Antropologoa eta idazlea

Anuntxi Arana: «Hori ere fantasia da; bada uste bat euskal mitologian: Euskal Herriko jendartea feminista zela»

Euskal Herriko mitologian aditua da Arana. Mitoaren inguruan diren uste batzuk deseraiki ditu, eta mitoei egiten zaizkien moldaketak belztu.

Anuntxi Arana antropologoa, aste honetan, Angelun. GUILLAUME FAUVEAU
Anuntxi Arana antropologoa, aste honetan, Angelun. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
Angelu
2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kostatu zaio elkarrizketa onartzea; ez zaizkio elkarrizketak gustatzen. Halere, onetsi du bere etxeko saloian egiten bazen. Gelan duen liburutegiari so eginez gero, fite uler daiteke zer maite duen Anuntxi Aranak (Luiaondo, Araba, 1947): mitologia, eta bereziki, euskal mitologia. Urteetan ikertu ditu Euskal Herriko mitoak, eta aztertu, baita emazteen ikuspuntu batetik ere. Mitoen inguruko mito bat hautsi du Aranak: euskal mitoak ez dira parekideak edo feministak. Mitoen inguruko transmisioaren egoera aipatu du: «Transmisio naturala edo etxean egiten zen transmisioa jada ez da egiten».

Luiaondon handitu zara, Araban. Baina, zu bizkaitar sentitzen zara...

Luiaondo Araban da, baina Bizkaian izan behar luke. Laudio eta Amurrio artean [Araba] da. Herri estu-estua da; herri lukainka da. Oroitzen naiz Nerbioi ibaian bainatzen ginela, osin batean. Zikina zen orduan, baina ez zitzaigun inporta. Uste dut horri esker immunizatu ginela. Hango eskola txikira joan nintzen, herriko eskolara.

Gazteleraz, ezta?

Bai, gazteleraz. Gogoratzen dut Cara al sol kantua kantatu genuela. Txikia nintzen; beraz, ez dut ongi oroitzen, baina badakit, bederen, behin kantatu nuela, agur faxista eginez. Nire herrian ez zen euskaraz egiten; orain ere oso gutxi. Baziren euskaldun batzuk kanpotik etorriak, baina, oro har, ez da herri euskalduna, zoritxarrez. Han nintzenean konturatzen nintzen ze injustua zen horrelako leku batean euskara galdu izana. Horren kontzientzia ukan nuen aski goiz, eta banekien euskara berreskuratu behar nuela.

Geroago, euskara bilakatu zen zure hizkuntza.

Bruselan errefuxiatu ginelarik ukan nuen euskararekiko lehen kontaktua, nik uste. Txillardegik ematen zizkigun euskara klaseak, oso gutxitan. Baina zinez euskara ikasi nuen Euskal Herrira itzuli ginelarik, behin Franco hil zela. Serioski hasi nintzen ikasten, errazagoa zen hemen ikastea. AEKn hartu nituen klaseak.

Euskara ikasi zenuenetik gaur egunera, zer diozu hizkuntzaren bilakaeraz?

Izatez aski pesimista naiz, eta euskarari buruz ez naiz batere optimista. Uste dut gaizki gabiltzala. Franco hil zelarik, izan zen euskararen loratze bat. Bazen euskararen gose izugarria. Euskara debekatua izan zen, eta, pisu hori kendu zenean, euskara loratu egin zen. Baziren euskaldun oso onak, eta euskaldun horiei eman zitzaienean euskaraz egiteko parada, gauza oso ederrak egin zituzten. Gero eta gutxiago entzuten dira euskaldun oso onak. Pena da.

Bruselatik itzuli, eta berriz hasi zenituen ikasketak.

Banituen batzuk jada eginak. Euskal Herrira itzuli nintzelarik, beste batzuk hasi nituen. Garai hartan, ez zen euskara ikasketarik Baionan, baina sortu zen elkarte bat hori bultzatu nahi zuena. Diplome universitaire de Basque deitzen zen garai hartan. Irakasle oso onak izan genituen, oso jakintsuak eta interesgarriak izan ziren denak. Diploma bukaeran lan bat egin behar nuen. Bidarraiko [Nafarroa Beherea] Harpe Sainduari buruz egin nuen: Bidarraiko Harpeko Saindua: erritu eta sineste zaharrak.

Horren ondotik tesi bat egin zenuen antropologian eta mitologian. Zergatik antropologia?

Ez dakit zergatik gustatzen den kolore bat bestea baino gehiago. Ez dakit esplikatzen. Txikitan gustatzen zitzaidan Erdi Aroa ikastea, irakurtzea. Atzeman nituen Erdi Aroko istorioak, Bretainiako istorioak, XII. mendeko Chretien de Troyes, Maria Frantziakoa... Hemengo mitologiaz ez nekien deus. Etxean ez zen ezer aipatzen. Jakin nuenean hemen ere bazirela kondairak, altxor bat zela pentsatu nuen. Liburuetatik ikasi nituen. Anitz gustatu zitzaidan. Doktoretza hasi baino lehen, beraz, lantxo hori egin nuen. Horri buruz irakurri nuen, eta horri buruz egin nuen. Grabatzaile trakets batekin joan nintzen Bidarraira. Jendeak oso ondo errezibitu ninduen. Usaian pixka bat mespretxatuak izan ziren horrelako mitoak, edo gutxietsiak. Baina ikusi zuten estimatzen nituela, eta, nire ustez, horregatik kontatzen zituzten pozik. Gehiago egin nahi nuen.

