagandistikoak, edo guztiak batera. Emaitzari erreparatuta ere, denetik izan da: batzuek bete-betean erdietsi dute beren helburua, eta beste batzuek bete-betean edo zeharka jo dute helmugaren aurka, eta txatarra edo izar iheskor bilakatu dira.

Joan den astean bertan, arrakasta eta porrota, biak bildu zituen Slim zunda japoniarrak. Hain zuzen, haren xedea bikoitza zen: batetik, Ilargian lur hartzea lortzen duten herrialdeei batzea Japonia; bestetik, Ilargiari buruzko datuak biltzea. Lehena arrakastaz bete zuen, eta haren distirak ia-ia bigarrena estali du, erdizka geratu baita.

Slim iritsi den arte, soilik lau herrialdek zuten beren ontzi batek Ilargian lur hartu izanaren ohorea: joan den mendean Sobietar Batasuna zenak eta Ameriketako Estatu Batuek, eta azken urteotan, Txinak eta Indiak. Japoniako JAXA espazio-agentzia aspalditik ari zen pauso sendoak ematen haiei batzeko, eta ikusmin handia zegoen ea Slimekin lortuko zuen helburua.

Azken aldian egin diren saiakerak ez baitira ondo atera. Iaz, adibidez, JAXAz kanpoko beste misio japoniar batek Ilargiaren aurka jota bukatu zuen. Antzeko patua izan zuen Luna-25 zunda errusiarrak. Peregrine estatubatuarrak, berriz, ez zuen Ilargiaren aurka jo; baina hark ere ez zuen lortu ilargiratzea, eta izar iheskor bihurtuta amaitu du bidaia, Lurraren atmosferan sartzean erreta.

Aurrekari horiek aintzat hartuta, txaloka ospatu dute Slimen ilargiratzea. Garaipen-oihuen ondotik, etsipenezko hasperen isil bat ere entzun zen, ordea: eguzki-panelek ez zuten argia jasotzen, eta, beraz, bateriak ez zuen funtzionatzen. Hasieran, ez zekiten non zegoen arazoa, baina orain Slim ikustea lortu dute: zunda Ilargiaren azalaren gainean dago, bai, baina buruz behera. 

Dena ondo ateraz gero ere, ontzi horiek guztiak eta daramaten tresneria han geratuko ziren, aurretik bidali diren gainerako ontzi, zunda, tresna eta objektuekin batera. Izan ere, misioz misio, Ilargia txatartegi bihurtzen ari gara. Gainera, jarduera espazialari lotutako materialak ez ezik, bestelako bitxikeriak ere badaude: banderak (nola ez!), familia-argazkiak, golf-pilotak (Apolo 14 misioan golfean aritu baitziren astronautak), luma bat eta mailu bat (biak aldi berean erortzen zirela frogatu zuten Apolo 15 misioan)...

Hala ere, badago espazioa babesteko nazioarteko hitzarmen bat, eta, horren barruan, espazioa bakterio eta birus lurtarrez ez kutsatzeko asmoa. Horretarako, espazioratzen diren ontzi eta tresna guztiak ondo esterilizatuta ateratzen dira Lurretik. Alabaina, Apolo misioetan ez ziren gehiegi kezkatu horrekin, eta espazio-ontzian sortu zituzten hondakin biologikoak (gorotzak eta gernua, alegia) Ilargian utzi zituzten. Zehazki, 96 edukiontzitan daude, eta haiek berreskuratzeak badu interesa, Ilargia garbitzeaz gain: bizirik ote daude hondakin horietan zeuden mikroorganismoak? Eboluzionatu ote dute? Ea misioren bat arduratzen den galdera horiei erantzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.