Paradoxikoa dirudi, baina ohiko prozedura da: bakero asko higatu egiten dira ekoizpenean, erabilerak eragingo liekeen higadura lortzeko erabili gabeko jantzian. Silize-hondar zurrusta baliatu ohi da horretarako, edo zenbait produktu kimiko, baina ez dira teknika kaltegabeak: ondorioak dituzte hala langileen osasunean nola ingurumenean. EHUko Materialak eta Teknologiak taldeko Cristina Peñak (Hernani, Gipuzkoa, 1975), Juan Luis Osak (Zarautz, Gipuzkoa, 1976) eta beste ikerlari batzuek ohiko tekniken antzeko emaitza erdietsi dute muskuiluen maskor birrinduekin, baina haien albo kalterik gabe. AEBetako MIT institutuarekin kolaboratu dute, eta Donostiako La Mejillonera tabernaren eta Bergarako Evlox oihal enpresaren laguntza ere izan dute.
Multinazional batek oihal bakeroa higatzeko teknika jasangarriago bat behar zuelako abiatu zenuten ikerketa. Zer arazo sortzen ditu ohiko teknikak?
JUAN LUIS OSA: Berez, hondar zurrustaren teknikak ez dakar arazorik, era egokian erabiliz gero. Egunero erabiltzen da ontzioletan, industrian, aeronautikan eta lantegi txikietan, piezak garbitzeko. Baina, urratzaile egokia erabiltzen ez bada, ezta segurtasun neurririk ere, arriskutsua da. Garapenean dauden herrialdeetan, ez dago segurtasun kontrolik. Bat-batean, hemen ezagunak ez ziren gaixotasunak agertzen hasi ziren: silikosia, adibidez. Debekatuta dago oihalgintzan silizea erabiltzea, baina, hala ere, erabili egiten da.
Silize zurrusta prozedura kimiko batekin ordezkatu zuten. Baina hori ere toxikoa da, ezta?
CRISTINA PEÑA: Bai. Oxidatzaileak eta permanganatoak erabiltzen dira, eta erre dezakete; ez da irtenbide garbi bat. Laserra izan daiteke erarik garbiena. Gainera, diseinatzaileek esplikatu zigutenez, helburua da higadura naturala lortzea. Eta higadura kimikoa ez omen da hain erakargarria edo polita geratzen; beste itxura bat ematen dio oihalari, eta kolorea eta higadura efektua desberdina da. Hondar zurrustaren metodoa berreskuratu nahi zuten, beste material bat erabili arren.
«Txikia bada eta kolpe asko ematen badira, hondarrak efizientzia handiagoa du. 100-300 mikrako zatiak erabili ditugu»
JUAN LUIS OSA EHUko ikerlaria
Botoiak erabili zenituzten hasieran. Zer lortu zenuten?
OSA: Emaitzak onak ziren. Koopera erakundearen aurreneko ideia zera zen: beraiek bildutako arroparen botoiak erabiltzea, berrerabiltzeko balio ez zuen arroparenak. Baina lortzen zuten kantitatea ez zen oso handia, eta utzi egin genuen. Botoiek ere oihala urratzen dute; baina ez dira homogeneoak, material ezberdinez eginda baitaude, batzuk bigunagoak, beste batzuk gogorragoak... Denak nahastean homogeneizatu egiten zen, baina halere ez zen oso homogeneoa, eta ezin zen ondo kontrolatu.
Muskuiluekin probatzea erabaki zenuten gero. Kopuruagatik?
OSA: Lehengaia eskura geneukan. Donostiako La Mejillonera tabernan eskatzea okurritu zitzaigun. Laborategi eskalan, 15 kilo maskor behar ditugu; nahikoa genuen.
PEÑA: Beste oskol batzuk baztertu genituen. Osak ikertu zuenez, muskuiluenak dira gogorrenak, eta ezin dira elikadura gisa berrerabili —oiloentzat, adibidez—, gogorregiak direlako. Oskolak karbonato kaltzikoz osatuta daude, eta elikagai ona izan daitezke.
Gogortasuna da zuen ikerketaren gakoetako bat, hain justu: muskuiluen maskorrek hauskortasun txikia dutenez, silizea baino gehiagotan erabil daitezke hondatu aurretik.
OSA: Hori da. Azkenean, efizientzia bera daukate: urratzeko, muskuilu oskola ez da silizea baino hobea; antzeko kantitatearekin, denbora berean, emaitza bera lortzen da. Baina, hauskortasun txikiagoa dutenez, oskolak hobeak dira.
«Higadura kimikoa ez omen da hain erakargarria edo polita geratzen: beste itxura bat ematen dio oihalari, eta kolorea eta higadura efektua desberdinak dira»
CRISTINA PEÑA EHUko ikerlaria
Maskorrak birrindu egin behar dira erabili aurretik. Zer beste tratamendu behar dute?
OSA: Garbitu egin behar dira, muskuilu arrastoak izaten baitituzte, eta tratamendu termiko bat aplikatu behar zaie. Gero, eho egiten dira, eta galbahe batetik pasatu, tamaina jakin bateko zatiak aukeratzeko.
Zelakoa izan behar du hondarraren tamainak?
OSA: Txikia. Zergatik? Energia gutxi behar duelako higatzeko. Hondarrak gainazala baino ez du higatzen, hori baino ez dagoelako tindatuta; barruko hariak zuriak dira. Txikia bada eta kolpe asko ematen badira, efizientzia handiagoa du. Urratzaile arruntekin ere berdin egiten da. 100-300 mikrako zatiak erabili ditugu. Kontxako hondarraren tamainakoak, gutxi gorabehera.
Oihalgintzan ez ezik, beste sektore batzuetan ere erabil daiteke muskuilu hondar zurrusta?
OSA: Muskuilu oskolek dentsitate txikia daukate. Horregatik behar dute energia gutxiago. Egokiak dira gauza finak egiteko. Adibidez, aluminio piezak garbitzen ari bazara, pintura edo herdoila kentzen, urratzaile arruntarekin arituz gero pieza izorratuko duzu. Muskuilua egokiagoa da. Edo artelanak garbitzeko, eskulturak... Ontzioletan ere egokia izango litzateke, itsasora eroriz gero ez baita ezer gertatzen; bertakoa da.
PEÑA: Ekonomia zirkularra: itsasotik atera eta itsasora bueltatu.
LOTSABAKO
Gustuko duzuen material bat?
PEÑA: Taninoak. Eta plastikoak: materialak ez dira onak edo txarrak; nola erabili eta kudeatzen diren, hori da arazoa. OSA: Urratzaileak, oro har; material granularrak eta egurra.Gustuko ez duzuen material bat?
PEÑA: Gasak.