Ondotik, Jean Francois Cerquanden lanen edizioa egin zenuen. Nor zen Cerquand? Eta zer egin zuen?

Cerquand akademiako inspektore izan zen Euskal Herrian, XIX. mendean. Garai hartan fama handia zuten Grimm anaien eta horrelako folkloristen ipuinek. Eta Cerquand ohartu zen hemen ere bazirela kondairak. Orduan, errientekin lan egiten zuenez, galdegin zien ikasleen etxeetara joatea, eta bertan aitatxi, amatxi edo burasoei eskatzea ezagutzen zituzten kondairak konta zitzaten. Errientek hori egin zuten: etxeetara joan eta hango zaharrak elkarrizketatu, eta kontatutakoa idatzi, hitzez hitz. Cerquandek galdegin zien entzuten zuten bezala transkribatzea, ezer aldatu gabe. Horren ondotik, Cerquandek frantsesera itzuli zituen mitoak. Euskarazko bertsioak eranskin gisa eman zituen. Itzulpen gehienak aldatuak izan ziren, apainduak... Hori izan zen Ipar Euskal Herriko mitologia tradizioaz egin zen lehen bilduma.

Zer egin zenuen lan horiekin?

Bildumak lehengo euskaran idatziak izan ziren, lehengo ortografian eta grafian. Errienta bakoitzak bere erara idatzi zuen. Ipuin batetik bestera desberdintasun handiak badira. Nik egin dudana da euskarako arauetara moldatu: oraingo grafiara hurbildu nahi izan nuen. Ez dut ch ematen, x baizik, eta dut c ematen, z baizik... Lan hori beharrezkoa zela uste dut. Hobeto egin zitekeen, bistan da. Ez da edizio filologiko bat, jendarteratzeko lana dela erranen nuke.

Ondotik doktoretza tesia egin eta aurkeztu zenuen, 1996an: Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa. Ipar Euskal Herrian euskaraz aurkeztutako lehen tesia izan zen.

Ez nintzen bakarrik izan, Jasone Salaberriak ere euskaraz egin zuen, ber garaian.

Nola lortu zenuten?

Euskaraz pasatu ahal izateko borrokatu ginen; ez zen erraza izan. Salaberria, Agnes Dufau Ikas-eko zuzendaria eta hirurok ate joka izan ginen, Euskaltzaindira joan ginen laguntza eske, adibidez, baina tirrit. Ez gintuzten lagundu.

Garai hartako Frantziako Hezkuntza ministroak lagundu zintuzten, ezta?

Ez dakit nola eta ez dakit zergatik, François Bayrou etorri zen guregana problemarik ez zela errateko. Ez dakit zer bolada ukan zuen gizon horrek hori onartzeko. Lortu genuen. Ez da nire lorpena izan, gu hiruron lorpena baizik. Pozik ginen, oso pozik. Errebantxa izan zen; lagundu ez gintuzten guztien kontrako errebantxa.

Eta zein zen tesiaren gaia?

Tesia Orozkon [Bizkaia] egin nuen, bertakoa bainuen aitatxi. Banekien bazirela bertako sorginei buruzko kondairak, ongi gordeak gainera. Jendeak asko zekien horretaz; oraindik ere bai, baina gutxiago, galduz doa. Hastapenean jendeek ez zuten horretaz mintzatu nahi, baina, halere, egin zuten; oso polita izan zen. Zortea ukan nuen, ezagutu bainituen oraindik mitoak sinesten zituztenak.

Diozu Orozkon mitoen jakintza galtzen ari dela. Egoera orokorragoa da, ezta?

Uste dut Barandiaran bizi zelarik bazela mitoaren interesa eta zaletasuna. Nire interpretazioa zera da, garai hartakoek ez zituztela baitezpada mitoak sinesten, baina ezagutu zituztela sinesten zituztenak, amatxi edo aitatxiak. Ezagutza hurbila zuten, etxeko ezagutza. Orain, liburuen bitartez ikasten dira mitoak. Ez du ber indarra. Orduan, uste dut zaletasun gutxiago badela. Orain bada distantzia bat. Transmisio naturala edo etxean egiten zen transmisioa jada ez da egiten.

«Mitoak mitifikatuak izan dira, ez dira ondo hartuak. Kondairak diren bezala kontatu behar dira, ez edertuak, ez apainduak, ez luzatuak. Mito bati eskua sartzen badiozu edertzeko, izorratu egiten duzu»

Mitoak kontatzeko, sinetsi egin behar dira.

Mitoa kontatzen duenak mitoa sinetsi behar du, edo behintzat sinestunek kontatzen zuten bezala kontatu. Orain sinetsi gabe kontatzen dira.

Sinetsi egin behar dira, eta ez dira apaindu behar.

Euskal mitologiaz izugarrizko fantasiak egin dira. Onartzen ez duten termino bat erabiltzen dut: metamitologia. Mitoak mitifikatuak izan dira, ez dira ondo hartuak. Kondairak diren bezala kontatu behar dira, ez edertuak, ez apainduak, ez luzatuak. Mito bati eskua sartzen badiozu edertzeko, izorratu egiten duzu. Mitoetan ez dira txoriak kantuan, eta ez dira loreak pentzean. Mitoak gauza oinarrizkoetara doaz: gehienetan laburrak dira, eta gaizki bukatzen dira. Mitologiak errespetua merezi du. Gaur ere gertatzen da, Mari Domingi eta Olentzerorekin.

Zer erran nahi duzu?

Mari Domingi, berez emazte xumea, pobrea da. Kantuan esaten diote ezin duela Belenera joan gona zaharregia duelako. Eta orain, Mari Domingi irudikatzen delarik, emazte aberats baten itxura du. Bilboko Mari Domingik printzesa itxura du.

Zergatik gertatu da hori?

Nire ustez hori gertatu da gure inguruan badirelako Bizar Xuri eta Errege Magoak: distiratsuak, ederrak eta garbiak. Horrek erakusten du besteen munduan bizi garela, eta besteak bezala egin nahi dugula. Pena da.

Bada euskal mitologian feminismoaz egin den irudia ere. 

Hori ere fantasia da. Bada uste bat euskal mitologian: Euskal Herriko jendartea feminista zela. Mari deitzen duten hori nik ez dut sekula horrela deitzen, Anbotoko Dama edo Anderea deitzen dut; erraten da bera izan dela gure izaki mitiko nagusia, eta horren inguruan aparatu izugarri bat egin da. Gainera, Ipar Euskal Herrian, adibidez, Agosti Xahok zioen Basajauna zela izaki mitiko popularrena. Halere, horrek ez du erran nahi Anbotoko Mari —hau da, ekaitza sortzen duen dibinitatea— emaztea izatea hutsaren parekoa dela. Ez dut uste Europan badenik horrelako beste adibiderik. Ekaitza sortzen duten izakiak gizonak dira gehienetan, gure inguruko herrialdeetan, behintzat.

Feminista da euskal mitologia?

Ez, ez dut uste feminista denik. Hasi nintzen mitologia lantzen pentsatuz feminista edo parekidea zela. Euskal Herritik kanpo erraten da euskal mitologia ez zela sistemaren erakusle. Eta ni hortik abiatu nintzen; erakutsi nahi nuen badela sistema bat euskal mitologian. Ez dakit lortu dudanetz, baina baieztatu nuen. Aurkitu nuen gure mitologian gizonak emazteak baino gehiago agertzen direla, eta jendartearen mekanismoak bazirela. Euskal mitologia edozein mitologia bezain sistematikoa da. Badira salbuespenak, ipuin jakin batzuetan emaztea gizona baino erneago edo abilago da, baina ez da orokorra. 

Emazteen aurkako indarkeriak agertzen dira euskal mitologian?

Laminen kontra, izugarrizkoak. Ez dakit erran daitekeen laminak direla emakumeen irudikapena, baina leku batzuetan bada sekulako bortizkeria laminez gabetzeko. Eta ez bada indarkeria fisikoa, bada indarkeria morala, izugarria.

Zergatik dira garrantzitsuak mitoak?

Oso istorio ederrak dira. Bizitzari buruz ez dute erantzunik ematen, baina formulatzen dituzte. Literaturak ere egin dezake, baina mitoek ere bai. Nonbait, bizitzaren garaiak tratatzen ditu, gai ekonomikoak, existentzialak, gai erlijiosoak, eta horiekin batera problematikak badira; problema bat tratatzen duzunean edo sinbolizatzen duzunean, jadanik problema horri aurre egiten diozu. Mitoak ez du erantzunik emango, ez du errango horrek horrela izan behar duela, hori horrela egin behar dela. Baina problema planteatuko du, arazoa planteatuko du. Eta hori gauza handia da.

Zein da gehien maite duzun mitoa?

Ufa! Ez dakit. Hori da nor gehien maite duzun galdetzearen parekoa, aita ala ama. Badira oso ederrak. Hemen bada bat. Ipar Euskal Herrian, normalean, basajauna beti bortuan ibili da, beti artzainekin gurutzatzen zen. Normalean, haren beldur izugarria bada, nahiz eta ez den istoriorik Basajaunek inor jan duela kontatzen duenik. Eta bada istorio bat zeinetan basajauna txintxoa den: Antxo eta ulainak. Ezterenzubin [Nafarroa Beherea] gertatzen da. Mito horretan basajaun atipiko bat agertzen da, mutikoaren alde ari zen basajauna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.