EHUko Egoera Solidoaren eta Materialen Ikerketa Taldeko kidea

Veronica Palomares: «Hondakinak erabiliz bateria komertzialen alternatiba bat sortzea da helburua»

Litioaren alternatiba jasangarri bat bilatzeko, EHUren ikerketa batek bateria kargagarriak lortu ditu biomasatik. Palomares ikerketaren zuzendarietako bat izan da.

Veronica Palomares eta Nekane Nieto. EGOI MARKAIDA/EHU
Veronica Palomares eta Nekane Nieto. EHU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kale garbitzaile askori buruhauste ugari eragiten badizkiete ere, antsietateak izkina asko zipriztinduak dituen garai honetan pipak jatea estresa askatzeko ekintza bat da askorentzat. Orain arte, pipa bera zen probetxuzkoa, eta haren azala, alferrikakoa. Bada, EHUko ikerketa batek botoi motako bateriak egitea lortu du pipa azalak lehengaitzat erabiliz. Klima aldaketak eta Lur planetari orain arte eragindako esplotazioa nolabait apaltzeko, makina bat ikertzaile dira jasangarritasunaren alde lanean dabiltzanak: haietako bat da Veronica Palomares (Bilbo, 1981). Materia organikotik zerbait probetxuzkoa lortzeko helburuz, Nekane Nietoren doktore tesiaren parte gisa, biomasa erabiliz bateria kargagarriak egitea lortu du.

Testuingurua uler dezagun. Zer materialez daude eginda gaur egungo bateria gehienak?

Egungo bateria ia guztiak litio ioiez eginda daude. Kontua da litioa ez dela ugaria. Lurreko toki jakin batzuetan bakarrik dago, eta horrek asko garestitzen du. Bestalde, sodio ioizko bateriak ere badaude. Horien abantaila da sodioa oso ugaria dela edonon: itsasoan, mineral askotan... Eta, oso eskuragarria denez, dezente merkeagoa da.

Kontua da mota horretako bateriek, funtzionamendu aldetik litio ioizkoen nahiko parekoak izanda ere, pisu handiagoa dutela. Gauza eramangarrietarako baino gehiago, gauza handietarako dira baliagarriak: energia eolikoa edo fotovoltaikoa metatzeko, esate baterako.

Biomasatik lortutako bateriek antzeko gaitasunak izan ditzakete?

Guk sodio ioizko beste bateria batzuekin alderatu ditugu, ez gure mobiletan daramatzagun baterien parekoekin. Sodio ioizkoetan masarekiko betetzen den energia ez da hain handia, eta haien parekoa den zerbait egitea lortu dugu. Helburua ez zen bateria komertzialen ahalmena duen bateria bat sortzea, ez; hondakinak erabiliz horien alternatiba bat sortzea baizik.

Zer material ikertu dituzue?

Bertako hondakinak erabiltzea zen helburua. Urrutien Nafarroara joan ginen, mahats patsaren bila. Inausketen hondakinak, artaburuak, kafe hondarrak, landareen zurtoinak, mahatsen haziak eta azalak eta abar probatu ditugu.

Eta, azkenean, zergatik pipa azalak? Zer abantaila dituzte?

Nietoren tesiaren parte da ikerketa, eta hark jada buruan zuen pipa azalak probatzea, haren aita haien oso zalea baita. Probatu genuen, eta pipa azalekin lortu genituen emaitza onenak. 

Zer prozesu egiten dute pipa azalek bateriaren parte bihurtzen diren arte?

Bateriek hiru zati dituzte, elektrolitoa eta bi polo: katodoa eta anodoa. Gure ikerketa azken horretan ardaztu da, anodoan. Pipa azalak karbonizatzen ditugu: presio handi baten pean, uretan berotzen ditugu, eta, horren ostean, labe batean, airerik gabe, izugarrizko tenperatura altuetan. Hori gauzatuta, ikatz gogor bat lortzen dugu, eta horrekin botoi formako pila bat eratu dugu.

Hori dena egiteko zeintzuk aritu zarete lanean?

Teo Rojo eta biok gara Nietoren doktore tesiaren zuzendariak. Eta ikerketan Bilboko ingeniaritza eskolaren laguntza ere izan dugu: bertako erreaktorea erabili dugu, eta hango Supren pirolisi taldeak eta Life Cycle Thinking Group taldeak ahalik eta aztarna ekologiko txikiena lortzen lagundu digute.

Zer gaitasun dituzte lortu dituzuen bateriek?

Bi gauza hartu behar dira kontuan: bateriek duten karga gaitasuna, hau da, zenbat energia metatzeko gai den, eta zenbat ziklo iraun ditzakeen. Katodoaren arabera, noski, baina mila ziklora hel daiteke guk sortu dugun bateria. Eta, kargari dagokionez, botoi formako pila bat sortu dugu, hau da, oraindik eskala txikietan mugitzen ari gara.

Zer esan nahi du horrek?

Bada, pipa azalak erabiliz LED argi bat piztea lortu dugula.

Eta zenbat pipa behar dira horrelako bateria bat lortzeko?

Botoi formako pila bat egiteko, oso gutxi. 3-3,5 miligramo ikatz ditu, eta, hori lortzeko, gutxi gorabehera, 20 miligramo pipa azal beharko genituzke. Noski, bateria potenteago bat lortzeko masa gehiago erabili beharko genuke.

%100 berriztagarria edo ekologikoa izango den etorkizun bat posible dela uste duzu?

Oraingoz ez dut uste era puruan lortuko denik, hau da, %100ean, baina biomasatik lortutako bateriak egungo bateria komertzialekin konbinatzea da helburua.

Eta zein da zuen hurrengo erronka? Zertan zabiltzate?

Unibertsitatean prototipo txikiekin egiten dugu lan, eta, esan dudan moduan, pipa azaletatik lortutako ikatzarekin LED argi bat piztea lortu dugu. Bada, orain, eskala handiagoan lan egiteko asmoa dugu, eta horretarako teknologia zentro batekin ari gara lanean.

lotsabako

Fruitu lehorrik gogokoena?
Anakardoak.

 Elementu kimikorik gustukoena?
Wolframa, Bergaran deskubritu zutelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA